1765.eko izurritea (eu)
1765.eko lehen hilabeteak
Aurreko urtetako gari uztak oso eskasak izan ziren, bai Euskal Herrian zein Gaztelan. 1765. urtean Carlos III.ak gari merkatua liberalizatu zuen, eta prezioak asko igo zuten, gosea eraginez.
Soraluzen, aurreko urteak normalak izan ziren osasun aldetik: 1760 (29 hildako), 1761 (42), 1762 (41), 1763 (29) eta 1764 (33). Eta lehen zortzi hilabeteetan ere 21 hildako errejistratu ziren, nahikoa normala.
Hasiera
Irailean izurritea heldu zen Soraluzera. Jende asko gaixotu zen, eta hilabete honetan bost hildako izan ziren, 4 ume eta heldu bat.
Soraluzetarrak, kezkatuta, San Roke Txiki ekartzea erabaki zuten, irailak 29an, betiko moduan bederatziurrena egiteko:
- Eliz-batzarrari baimena eskatu eta horrek eman ondoren, hiri honetako gaixotasun gaiztoekin bukatzeko, hainbeste jende hiltzen dutenak, Gurutze Santuko ermitatik San Roke jauna ekartzea erabaki da, gaixotasunen abokatua baita, eta bera parrokiako elizan daukagunean bederatziurrena egingo zaio, gaixotasun horiekin bukatzeko.
Hilabete gogorrenak
Baina txarrena oraindik ez zen heldu. Hurrengo bi hilabetetan izurriteak gogor jo zuen Soraluze, 101 hildako eraginez. Mutil eta gizonen artean 62 izan ziren hildakoak; neska eta emakumeak, berriz, 39.
Abenduan, berriz, hildakoen kopurua asko apaldu zen, 14 besterik ez. Eta hurrengo urterako izurritea desagertua zen herritik.
Azterketa
Ez da ezagutzen zer motako izurritea zen.
Ezin izan zen izurri bubonikoaren kasua, 1598.eko izurritearen moduan, Europako azken agerpena 1720ean gertatu zelako, Marsella eta Proventzan. Akaso baztanga[1] edo nafarreria izan zitekeen, baina ez dago batere garbi. Dena dela, Soraluzen izen den izurri gogorrena eta hilgarriena izan zen.
Hildakoen arabera, gizonezkoak gehiago jotzen zituen (74 hildako) emakumezkoak baino (44). Eta batere jende gaztea era umeak jotzen zituen.
Eragina
Izurritearen eraginez, 1765 izan zen hildako gehien errejistratu zen urtea (138). Urruti geratzen dira 1795 (97 hildako), 1809 (99) eta 1864 (69).
Ramiro Larrañagaren arabera[2], 1766.ean Soraluzek 1.356 biztanle zituen. Beraz, aurreko urtean izurriteak biztanleriaren ia hamarrena hil zuen.
Heriotzek eragin ekonomiko handiak izango zituzten eta, agian honengatik, hurrengo urtean soraluzetar asko Elgoibarretik zetozen matxinoei batu zitzaien.
Erreferentziak
- Datuen Excela ekartzeko Biltegi digitalera joan.
- ↑ Baztanga edo nafarreria. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Soraluze. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993).