Francisco Iturriaga (eu)

    Sorapediatik
    (Otxabo (eu)(e)tik birzuzenduta)
    Francisco Iturriaga Unamuno Otxabo
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Soraluze, 1839/08/23
    Hil Madril, 1878/09/13
    Profila Partida burua, lapurra


    Francisco Iturriaga Otxabo bigarren karlistadako gerrilaria izan zen, Astigarraga eta Hernani inguruan aritu zen partida[1] karlista baten burua.

    Mikelete sarjentua postua lagata, 1874.eko maiatzean partida osatu zuen eta gogor aritu zen hurrengo hilabeteetan, 1875.eko otsailean besoan zauritu zuten arte.

    Orduan atzeguardiara pasa izan behar zuen eta 1876.ean, gerra galduta, Frantziara erbesteratu zen. Hurrengo urtean Madrila aurrera eta atzera ibili omen zen, gobernu liberala eta karlisten artean bitartekari lanetan.

    Azkenean, indultua lortuta, Madrila pasa zen bizi izatera. Handik gutxira, atrako batean hil egin zuten.


    Iturriak

    Francisco Iturriaga Otxabok ez zuen testigantza zuzenik laga. Eta heldu zaizkigun berri gehienak orduko prentsa liberalean agertutakoak dira eta, beraz, ez aldekoak. Prentsa karlistan, berriz, ez zuten ia aipatu.

    Beren soldaduengatik ere lekukotasun gutxi jaso da. Gutxi, baina esanguratsuak: Gizon gaiztoa zan[2].

    Erabilitako iturriak ikusteko, sakatu hemen.


    Ospe handiko buruzagia, Santa Kruzek adina

    Madrilgo prentsa liberalaren arabera, Santa Kruz apaizaren parekoa zen:

    …nahiz eta Santa Kruzek eta Otxabok aurreko gerretan egindako krudelkerien aurrean inolako karlistek ez den inoiz zorabiatu[3].

    Karlisten kontrako bertsolariek ere biak lotzen zituzten. 1874. urteko abuztuan, Otxaboren partida sortu eta hilabetetara, Serafín Barojak "Karlistaren panparroikeria" bertsoak argitaratu zituen[4]. Laugarren bertsoak halaxe dio (bertsoa entzuteko, sakatu hemen):

    Zazpi sakristau, amabi alper,
    ogei basarritar babo,
    Jauregi buru, Santa Kruz gero,
    azkenik berriz Otxabo,
    erlijiyua aitatu ezkero
    basarritarrak akabo!

    Serafin Barojaren semeak, Pío Barojak, aitaren ipuinak gogoratzen zituen:

    Donostiaren inguruan ari zen Otxabo buruzagiaren istorioak gogoratzen ditut, nire aitari entzundakoak...[5]


    Felipe V.ak jaulkitako otxaboa (Segovia 1744)

    Gerra aurreko urteak

    Familia

    Melchor Francisco Yturriaga Unamuno Soraluzen jaio zen, 1839. urtean, lehen karlistada bukatzen ari zela. Gurasoak Ramon Yturriaga Legarizti eta Maria Bauptista Unamuno Unamuno izan zituen. Familiaren ezizena Otxabo zen[6].

    Zazpi anai-arrebatan zaharrena izan zen: Melchor Francisco (1839), Jose Sebastian (1841), Jesusa (1844), Josefa Antonia (1846), Antonio Agustin (1849), Juan Jose (1851) eta Manuela Eusebia (1854).

    Mikelete

    Bizimodua ateratzeko, Francisco Iturriaga Mikelete sartu zen (1857 eta 1864 artean). Ezkongabea zen, eta ostean ere ez zen ezkondu (Mikeleteen Arautegiak mikelete ezkonduak debekatzen zituen eta!).

    Urteek egin aurrera sarjentua izatera heldu zen. Donostialdean omen zegoen destinatuta, eta han harrapatu zuen bigarren karlistadak.

    Josefa Antonia arrebaren galbidea

    Oso gazte zela, Josefa Antonia Iturriaga Gasteizen hasi zen neskame, Ambrosio Serrano eta Josefa Lauzuricaren etxean hain zuzen, Alamedako markesaren jauregia (gaur egun Errementari kalea, 27).

