Torlojugintza. Folklorea (eu)

    Sorapediatik

    XX mendeko bigarren erdialdean torlojugintza Soraluzeko ardatz ekonomikoa izanik, hainbat areasto laga du herriko folklorean.


    Placencia de los Tornillos

    Armagintzarekin gertatu zen moduan, 1960 hamarkadan ia herri guztia torlojugintza aritzen zen. Guzti horregatik, La Voz de España egunkariak agertutako artikulu batean, Iñaki Linazasorok idatzi zuen:

    Placencia de las Armas –zehatzago, Placencia de los Tornillos- Gipuzkoako herririk itsusienetakoa da, urbanismo aldetik, noski...[1]

    Oraindik ere, Soraluze aipatzeko "herri tornilleroa", "hiribildu tornilleroa" eta antzekoak erabiltzen dira.


    Allegroko danborrada

    Soraluzeko danborradan, garai batean, erregina eta ohorezko damak izaten ziren. Desfile osoaren atzekaldean joaten ziren, karroza baten gainean.

    Urtero urteko modu desberdinean atontzen zuten karroza hau. Eta 1970ko hamarkadako urte batean torloju handi batekin (metro t'erdi eta bi metro artekoa) apaindu zuten.


    Herriz herri sariak (Kontrargi 2020)
    Herriz herri sari banaketa (Kontrargi 2020)

    Kontrargiren garaikurra

    XX mendeko azken urteetatik Euskal herriko hainbat argazki elkartek lehiaketa antolatzen dute, urtero, Herriz herri izenarekin. Horietako bat Soraluzeko Kontrargi elkartea da.

    Urteko azken hilabeteetan elkarte bakoitzak argazki rallyea antolatzen du, eta bertan hartutako argazkiak epaitu. Rallye bakoitzeko puntuak batu eta gero, Euskal Herriko sailkapena egiten da.

    Dena dela, eta lehiaketa orokorraren sariez gain, herri bakoitzak bere sariak ematen ditu, bertako rallyean lortutako puntuen arabera. Soraluzen, beste sarien artean, argazkilari onenei garaikurra ematen zaie: torloju handi bana, herriko industri-tradizioaren omenez.


    Plaentxiako tornillerua

    Urteetan kontatu izan da Plaentxiako tornilleruaren istoria[2]... baina oker ulertuta!

    Behin bazen Soraluzen torlojugina, seme azkarra zuena. Donostiara bidali zuen "empresariales" ikastera, ESTEra. Eta, karrera bukatuta, lantegira ekarri zuen.

    Mutilak, lehenik eta behin, koste azterketa egin zuen: torloju bat honenbestetan saltzen bazen, berau egiteko honenbeste behar zen materialetan, honenbeste eskulanean, honenbeste makinak amortizatzeko, honenbeste... Azkenean, aitari esan zion: "Aitta! sarrerak eta urteerak aztertu ostian, torloju bakoitzeko pare bat zentimo galtzen ari gara.". Eta aitak bizkor erantzun: "Ez dotsa ardura, seme, asko eitten dogunez...".

    Eta honaino kontatu izan da istoria, Soraluzeko tornillerua tontotzat hartuz. Baina aita azkarra zen, semea baino gehiago! Aipatutako torlojuak latoizkoak ziren, dekoletajen egindakoak. Eta semeak ez zuen kontutan hartu mekanizatuetako txirbila: latoizko txirbil hau jaso eta saltzen denez, aitak torloju bakoitzeko hiru zentimo irabazten zituen!


    Erreferentziak

    1. Placencia de las Armas –para ser más exactos– Placencia de los Tornillos, es una de las villas más horrendas de Guipúzcoa –urbanísticamente conceptuada, se entiende. Placencia. Ignacio Linazasoro (La Voz de España, 196x).
    2. Esateko, Ignacio Linazasoro 1966 urtean Donostiako La Voz de España egunkarian. Artikulua irakurtzeko, sakatu hemen