Auzi Orokorra (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:28, 6 azaroa 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Soraluzeko Auzi Orokorraren azala

    Espainian gorrien agintaldiari buruzko Auzi Orokorra, Ministerio Fiskalak eraikitakoa[1], Auzi Orokorra edo Causa General moduan ere ezagutua.


    Espainiako Auzi Orokorra

    Espainako gerra zibilaren (1936-1939) ostean, orduko Justizia Ministroak, Eduardo Aunos jaunak, ikerketa prozesu itzel bat bultzatu zuen 1940ko apirilaren 26ko dekretu baten bidez.

    Helburua, dekretoaren sarreraren arabera, "gorrien agintaldiaren garaian egindako ekintza kriminalak jasotzea" zen. Gerra garaiaz gain, ikertutako epeak Errepublikako urteak ere hartzen zituen; hau da, ikerketaren esparrua 1931 urtetik 1939 arte zabaltzen zen. Ez da nahastu behar 1939.ko Erantzukizun Politikoen Legeaz, errepublikazaleak zigortzeko sortutakoa.

    Auzi Orokorraren ikerketa (eta ondorioak) 1960 hamarkada bukatu arte luzatu zen: 1969 urteko lege-dekretu baten bidez Francisco Francok gerra bukatu aurreko delitu guztiak preskibatutzat eman zituen.

    Auzi Orokorraren emaitzak bi modutan erabili zituzten. Alde batetik, ikerketetan identifikatutako "errudunak" atxilotzeko eta epaitzeko, aurretik espetxeratuta edo fusilatuta ez baziren behintzat. Eta, bestetik, 1936eko altxamentu militarra zuritzeko.

    1980 urtean dokumentzio guztia bildu zuten eta Madrilgo Artxibategi Historiko Nazionalean gorde (ia 4.000 kutxa); eta 2011 urtean Salamankara eruan zuten, Memoria Historikoaren Gunera.

    Gaur egun agiri guztiak digitalizatuta daude. Kontsultak Portal de Archivos Españoles[2] (PARES) atarian egin daitezke.


    Auzi Orokorra Soraluzen

    Soraluzeko agiriak irakurtzeko, sakatu hemen.

    Beste herri gehienetan bezala, 1940 urtean Soraluzen ere Auzi Orokorrari ekin zioten. Aurrena, hildakoen zerrenda egin zuten, lau izenekin: Serafin Achótegui, Manuel Lersundi Orueta, Francisco Gárate Unceta-Barrenechea eta Agustín Arrieta Larreategui. Bi urte geroago beste bi izen gehitu zituzten, Elorrion fusilatutako José Ormazábal Albizu eta Ignacio Oyarzábal Olano (azken hau ez zen Soraluzekoa baina, behin auzia Soraluzen hasita, agiriak Soraluzeko bilduman gorde ziren).

    Hildako bakoitzarekin jarraitutako prozesua oso antzekoa izan zen. Lehena, gertuko baten lekukotasuna jaso, noiz atxilotu zuten, noiz eta zeintzuk hil zuten jakitzeko. Datu gutxi zirenean, ea beste lekukoren bat egon zitekeen.

    Gero, salatuei buruzko informazioren bila hasi ziren. Soraluze kasuan, hiru salatuetatik bi afusilatuta zeuden ordurako (José María Lete eta Manuel Múgica) eta hirugarrena desagertuta (José Vázquez).

    Kasu batean (Manuel Lersundi) gorpuari buruzko ikerketak ere egin ziren.

    Prozesuaren hasieran alkateak eta udal idazkariak parte hartu bazuten ere, gero bake-epailea eta epaitegi idazkaria arduratu ziren.

    Ondorengo ataletan Soraluzeko Auzi Orokorrean aipatzen diren soraluzetarrei buruzkoak azaltzen dira, bertan jasotzen diren moduan. Irakurketa sakonagoa egin ahal izateko, informazioa agertzen den orrialdeak ere ematen dira jatorrizko agirietan bilatzeko.


    Hildakoak

    Serafín Achótegui Urreztieta

    Sarrera nagusia: Serafin Achotegui (eu)

    Soraluzeko hildakoen lehen zerrendan agertzen da (2). Senide gertuena deitzeko eskatu zuten lekukotasuna hartzeko (5), eta Asunción Banda-ormaechea alarguna deitu zuten (6).

    Dena dela, alargunak deklaratu beharrean Ignacio Achótegui anaiak deklaratu zuen. Honek esan zuenez (8), 1936ko abuztuak 28an José María Letek eta Manolo izeneko batek preso hartu zuten Udaletxean, eta Arratera eraman. Arraten milizoano batek apuntatu zuen, eta orduko alkateak disparoa sahiestu nahi zuenean fusilak tiroa egin zuen eta Serafin zauritu. Ez omen zuten ondo zaindu eta bizirik lurperatu omen zuen. Gorpua lurpetik atera zutenean tiroen aztarnak zituen soinean, eta harri batek egindako zauria buruan.