    Ambrosio Serrano udal langilea zen, liberal porrokatua. Lehen karlistadan boluntarioa izan zen eta 1834.eko martxoan, karlistek Gasteiz hartzen saiatu zirenean, Milizia Nazionalen lehen konpaniak Gaztelako atea berreskuratu zuen, Manuel de Ciorraga kapitaina buru zela. Tartean Ambrosio Serrano zen, hirugarren konpainiako kabo primeroa, eta Isabel II.aren gurutzearekin saritu zuten. Urte bereko abuztuan, Isabel II.aren aldeko manifestua aldarrikatu zutela Gasteizen, kabo primeroen izenean Ambrosio Serrano berak sinatu zuen[7].

    Ambrosio Manuel Serrano Sarasibar (1811 ggb.) eta Josefa Ylaria Lauzurica Castillo (1813) Gazteizen bertan ezkondu ziren (1838) eta sei seme-alaba izan zituzten. Horietatik azken bostak bizi ziren etxean 1862. urtean.

    Urte horretan bularreko urrezko orratza, harri urdinezko belarritakoak eta estanbreko mangitoak falta ziren etxean. Senar-emazteek Josefa Antonia salatu zuten, hamasei urtekoa artean. Epaileak erruduna bilatu zuen, eta hiru hilabeteko espetxe nagusia ezarri zion, duro bateko isunaz gain[8].

    Espetxetik irtenda, Josefa Antonia Soraluzera itzuli zen. Eta bi urte geroago hil zen, hamazortzi urtekin (1864/08/12).

    Bigarren karlistadan Manuel Serrano boluntario agertu zen berriro ere, Ángel eta Dionisio semeekin batera, Askatasun batailoian edota Milizia Nazionalean[9].

    Arrebaren espetxeak eta heriotzak, liberal baten "erruz" jazotakoak, ez zuten lagunduko Francisco liberalak begi onez ikusteko.


    Astigarragako partida berria (1874)

    Bigarren karlistadaren hasiera

    1868. urtean Isabel iI.a bota zutenetik, Espainiako erresuma pilpilean zegoen: erregezaleak, karlistak, errepublikarrak, federalistak, kantonalistak... denetik zegoen, eta ematen zuen dena zela posible.

    Mugimendu iraultzale hartan, asko eta asko beldur ziren; Borboiak bota berriak, karlistengana hurreratu ziren. Ondorioz, 1869.ko hauteskundeetan karlistek diputatu asko lortu zituzten, eta botoemaile gehiago irabazi nahian "tradizionalista" hitza erabiltzen hasi ziren.

    Bide baketsua motela iritzi zitzaien, eta espainiarrek erregea, ordena eta bakea babestuko zutelakoan, 1872. urtean karlistak armetan altzatu (1872/04/21) eta Carlos VII.a erregegaia Espainian sartu zen, baina Orokietako guda galdu eta gero Frantziara itzuli zen atzera.

    Uda hartan Amorebietan sinatu zuten bake akordioa (1872/05/24), baina ezta karlistek ezta gobernu liberalak ez zuten onartu, eta gerra ez zen amaitu.

    1873.eko uztailak 16an Carlos VII.ak Zugarramurdiko muga zeharkatu zuen, bigarren karlistadari indarra emanez.

    Otxaboren ihesa

    Gerra hasi zenean Gipuzkoako Aldundiak arazoak aurrikusi zituen, eta mikelete kopurua 160tik 600era igo zuen. Nahikoak ez zirelakoan, bolondres liberalak ere errekrutatu zituen, Mikelete Bolondresen Batailoia[10] osatuz. Guztira 720 lagun, horietatik 400 bat mikelete.

    Baina mikelete guztiak ez ziren liberalzaleak, eta ez ziren gutxi karlisten lerroetara pasatakoak. Horietako bat Francisco Iturriaga Otxabo, 1874.eko apirilan karlisten artean agertu zena.

    Hala ere, badaiteke mikeleteak uzteko arrazoi guztiak politiko edo ideologikoak ez izatea. Ziotenez, mikeleteei soldatak ordaintzeko dirua jokoan galdu omen zuen, eta ihes egitea erabaki zuen. Berarekin ibilitako Tomàs Lizarralderen arabera: Partidakoa. Gizon gaiztoa zan. Plazentzitarra. Mikelete izandakua. Mikeleteen diruakin iges egin ta etorri zan gure artera[11].

    Mikeleteekin ari zela sarjento maila bazuen, karlistekin elkartuta kapitaina izendatu eta partida baten buruan jarri zuten.

