Udala. Konstituzionalismoa (1845-1931) (eu)
- Udalaren bilakaera historian zehar ikusteko, Udala (eu)
Aurrekariak
Sortu zenetik (1343) Soraluzeko Udala Foru sistemaren arabera antolatu zen, beti aberatsen mesedetan. Azken epean (1766-1845), nahiz eta auto acordadoren arabera herritar arruntek ordezkaritza propioa izan, kapare milaristek zuten.
Lehen karlistadaren (1833-1840) ostean, Foruek atzera eta aurrera egin zuten (batez ere atzera). Espainian 1845ko Udal Legea onartu zenean, bete-betean harrapatu zituen Euskal Herriko Udalak.
1845ko Udal Legea
1845/01/08 egunean Espainian Udal Legea[1] onartu zuten, udalak antolatzeko.
Aurreko Udal Legeen bilakaera zen, baina Soraluzen (eta gainontzeko Euskal Herrian) ezarri zen lehena. Lege honen arabera, aldaketak sakonak izan ziren.
Lehenik eta behin, alkateek epaile ahalmenak galdu zituzten (auzitegi barrutiak sortu ziren horretarako, Bergarakoa kasu). Udalaren antolaketari dagokionez, alkatea gobernuaren ordezkaria izango zen, Udal Orokorrak (auzokide guztien bilerak, arazo larriak erabakitzeko) desagertu ziren, eta udal partaide guztiak berdinak ziren, aurreko mailak desagertuz.
Eta beste funtsezko aldaketa bat hauteslegoa izan zen, sufragio zensitarioa sortu zutelako.
Udalaren osaketa
1845/01/08ko Udal Legearen arabera, Soraluzeko udala alkateak, bi teniente-alkatek eta bederatzi errejidorek osatuko zuten[2].
Zinegotziak denak berdinak ziren, aurreko berezitasunak desagertuz (sindiko-prokuradorea, arrunten errejidoreak, arrunten sindikoa...).
Geroko beste lege baten arabera (1858/07/21), Soraluzek Udalak hamabi lagunek, alkatea barne, osatuko zuten.
Udalaren aukeraketa
Alkatea gobernuaren ordezkaria zen, Gipuzkoako Buruzagi Politikoak[3] izendatuta.
Zinegotziak herriko hautesleek aukeratzen zituzten. Eta, aurretik egiten zen bezala, hauteslegoa murriztua zen, soraluzetar guztiok ez zuten hautesle eta hautagai izateko eskubidea. Emakumeak eskubide gabe jarraitzen ziren, baina gizonentzako baldintzak aldatu ziren: 1845 aurretik hautesleak herriko kapare milaristak baziren (hau da, noblea eta etxe jabeduna), ordutik aurrera honenbesteko errenta kobratzea nahikoa zen[4].
Modu honetan erabaki-gunea aldatu egin zen: "diru zaharra" edo lur-jabeen multzotik "diru berria" edo burgesiaren aldera pasa zen.
Bilakaera (1845-1868)
Hurrengo urteetan hainbat Udal Lege ezarri ziren, baina batetik bestera bi gauza aldatzen ziren bereziki, momentuko gobernuen arabera.
Liberal moderatuek sortutako legeek hautesle izateko errenta muga altua ezartzen zuten (hautesle gutxi eta oso aberatsak), eta alkatearen izendapena gobernuaren eskutan jartzen zuten. Liberal aurrerakoiek, berriz, hautesle gehiago izateko errenta muga jaisten zuten (baina ez larregi) eta alkatearen hautaketa zinegotzien esku uzten zuten.
Aurreko sistemarekin moduan, Udala oligarkiaren menpe jarraitzen zen. Sistema foralarekin hautesleak helduen %5 eta %10rren artean bazegoen, sistema berriarekin hautesleak herriko %1a (udal lege moderatuak) edo %3a (udal lege aurrerakoiak) izaten ziren.
Etena: Seiurte Demokratikoa eta bigarren karlistada
Seiurte Demokratikoa (1868-1873)
1868ko irailean militar aurrerakoiek Isabel II Espainiatik bota zuten. Eta behin behinean Udalak aldatu zituzten, Gobernu Batzordeak izendatuz. Honekin hasi zen Espainian Seiurte Demokratikoa (1868-1874) izeneko tartea.
Urte hartako abenduan udal hauteskundeak egin ziren, berrikuntza nagusia batekin: (gizonen) sufragio unibertsala.
