Tubalismoa Soraluzen (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:44, 7 urria 2024
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Tubalismoaren arabera, euskara izan zen munduko lehen hizkuntza, Jaungoikoak Adan eta Ebari paradisuan irakatsia. Babel Dorrearen nahasmenaren ostean, Noeren biloba zen Tubal Euskal Herrira etorri omen zen, berarekin hizkuntza hura ekarriz. Euskaldunak Tubalen ondorengoak omen gara, eta euskara paradisuko hizkuntza.


    Tubal forjaria (Musée de Cluny)

    Tubal

    Tubal[1] (Tubal-cain moduan ere ezagutua), Genesis edo Hasiera liburuaren arabera, Jafeten semea eta Noeren biloba izan zen:

    Hauek dira Sem, Kam eta jafeten, Noeren semeen, ondorengoak, uholde ostean izan zituztenak.
    Jafeten semeak Gomer, Magog, Madai, Jaban, Tubal, Mexek eta Tiras izan ziren.
    (Genesis edo Hasiera 10, 1-2)

    Tubal historiako lehen errementaria izan omen zen, sua etxekotu zuena eta forjarien aita. Ingudea joz, mailuen erritmo kadentziatsuaz, musika ere sortu omen zuen. Ondoren, lodiera desberdineko zazpi kanpai egin zituen, eta horiekin, zinbaloz joz, gure eskala musikala sortu zuen.


    Tubalismoa[2]

    Sustraiak

    Flavio Josefo judu historialariak Tubalek tiberiarrek sortu zituen, egun iberiarrak izena dutenak. Kaukaso Iberiari buruz ari bazen ere, ondorengo batzuk aurki nahastu zituzten Kaukaso Iberia eta Europako beste muturreko Iberia (Hispania, alegia): Jeronimo Estridongoa, Nennius galestarra eta Isidoro Sibiliakoa, esate baterako.

    Sibiliako Isidoro

    Bisigodoen garaian (VII. mendean) Hispanian bazen jatorrizko iberiar garaituak eta bisigodo garaileak batzeko premia. Zeregin honetan laguntzeko, Sevillako Isidorok zera azpimarratu zuen, bi herriak bi anaien leinutik zetozela, erromatarrak Tubalengandik eta bisigodoak Magogengandik.

    Beste batzuen arabera, Tubal eta bere familia Hispaniara heltzerakoan hainbat hiri sortu zituzten: Tarraho (gaur eguneko Tarragona), Amposta… Eta Tubalen semeak, Iber izenekoa, bertako ibaiari izena eman zion (gaur egun Ebro ibaia). Tubal Iberiako erregea izan omen zen, eta ondoren Iber bere semea.

    Euskal tubalismoa

    Euskal Herrian tubalismoak bere mitologia propioa sortu zuen. Tubal Euskal Herrira iparraldetik sartu zen, Baiona sortu eta, Pirineoak zeharkatuz, hegoaldera jo zuen eta Tafalla sortu.

    Tubal euskaldunen arbasoa izan omen zen, eta Agosti Xahok Aitorren elezaharra asmatu zuenean, TUbalen oinordekoa zela esan zuen.

    Tubal jatetxea. Atxen eta Nicolas

    Ximenez Arradakoa izan zen lehena Tubal Euskal Herriarekin lotzen (XIII. mendea), baina Esteban Garibai arrasatearrak ideia hau ederki auspotu zuen (XVI. mendea).

    Hurrengo hiru mendeetan hainbat euskaldunek tubalismoa defendatu eta garatu zuten: Arnaud Oihenart, Andres de Poza, Lope Gartzea Salazar, Juan Martinez Zaldibiakoa, Manuel Larramendi, Juan de Perocheguy, Pablo Pedro Astarloa, Juan Bautista de Erro, Dominique Lahetjuzan, Agosti Xaho…

    XIX. mendean tubalismoak indarra galdu zuen, eta mende bukaerako ia desagertuta zegoen. Azken euskal tubalista XX. mendekoa izan zen, Jose Gaspar Oregi soraluzetarra.

    Tafallako Tubal

    Tafallako jatetxerik ospetsuena Tubal[3] dauka izena.

    Batez ere berdura eta menestratan famatua da. 1975tik Atxen, sortzailearen alaba, jatetxeaz arduratu izan da. Sukaldean, berriz, Nicolas Ramirez semea.

    Izena Tafallaren sortzaile mitikoarengatik datorkio: Tubal.


    Tubalismoa Soraluzen

    Tubalismoa Euskal Herri osora zabaldu bazen ere, Soraluzek baditu lotura bereziak.

    Juan de Perocheguy

    Juan de Perocheguy Soraluzeko Erret Lantegien zuzendaria izan zen XVIII. mendean.

    Honetaz gain, tubalista sutsua izan zen. Bi liburu idatzi zituen euskararen jatorria azaltzeko: Origen y antigüedad de la lengua bascongada y de la Nobleza de Cantabria (1731, 1738) eta Origen de la nación bascongada, y de su lengua (1760).

    Florencio Joseph de Lamot

    Florencio Joseph de Lamot ere tubalista zen. Bere Mapa Topographica de Plasencia ospetsuan zera jasotzen du:

    ...Provincia de Guipúzcoa... y se conserva en ella su lengua primitiva de Tubal.

    Jose Gaspar Oregi

    Jose Gaspar Oregi abade soraluzetarra, euskara irakasle eta euskaltegien sortzailea izateaz gain, azken euskal tubalista izan zen.

    XX. mende hasieran bi liburu mardul idatzi zituen, biak ala biak euskara Tubalek ekarri zuela demostratzeko. Eta hizkuntza hori Noeren familiarena zenez, Uholde Unibertsala baino zaharragoa zen, munduko jatorrizko hizkuntza. Beste modu batean esana, Jaungoikoak Adan eta Ebari irakatsi zien hizkuntza, paradisuko hizkuntza: ¡Gloriosísimo descubrimiento, reconocimiento y demostración de la lengua paradisíaca en el vascuence! (1910) eta A Roma a los pies pontificios de Benedicto XV (1916).


    Erreferentziak

    1. Tubal. Wikipedia (euskaraz).
    2. Tubalismo. Wikipedia (euskaraz).
    3. Restaurante Tubal]. Site ofiziala (gazteleraz).