    Lehen ekintza

    Apirilak 17an, goizeko ordu batean, Donostiako Manuel Arzac jaunarena zen Banderas izeneko landetxe aurrean aurkeztu zen Iturriaga buruzagia, Otxabo ezizenez, 40 gizon lagunduta. Neskameak behartu zituen ateak zabaltzeko eta arropa zuriko bi faldel hartu zituen, 4.000 bat erreal balio zutela gutxi gorabehera, gudamutileei morralak eta alkandorak egin behar zielakoan[12].

    Egunkari batek buruzagi karlista berriaren agerpena umorez agurtu zuen: Otxabo izena izan eta lehen ekintzan 4.000 erreal lapurtu, ezaguna da txanponak larregi gustokoak dituela[13].

    Hurrengo astetan, Donostiako Antonio Pinazo epaileak eginbideak zabaldu zituen, eta Otxabo zein partidakoak epaitegian aurkezteko deitu zituen[14]. Manuel Arzac jaunaren arropa zuria lapurtzeaz gain, Jose Gabarrain jaunari 80 pezeta eta 16 pare alpargata ere lapurtu zizkiotela salatu zuen.

    Urtebete geroago, 1875.eko abuztuan, ekintza honengatik eta matxinatzeagatik epaitu eta garrotez hiltzera zigortu zuten.


    Otxaboren partidaren ekintzak (1874)

    Francisco Iturriagak bere partida zuzendu zuen hurrengo urtarrila arte, besoan zauritu zuten arte, alegia.

    1874. urteko hilabete hauetan denetik egin zuten: disparoak, borrokak, lapurretak, zigorrak, eskarmentuak...

    Partidaren bizimodua

    Partidaren bizimodua ezagutzeko, Altzako Laureanoren testigantza daukagu[15]:

    Ni Otxaboren partidan ibilli nitzan. Otxabo, mikeleteetan sarjento izanda, konpañiko diruak jokuan galdu ta guregana etorria zan. Kapitan egin zuten.
    Guk prakak ta txapela gorriak, mikeleteak bezela. Kapatxoa ez izatea. Beste karlistak ez zuten bada praka gorririk. Ez; guk bakarrik.
    Oiartzungo parean eritu niñuten. Lepo ondotik bala sartuta ta saiatsetik írten.
    Zenbat ziñaten partidan?
    40-ren bat.
    Nun lo egiten zenuten?
    Ez genun toki jakiñik. Batzutan Santiyon. Baita eliz barrenen ere. Besteetan basarrietan.
    Zertan aritzen zíñaten?
    Ibílli; batzuetan gabez, bai egunez ere. Ergobitik Errenterí gañera, Loiola, Mirakruz ta... Errekonozímentuak egin. Zubí ondoetan goardiak (paisanoak) ipíñi. Gabeko bat-batekorík egin ez zitzaten mikeleteak. Al bazan, prisionero bat edo beste egin ta...
    Santiagomendiko ermita

    Guda ekintzak

    1874.eko apirilak 26an, eguna argitu baino lehen, partidako batzuk Donostiako Atotxa pasealekuko etxe batean ezkutatu ziren. Goizeko zazpiretan bi boluntario liberal pasa ziren bertatik, beren etxerako bidean, baina zer edozer susmatuta atzera egin zuten. Otxabonekoek tiroak bota zizkieten, inor zauritu barik. Gotorlekuetatik erantzun zieten eta segiduan konpainia arina irten zen, Arcelus burua zutela. Mendi batzuk korritu ostean Otxaboren partidako 50 bat gizon topa zituzten eta ihesean jarri, haietako batzuk Urumea ondo bizkor zeharkatu zutela[16].

    Ekainak 2an, arratsaldeko zazpiretan eta eguneko borrokak bukatu berriak, Otxabo eta bere gizonak Loiolatik abiatu ziren etw harrizko zubitik eta Aldapa azpitik pasata Alonso Martínez-en kotxetegiraino joan ziren. Bertatik, Gurutze Gorriko kotxeak zetozen unean, Kursaal aurrean zeuden emakume eta ume guztien kontra deskarga jo zuten batera. Jaurtigaiek inor ez zuten zauritu: umeak besotan zituzten bi aña, balkoian zegoen anderea, jolasean ari zen mutiko taldea... oso gertu ibili zitzaien balak, baina kalterik sortu gabe[17]. Luzearen partida Ametzagainetik zetorren, Aldapa gainetik, eta elkartu zirenean bakoitzak bere bidetik itzuli zen. Hurrengo egunean Loiola inguruan ibili omen ziren.[18]

    Donostia Santiagomenditik

    Hurrengo egunotan Otxaboren partida eta karlisten bi konpainia Astigarragako bentaren inguruan zeuden[19]. Eta egunkari liberal batek bizkarrean zauritu zutela ere zabaldu zuen[20].

