Otsoaldasoro I zista (eu)
Otsoaldasoro | |
---|---|
Estiloa | Historiaurrekoa |
Mendea | Brontze Aroa |
Kokapena | Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa |
Mota | Zista |
Azalpena
Zista hau Otsoaldasoro parajean topa zuten (737 m). Tumulu batek babestuta dago.
Tamaina ertaina du, Gortazarrekoa baino handiagoa.
Trikuharriak zaharragoak dira, Neolito garaikoak (6.000 urte k.a.); zistak ordea, Brontze arokoak (3000-4000 urte k.a.).
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Historia
Nahiz eta Elosua-Plazentzia estazio megalitikoaren oso gertu egon, kilometro bat iparraldera, Telesforo Aranzadik, José Miguel Barandiaranek eta Enrique Egurenek ez zuten aurkitu 1921. urteko udan[1], bertako mendilerroko trikuarrien miaketa egiteko etorri zirenean.
2022.ean Capital Green Power enpresak Muskiritzun parke eolikoa egiteko baimena eskatu zuen: Karakateko parke eolikoa. Bi aerosorgailu izango zituen parke hau Kortazarreko Haitza eta Elosua-Plazentzia estazio megalitikoaren artean kokatuko zen.
Egitasmoa aurrera egiterakoan balizko aztarna arkeologikoak erabat suntsituko zituztelakoan, urte hasieran abiatu zuen Aranzadik mendigaineko ondare arkeologikoa ikertzen jarraitzeko kanpaina. Ikerketa bizkor horretan historiaurreko bi toki esanguratsu topa zituzten, gerora Gortazar eta Otsoaldasoro I zistak topa zituztenak, alegia.
Urte bereko Aste Santuan Aranzadiko kideek eta Elgoibar eta Soraluzeko hainbat boluntariok toki hauetan eta beste hiru toki gehiago industu zuten. Guztira historiaurreko lau hilobi topa zituzten, laurak zista modukoak: Gortazar, Otsoaldasoro I, Otsoaldasoro II eta Otsoaldasoro III hain zuzen.
Otsaldasoro Iean aurretik 2x2 metrotako kata egin zuten, baina aztarnategiaren garrantziaz jabetuta, hiru aldiz zabaldu izan behar zuten esparrua (4x3 lehen, 8x3 gero eta 8x4 azkenik). Emaitzek zista zela egiaztatu zuten.
Ganbarak 70 zm luze da; hiru harlauza gordetzen dira, bat zutik eta beste biak erorita. Tumuluak bertako basaltoekin egina dago, diametroa 4,5-5 metrotakoa da, eta altuera berriz 0,5 m. Harrien artean landutako suarri laska batzuk ere agertu ziren, eta igitai baten hortzak ere.
Ondoren, Aranzadik aurkitutako monumentuen gaineko inbentario zehatza osatu zuen eta ofizialki erregistratu gaur arte Plazentzia-Elosua estazio megalitikoan aurkitu diren 20 monumentuekin batera. Ondorioz, 2022.ean bertan Soraluzeko Udalak Gortazar eta Otsoaldasoro I eta II-ko zistak zein erromatar gotorlekua babestu zituen[2].
Erreferentziak
- Memoria prospección arqueológica con catas en Karakate-Iruiya (Soraluze-Elgoibar) 2022. Jesus Tapia (Aranzadi Zientzia Elkartea 2022).
- Historiaurreko bi monumentu topatu dituzte Karakatetik gertu. Egoitz Unamuno (plaentxia.eus 2022/04/20).