    Deklarazio ostean, Gipuzkoako fiskalak Jose Mari Lete, Manuel Múgica eta José Vazquez bilatzeko agindua eman zuen, Serafín Achóteguiren hilketan parte hartzeagatik (15).

    Manuel Lersundi Orueta

    Soraluzeko hildakoen lehen zerrendan agertzen da (2). Senide gertuena deitzeko eskatu zuten lekukotasuna hartzeko (5), eta bere aita zen Marcelo Lersundi deitu zuten (6).

    Honek esan zuenez (9), 1936ko abuztuak 22an deitu zutela Erregetxera joateko, eta bertan egon zen atxilotuta abuztuak 27a arte. Orduan Arratera eraman zuten, eta abuztu bukaeran Getariara. Bertan erail zuten eta gorpua itxasora bota. Ez zuela gorpua ikusi 1938 urte arte, itxasotik aterata.

    Ez daki zeinek hil zuen, baina bere ustez Manuel Múgica izan zitekeela, gerra-kontseilutik pasa eta gero fusilatu zutena.

    Deklarazio ostean, Gipuzkoako fiskalak Manuel Múgica bilatzeko agindua eman zuen, Manuel Lersundiren hilketan parte hartzeagatik (24). Herritik erantzun zioten (26) Ondarretako espetxean fusilatu zutela.

    Azkenik, fiskalak bere heriotza-ziurtagiria eskatu zuen (44), Soraluzetik erantzun zioten Getarian egongo dela, gorpua handik ekarri zutelako (46), fiskalak atzera Azpeitiako epaileari eskatu zion zirutagiri hori (48), honek eskaera Getariako bake-epaileari luzatu zion (50) eta, azkenik, honek erantzun zuen Getarian ez zegoela Manuel Lersundiren heriotza erregistratuta (51).

    Francisco Gárate Unceta-Barrenechea

    Soraluzeko hildakoen lehen zerrendan agertzen da (2). Senide gertuena deitzeko eskatu zuten lekukotasuna hartzeko (5), eta Juan Gárate anaia deitu zuten (6).

    Honek esan zuenez (10), anaia Madrilen lanean ari zela, Hipodromo ondoko Carrocería Moranten, 1936ko urriak 26an preso hartu zutela. Gorpua Madrilen agertu zen, baina ez berak zuen ikusi.

    Deklarazio ostean, Bergarako epaileak Francisco Gárateren desagerpenari buruzko informazio gehiago eskatu zuen (13).

    Agustín Arrieta Larreategui

    Soraluzeko hildakoen lehen zerrendan agertzen da (2). Senide gertuena deitzeko eskatu zuten lekukotasuna hartzeko (5), eta Domingo Arrieta anaia deitu zuten (6).

    Honek esan zuenez (11), 1936eko irailak 22an Eibarko milizianoek preso hartu zuten Agustín Arrieta Karakategainean, Maltzagara eruan eta bertan fusilatu. Gorpua Eibarko kanposantuan laga zuten, eta bertan hilobiratuta dago.

    Besterik ez dakiela dio, baina sasoi haietan José Ladis Aguirrebeña, Malzaga baserrikoa, paraje haietatik zebilela eta agian zer edo zer gehiago jakingo zuela.

    Badago agiri bat (18) Agustín Arrieta eraila moduan agertzen dela baieztatzen duena.

    Domingok deklaratu ostean, Gipuzkoako fiskalak José Ladis Aguirrebeña bilatzeko agindua eman zuen, Agustín Arrietaren hiltzaileak ezagutzen zituen argitzeko (40). Jose Ladisek esan zuenez (42), egun hartan bera Kortazar haitzetan zegoela eta ez Maltzagan, hilketaz hiru egunetara enteratu zela, Kortazar haitzetatik zuzenean Arratera bidali zutela eta, beraz, ez zekiela Agustín Arrieta zeintzuk hil zuten.

    José Ormazábal Albizu

    Ez dago lehen zerrendan. Gerora, Gipuzkoako fiskaltzatik beste bi izen gehitu zituzten (19), horietako bat José Ormazabalena.

    Nafarroako lehen brigadako Ruiz de Alda izeneko soldadu-talde ibiltariaren partaideak ziren. 1936eko urriak 4an Elorrio inguruan preso hartu eta bertako kanposantuan fusilatu zituzten.