    Beste ekintza bat Amusko-Etxeberrikoa izan zen. Jose Antonio Eleizaranek, Tolosako Laskoain-Etxeberrikoak, halaxe kontatzen zuen[21]:

    Amusko-Etxeberri Orio aurrez-aurrez dago.
    Aizu: azpeitiarrak Amusko-Etxeberrira jundakoan, zeñek egin zien su?
    Otxaboren partidakoak. Gero, orratik, gogorkiro egon ziran Amuskon. Bi etxe dira: Urkiti ta Amusko-Etxeberri. Biyak gudetxe egiñik zeuden. «Ez ote dizkiagu etxe oietatik botako?». Guk, lenengokoak, Urkiti artu bear genula; ta bigarrengoak, Amusko. Gau erdiya izango zan. Enparan, sarritan erlejoari begira.
    Noizbait ere esan zigun: "Goazemak".
    Ixil-ixilik, Urkitira. Ara illunpean gijoazela, esan ziguten: "Ez gero bizirik iñor ekarri".
    Etxe inguruko lubakira jetxi, etxera iyo. Batere uste ez zutela sartu giñan. Barruan zeudenak jo bat eta jo bestea ari giñan. Izuturik zeuden. Gixagaxo asko igesi jun ziran Amuskora.
    Bigarrengoak ez ziran, bear bezela, gurekin batean iyo. Gu Urkitin burrukan giñala, aiek beko zelaiean pormatzen.
    Guk, Urkitiko bazterrak menderatutakoan, Amuskora abiatu giñan. Bidean soldadu zarrak erorita billatu genitun. Gure "santo y seña" eman ta erantzuten ez bait zuten-ta, baionetaz jo egiten genien.
    Gu Amuskora ordurako, barrengoak ernai zeuden gure zai.
    Ala ere, atea jo ta bota gendun. Sartu nai izan zuten karlista guztiak bota zizkiguten. Antxe, atean bertan, bata bestearen gañean, pillan geratu ziran. Ezin sartu giñala ta atzera berriz.

    Astigarragako goarnizioa txandatzerakoan karlistek erasoa jo zieten eta, egunkari liberalen arabera, sei hildako eta bost zauritu izan omen zituzten. Ordutik Otxabo desagertu omen zen: granada zati batek zaurituta, besoa moztu omen zioten[22]. Bi aste geroago Otxabo ez zen oraindik agertu[23], baina irailaren bukaeran Santiagomendiko Artola baserrian, Astigarragako bikarioa izandako Chopered jaunarekin batera[24]. Baina hiru egun geroago hiltzat eman zuten[25]

    Azaroan berriro aldatu zuten Astigarragako goarnizioa, Errenteriako soldaduekin kasu honetan. Tiroketa trinkoa jazo zen soldaduen eta Otxabo buruzagiaren gizonen artean. Azken hauek berrogetamar edo hirurogei izango ziren, besterik ez, baina asmatu zuten errepublikarrak eusten, eta baja batzuk egin ere, nahiz eta fusil eta kainoi tiroak jaso[26].

    Urriak 26an Otxaboren partidako bi lagun aurkeztu ziren Alkolean, bata Loiolakoa eta Altzakoa bigarrena. Errenterian ere partida bereko beste hiru lagun aurkeztu ziren[27].

    Azaroak 19an Otxaboren partidako batzuk Loiolako tunelaren bestekaldean agertu ziren[28].

    Irungo San Martzialen, karlistek beren bateriak ezarri zituzten toki berean, mikeleteak ganorazko gotorlekua eraikitzen hasi ziren. Otxabo buruzagiari agindu zioten gotorlekua erasotzeko eta beraz jabetzeko. Azaroak 24an saiatu zen, baina Irungo agintariak jakinaren gainean zeudenez, harrera beroa prestatu zieten. Mikelete batzuk, lanabesak beharrean armak hartu zituzten, baina beti langileen papelada eginez; eta Murtziako errejimenduko konpainia bat bidean ezkutatu zen. Karlistak gerturatu zirenean, baioneta eskutan, erasoa jo zuten garrasika; mikeleteek behin eta berriz disparatu zieten, eta karlistek atzera egin zuten "Traizioa!" oihukatzen; eta atzerako bidean bi desarra jaso zituzten, ezkutatutako konpainiaren aurretik pasatzerakoan. Orduan ihesari ekin zioten, triskantza galanta jasoz[29].