Sortutako Udalbatza agintean egon zen 1873ko apirila arte gutxienez; orduan Gipuzkoako gobernadore zibilak hainbat Udal berritu zituen (Eibarkoa, esateko), baina Soraluzeko berririk ez daukagu. Bitartean Espainian Errepublika ezarri zuten (1873) eta urte bereko uztailean udal hauteskunde berriak egin ziren, hauek ere sufragio unibertsala erabiliz. Udal honek egun gutxi batzuk iraun zuen, karlistak abuztuan sartu ziren Soraluzen eta.
Bigarren karlistada (1873-1876)
Espainian Amadeo I ezarri zutela eta (1871-1873), Carlos VII erregegai karlistak abagunea ikusi zuen tronoa eskuratzeko.
Gerra 1872ko apirilean hasi zen, baina orduan karlistek ez zuten arrakasta orokorrik lortu. Abenduan beste saiakera egin zuten, askoz arrakastatsua; eragina, batez ere, Euskal Herrian eta Maestrazgoan izan zuten. Hala ere, Euskal Herrian hainbat herri eta hiritan liberalak ziren nagusi: Bilbo, Donostia, Iruña, Arrasate, Bergara, Eibar, Soraluze... baina 1873eko abuztuan karlistak Deba bailara osoaz jabetu ziren.
Soraluzen sartu zirenean, karlistek behin behineko udala jarri zuten, bere gustokoa. Batzorde honek agindu zuen herrian karlistak erretiratu arte, 1876ko urtarrilan hain zuzen.
Errestaurazioa (1876-1931)=
1877ko Udal Legea
Seiurteko Demokratikoaren ostean, Espainian moderatuek hartu zuten boterea. 1877an Udal Lege berria ezarri zuten, aurrekoen antzekoa.
Bi urtetan behin hauteskundeak izaten ziren, udalaren erdia berritzeko. Hautesleak 25 urtetik gorako gizonak ziren, zergadunak. Eta, Soraluzek 6000 biztanle ez zituenez, alkatea zinegotziek aukeratzen zuten.
XX mendea
XIX mende bukaeran puri purian zegoen eskabidea sufragio unibertsala zen. Hiru aldiz erabili izan zen: Jose I garaietan (1808-1814), Hirurteko Liberalean (1820-1823) eta Seiurteko Demokratikoan (1868-1874). Azkenean. 1890 urtean Espainian sufragio unibertsala onartu zen, baina 1907 urte arte ez zuten martxan jarri. Beti gizonentzat, hori bai.
Soraluzeri dagokionez, XX mende hasieran bi barrutietan antolatu zuten herria, bakoitzak bost zinegotzi aukeratzen zituela[5].
Errestaurazioaren azken hauteskundeak 1931ko apirilak 12an egin ziren, Errepublikari paso emango zienak.
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Alkateak (eta beste kargu batzuk)
Urtea Postua Izena 1846 Alkatea Ambrosio Maria de Aldasoro 1860 Alkatea José Ignacio de Ybarra Yribe Campos 1863 Alkatea Martin de Azcárate Gaztelu 1865 Alkatea Martin de Azcárate Gaztelu 1866 Alkatea Martin de Azcárate Gaztelu Alkatea Saturnino Astiazarán Ciarán 1895 Alkatea Francisco Larrañaga 1903 Alkatea José Mendiola 1904 Alkatea Bruno Maiztegui 1904 Sindikoa Pedro Oregui 1915 Alkatea Ambrosio Orueta Unamuno 1915 Sindikoa Pantaleón Oregui 1915 Zinegotzia José Arizaga 1915 Zinegotzia José Sesma 1915 Zinegotzia José María Lascurain 1916 Zinegotzia José Leturiondo 1916 Alkatea Bruno Maiztegui 1917 Zinegotzia Bruno Maiztegui 1918 Zinegotzia Miguel Galarraga 1919 Zinegotzia Trinidad Placencia Alkatea Ignacio Aranguren Alquibar
Erreferentziak
- ↑ Ley Municipal del 8 de enero de 19845.
- ↑ Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipuzcoa. Pablo Gorosabel (Tolosa 1862).
- ↑ Orduko gobernadore zibila edo gobernuaren ordezkaria.
- ↑ Sufragio censitario.
- ↑ 1917 urtean 507 hautesle ziren (Geografía de Guipúzcoa, Serapio Múgica).