    Gainontzekoekin bezala, senide gertuena deitzeko eskatu zuten lekukotasuna hartzeko (20). Saturnino Ormazábal anaia galdekatu zuten (22), eta honek esan zuenez José bere anaia Pasaian jaio zela, Ruiz de Alda soldadu-taldekide zela Elorrio inguruan Donostiako Amilibiak gidatutako tropelek harrapatu eta fusilatu zutela. Eta harekin batera fusilatutako Ignacio Oyarzábal ez zela Soraluzekoa, Ataungoa baizik, Beasainen edo Ordizian bizi zela.

    Ignacio Oyarzábal Olano

    José Ormazábalen moduan, Nafarroako lehen brigadako Ruiz de Alda izeneko soldadu-talde ibiltariaren partaidea. 1936eko urriak 4an Elorrio inguruan preso hartu eta bertako kanposantuan fusilatu zuten.

    Gipuzkoako fiskaltzatik bidalitako eranskinan agertzen da (19), gero senide gertuena deitzeko eskatu zuten lekukotasuna hartzeko (20). José Ormazábalen Saturnino anaiak esan zuenez (22), Ignacio Oyarzábal ez zen Soraluzekoa, Goierrikoa baizik.

    Nungoa zen jakiteko eta senitarteko gertuenak bilatzeko hainbat agiri agertzen dira (27, 29, 30, 31, 32, 33, 34, 35 eta 36). Azkenean Olaberriakoa zela jakiterakoan, bere aita Arturo Oyarzábal deitu zuten, eta honek aurreko datu guztiak berretsi zituen (37). Lekukotasun hau Olabarriara bidali zuten (39).


    Salatuak

    José María Lete Larrañaga

    Sarrera nagusia: Jose Mari Lete (eu)

    Ignacio Achóteguik esandakoaren arabera (8), parte hartu zuen Serafín Achóteguiren atxiloketan. Agirian bertan esaten da José María Lete fusilatu zutela.

    Dena dela, Gipuzkoako fiskalak bilatzeko agindu zuen (15), Serafín Achóteguiren hilketarengatik. Soraluzetik erantzun zioten (17) Jose María Lete Oviedon hartu zutela preso, eta geroago Gijónen fusilatu zutela.

    José Vàzquez (el asturiano)

    Hildakoen zerrendan (2) agertzen da Serafín Achóteguiren hiltzaile moduan, eta desagertua.

    Dena dela, Gipuzkoako fiskalak bilatzeko agindu zuen (15), Serafín Achóteguiren hilketarengatik. Soraluzetik erantzun zioten (17) nazionalek Eibar hartu geroztik bere berririk ez zegoela.

    Manuel Múgica Ariznabarreta (Carol, Manolo)

    Ignacio Achóteguik esandakoaren arabera (8), parte hartu zuen Serafín Achóteguiren atxiloketan. Agirian bertan esaten da Manuel Múgica fusilatu zutela.

    Dena dela, Gipuzkoako fiskalak bilatzeko agindu zuen (15), Serafín Achóteguiren hilketarengatik. Soraluzetik erantzun zioten (17) Manuel Múgica Begoñan hartu zutela preso, eta geroago Donostian fusilatu zutela.

    Gipuzkoako fiskalak berriro bilatzeko agindu zuen (24), oraingo honetan Manuel Lersundiren hilketarengatik. Soraluzetik erantzun zioten (26) Manuel Múgica Donostiako Ondarreta espetxean fusilatu zutela.


    Lekukoak

    Bat kenduta, hildakoen senitartekoak denak:

    • Asunción Banda-Ormaechea Arrieta (6). Serafín Achóteguiren alarguna. Lekuko gisa deitu zuten, baina Serafinen anaia agertu zen, Ignacio.
    • Ignacio Achótegui Urreztieta (8). Serafín Achóteguiren anaia, Bergaran abadea. Berak deklaratu zuen Asunción koinataren ordez.
    • Marcelo Lersundi Aramberri (6 eta 9). Manuel Lersundiren aita.
    • Juan Gárate Unceta-Barrenechea (6, 10 eta 14). Francisco Gárateren anaia.
    • Domingo Arrieta Larreategui (6 eta 11). Agustín Arrietaren anaia.
    • José Ladis Aguirrebeña (11, 40 eta 42). Domingo Arrietak proposatutako lekukoa.
    • Saturnino Ormazábal Albizu (22). José Ormazábalen anaia.
    • Arturo Oyarzábal Landa (37). Ignacio Oyarzábalen aita (Olabarriakoa).


    Agintariak eta administrazioa

    Bi udal agintarik hartu zuten parte, prozesuari hasiera ematen:

    • Miguel Larrañaga (2 eta 3), alkatea.
    • Arturo Oregui (2 eta 3), udal idazkaria.