    Santiagomendi. Karlistak erasoan (J. Passos 1902)

    Irunen inguruan ere, karlistak San Markos eta Txoritokietako gotorlekuak erasotzen ari ziren. Liberalek saiatu ziren erasotzaileak inguratzen, Zabalbide eta Santiagomenditik gerturatzen. Baina ez zuten lortu, besteak beste Santiagomendin Francisco Iturriaga Otxabok ez zielako pasatzen laga[30].

    Urtarrilak 22eko gauez izan ziren borrokak, kainoikadak eta deskargak besterik ez. Karlistak Ategorrietatik heldu eta tiroka hasi ziren. Goizeko ordubietan beste batzuk hurbildu ziren Ondarretatik, eta portuan ziren bi bapore tirokatzen aritu ziren, Santanderrerako kablea bota behar zutenak[31].

    Urtarrilak 31ean Otxaboren taldeak Pio Iribarren sarjentua eta Jose Arsuaga boluntarioa hil zituen Hernanitik Astiagarragako bidean. Zauritu ostean, baionetaz akatu omen zituzten. Ordu berean Antonio Echeverria ere zauritu zuten urdailean, baina lagunek lortu zuten jasotzea; hala ere, zauria oso larri izanda bizirik ateratzeko esperantza gutxi zeukan. Toki berean Otxabori agure bat kendu zioten eskuetatik: bi boluntariok disparatzen zuten bitartean hirugarrenak jaso zuen heriotzatik salbatuz[32].

    Eskarmentuak

    Maiz karlisteekin bat egiten ez zutenei eskarmentuak ematen zizkieten.

    Ekainak 21ean sei lagun atxilotu zituzten Donostiatik Hernanirako bidea, eta Andoainera eraman. Atxilotuak herrian sartzerakoan, bertako andreek iraindu zituzten eta hiltzeko eskatu ere. Handik egunetara bi lagun askatu zituzten, zibilak bIak, baina beste laurak, bi soldadu eta bi mobilizatu, preso mantendu zituzten.[33].

    Abuztuak 2an gazte bat bahitu eta ederki jipoitu zuten, beraiekin etortzea nahi ez zuelako, nahiz eta ordurako beren bi anaia gudaroste karlistan egon. Ostean, liberalek gaztea jaso zuten eta Donostiara ekarri artatzeko. Ondorioz, Loma jeneralak inguruko 12 baserritar aberatsenak atxilotzeko agindu zuen eta 1.000 erreal ordainarazi, jipoitua eta aurretik jipoitutako beste bi gazte laguntzeko[34].

    1875. urteko urtarrilean Otxabok Astigarraga inguruko baserritarrei etxetik alde egiteko agindu zien, Astigarragako goarnizioa laguntzen ari zirelakoan[35]. Hilabete berean Otxaboren mutilek bi soldadu liberal hartu zituzten preso Donostiaren inguruan; karlistekin bat egitera bultzatu zituzten, baina batek ez zuen nahi izan, eta hil omen zuten[36].

    Urtarrilan ere, stigarragan geratzen zen azken liberalak alde egin zuen eta bertako gotorlekuan babestu zen, karlisten alde ez borrokatzearren. Otxabok etxetik aterarazi zituen emaztea eta bi alaba, eta makila-salda ederra eman zien. Gainera, hilko zituela mehatxatu zituen, beraien aita eta neba karlisten aurrean aurkezten ez baziren[37].

    Santa Kruz abadearen partida, Otxaborenaren antzekoa

    Otxabo eta emakumeak

    Mikelete izanik, Francisco Iturriaga ezin zen ezkondu: orduko arauregiaren arabera, ezkontzerakoan mikeleteak lana laga behar zuten, derrigor.

    Ezkongabea zen, beraz, eta partida buruzagia izan zen denboran ez zuen emakumeenganako inolako begirunerik erakutsi.

    Partidakoa zen Tomás Lizarralderen esanetan: "Gizon gaiztoa zan… Donostiko inguruetan, plazara zijoazten ziran neskatxari...". Gehiago kontatuko zuen Tomasek, baina adierazpenak jaso zituen Francisco Apalategi apaiza izanik, ez zituen jaso eta ez dakigu zer gertatzen zitzaien plazara zihoazten neskatxei[38].

