Bilakaera urbanistikoa. Hiri gutuna (eu)
Adi! Artikulu hau oraindik osatu barik dago. Osatzeko informazioa edo materiala baldin badaukazu, animatu eta aurrera!
- Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)
Hiri gutuna
1.343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Guvantesen hiztegian 1802 urtean jasotzen denez:
- Hiribildu hau Gaztelako errege Alonso XI jaunaren aginduz 1337an sortu zen, Soralucen bizi ziren Markinako gizonek, garai hartan bailarako izena, eta Herlaibia-ko tokian bizi zirenek herri hau sortzeko, Placencia izendatuz, eta hesitzeko eta eliza bertan egiteko: Logroñoko forua eman zien biztanleei, eta herriari behar zituen mugak. Eta hau dena Algeciraseko errealean 1281 aroan, 1343 urteko urriak 15ean emandako pribilegioz, Gipuzkoan merino nagusia Beltran Velez de Guevara zela, probintziako jendeez errege zerbitzuan zela aipatutako plazaren setioan.
Kokapena
Herri berria aurreko Soraluzeren tokian bertan egin zuten, ibiaren ondoan.
Kaleak
Orduko herri askoren moduan, hiribildu sortu berriari lauki forma eman zioten, alde luzea ipar-hegoalde norabidean zeukala.
Tartean bi kale besterik ez zituen, erdian gurutzatzen zirela. Kale laburra ibitik Azkoitiarako bideari zegokion, ekialdetik mendebaldera: goiko zatia gaur eguneko Udaletxeko aldapari zegokion, eta behekoa Abadetxe ondoko aldapari, ibaira jaisten dena.
Kale luzea, berriz, hegoaldetik iparralderutz zihoan. Hau ere bi zatitan banatzen zen, Kalegoen eta Kalebarren. Azken hau itsasalderako bidearekin bat egiten zuen.
Etxeak
Bi kaleak hiribilduaren erdi-erdian gurutzatzatzen ziren, etxe multzoa lau bloketan banatzen.
Garaiko ordenantzak agintzen zutenez, etxeak estuak eta luzeak ziren. Zabalera arautua 6 kanakoa zen[1]; hau da, bost bat metrotakoa. Mendialdekoek beheko eta lehen solairua zituzten, eta ganbara. Errekaldekoek, berriz, sotoa, behe solairua eta ganbara.
Alboko hormak harrizkoak ziren, eta kaleko etxaurreko beheko aldea ere harrizkoa, bertan atea eta lehio bat izaten zutela. Gainontzekoa egurra eta adreiluak.
Alfontso XI erregeak Juan Pérez de Loyola eta Gil López de Oñaz-en beste anai bati (anaiak, nahiz eta abizen desberdinak izan!) lur sailak eman zizkion hiribilduaren barruan, eta honek Loiola etxea sortu zuen.
Orduko eliza, Soraluzeko monastegia alegia, lauki honetatik kanpo geratzen zen. Aurrean espazio publiko zabal bakarra zegoen, oso aldapatsua.
Harresiak eta ateak
Lau ate zeuden, baina hiru bakarrik aipatzen dira agiri zaharretan: Kalegoenekoa (Ormaetxea jauregiaren parean), Kalebarrenekoa (Kalebarren 7/9 zenbakien artean) eta Zubiko atea, ibaiaren gainean.
Erreferentziak
- ↑ Gutxi gorabehera, kana batek 84 bat zm. zituen.