    Hortik aurrera Soraluzeko Bake-epaitegia arduratu zen prozesuaz:

    • Angel Bolumburu (6), bake-epailea.
    • Ramón Bereicua Axpe (17, 26 eta 42), bake-epailea.
    • Alejandro Jauregui (46), bake-epailea.
    • Eduardo Gallastegui Maiztegui (6, 7, 17, 26 eta 42), Bake-epaitegiko idazkaria.
    • Arsenio Maiztegui (46), Bake-epaitegiko idazkaria.


    Agiriak

    Soraluzeko agiriak irakurtzeko, sakatu hemen.

    Soraluzeko Auzi Orokorraren agiriak Salamancan gordetzen dira, Memoria Historikoaren gunean.

    Guztira 52 orrialdek osatzen dute Soraluzeko Auzi Orokorra:

    Data Edukia
    1 Agiri bildumaren azala
    2 1940/10/22 Soraluzen eraildako zerrenda (aurkia)
    3 1940/10/22 Soraluzen eraildako zerrenda (ifrentzua)
    4 1941/01/07 Ofizio-papera
    5 1941/11/14 Senitarteko gertuenak Donostiara joateko agindua
    6 1941/11/17 Donostiarako lekukoak izendatuz (aurkia)
    7 1941/11/17 Donostiarako lekukoak izendatuz (ifrentzua)
    8 1941/11/20 Ignacio Achoteguiren lekukotasuna
    9 1941/11/20 Marcelo Lersundiren lekukotasuna
    10 1941/11/20 Juan Gárateren lekukotasuna
    11 1941/11/20 Domingo Arrietaren lekukotasuna
    12 1942/01/10 Ofizio-papera
    13 1942/01/12 Francisco Gárateren desagerpena argitzeko
    14 1942/10/08 Ofizio-papera
    15 1942/10/08 José Vázquez, José María Lete eta "Manolo" bilatzeko eskatuz
    16 1942/10/09 Ofizio-papera
    17 1942/10/24 José Vázquez, José María Lete eta Manuel Múgicari buruzko informazioa
    18 1942/11/23 Agustín Arrieta eraila moduan agertzen dela
    19 1942/12/05 José Ormazábal eta Ignacio Oyarzábal eraildakoen zerrendari gehitzeko
    20 1942/12/05 Senitarteko gertuenak bilatzeko agindua
    21 1942/12/10 Ofizio-papera
    22 1943/02/12 Saturnino Ormazábalen lekukotasuna
    23 1943/02/19 Ofizio-papera
    24 1943/02/27 Manuel Múgicari buruzko informazioa eskatuz
    25 1943/03/01 Ofizio-papera
    26 1943/03/04 Manuel Múgicari buruzko informazioa
    27 1943/02/23 Ignacio Oyarzábali buruzko informazioa eskatuz
    28 1943/02/24 Ofizio-papera
    29 1943/03/01 Ignacio Oyarzábalen familia Olaberrian bizi zela (Ataun)
    30 1943/02/24 Ignacio Oyarzábali buruzko informazioa eskatuz (Beasain)
    31 1943/03/01 Ignacio Oyarzábalen familia Olaberrian bizi zela (Beasain)
    32 1943/02/24 Ignacio Oyarzábali buruzko informazioa eskatuz (Ordizia)
    33 1943/03/01 Ofizio-papera
    34 1943/03/06 Ignazio Oyarzábali buruzko informaziorik ez da (Ordizia)
    35 1943/03/06 Ignazio Oyarzábali buruzko informaziorik ez da (Ordizia)
    36 1943/02/24 Senitarteko gertuenak bilatzeko agindua (Olaberria)
    37 1943/03/27 Arturo Oyarzábalen lekukotasuna (Olaberria)
    38 1943/03/29 Ofizio-papera
    39 1943/04/13 Ofizio-papera
    40 1943/07/09 José Ladisen lekukotasuna eskatuz
    41 1943/07/10 Ofizio-papera
    42 1943/11/30 José Ladisen lekukotasuna
    43 1943/12/02 Ofizio-papera
    44 1945/01/19 Manuel Lersundiren heriotz ziurtagiria eskatuz
    45 1945/01/24 Ofizio-papera
    46 1945/02/24 Manuel Lersundiren heriotz ziurtagiria ez da Soraluzen
    47 1945/03/03 Ofizio-papera
    48 1945/03/08 Manuel Lersundiren heriotz ziurtagiria eskatuz (Getaria)
    49 1945/03/13 Ofizio-papera
    50 1945/03/10 Ofizio-papera
    51 1945/03/14 Manuel Lersundiren heriotz ziurtagiria ez da Getarian
    52 1945/03/16 Ofizio-papera


    Erreferentziak

    1. Causa general instruida por el Ministerio Fiscal sobre la dominación roja en España.
    2. Portal de Archivos Españoles. Auzi Orokorraren dokumentazioa.