    Egunkari liberalen arabera, 1874.eko irailean hogei emakume bahitu omen zituen Donostia inguruan[39]. Eta 1875.eko urtarrilan hainbat andra baserritar, Loiolatik Donostia aldera bendejara zihoaztela, atxilotu eta Santiagomendira eraman zituen[40]

    Mojak ere ez zeuden salbu. Irail bereko ordu txikietan Otxaboren partidakoek Uliako komentuko atea jo omen zuten, sartzeko asmoarekin; mojek eta kapilauak sarrera ukatu zioten. Irailak 23an atzera bueltatu ziren, sartzeko asmoz, eta kristal batzuk ere apurtu zituzten; mojek, izututa, kanpaiak jotzen hasi ziren laguntza eske, eta karlistek hanka egin zuten. Azkenean, beldurtuta, komentuko hamazazpi mojek Donostiako Santa Teresa komentura alde egin zuten[41].

    1875.eko urtarrilean, berriz, Astigarragako liberal baten emaztea eta bi alaba jipoitu zituen, eta hilko zituela mehatxatu[42].

    Dena dela, emakumeen artean bazuen nolabaiteko arrakasta. Berau zauritu zutenean eta partidaren buruzagitza laga zuenean, inguruko sei andrek komentatu omen zuten Otxabo berriak ez zuela aurrekoak beste balio, eta ez zela soraluzetarra bezain lerdena ere. Buruzagi berriak, hasarretuta, hogei makilkada eman zizkion emakume bati, eta hamarna gainontzeko bosteri[43].


    Erretaguardian (1875)

    Azken ekintza: Besoko zauri larria

    1875.eko otsailak hiruan karlistek eta liberalek elkarren kontra aritu ziren Indamendi inguruan[44]. Borrokatan, Francisco Iturriaga eskumako besoan zauritu zuten, tiro batez[45]

    Handik gutxira, egunkari batek besoa moztu behar izan ziotela zabaldu zuen, baina ez zen egia[46]. Itxura denez, Tolosara eraman zuten, eta bertan hezur zati batzuk ukondotik erauzi zioten. Berri batzuren arabera, operazioa ondo atera omen zen, eta kalera irtetzen hasi zen[47]; baina eskumako besoko inutila geratu zitzaiola ere zabaldu zen[48].

    Ondorioz, borroka armatua laga behar izan zuen[49], eta partidaren buru tenientea jarri zen, pasaitarra bera[50].

    Zumarragako preso karlista batek, Mirandan atxilotuta, bertako arduradunari esan zion Francisco Iturriaga Otxabo hilda zegoela[51], baina aurki gezurtatu zuten berria[52]. Itxura denez, Francisco Iturriagak egun horiek aprobetxatu zituen Soraluzeko familia bisitatzeko; behintzat Madrilgo egunkariek Eibar ingurura joan zela jaso zuten[53].

    Hernani. Karlisten bonbardaketa (The London Ilustrated 1875)

    Hernaniko erasoa

    Gerra hasi zenetik behin eta berriro saiatu ziren karlistak Hernani hartzen, baina ez zuten lortu. 1875.eko apirilaren bukaeran beste saiakera egin zuten, eta orduko hartan Otxabo ekarri zuten soldaduak oldartzeko.

    Apirilaren 28an, Diario de San Sebastianen Hernaniko korrespontsalaren kronika batek halaxe zioen: Beso-euskarriarekin, argalago eta zurbilago, bizarra apainduta, inoiz baino harroago eta basatiago berragertu da Otxabo Hernani erasotzera. Lehenengo agindua izan omen zen: Gasteá o zarrá ill eguin bear da Hernaniarrá. Baina ez zuten lortu tren geltokitik aurrera egiterik eta hor gelditu zen erasoa[54].

    Esaldi nori, baina, Francisco Apalategik beste modu batean ere jaso zuten: Gaztea edo zarra, il egin bearda. Ernaniara![55]. Halaxe entzun zuelako edo Otxaboren ospe txarra arindu nahian, ez dago jakiterik.

    Besoa gaizkoatu

    Maiatza hasieran, nahiz eta besoa oraindik lotuta eraman, partidaren buruan berriro jarri zela zabaldu zen[56], agian Hernanin ikusi zutelako. Baina aurki berria gezurratu zuten, oraindik Tolosan omen zela, ohetik altzatu ezinean[57].

    Ekainean, berriz, besoko zauria larritu omen zitzaion[58] eta medikuek ez zuten uste bertatik bizirik irtengo zenik[59].

    Dena dela, besoa ez zitzaion osorik sendatu, 1876.ean ere lotuta omen zeraman eta[60].

    Bigarren Otxabo

    Bitartean, zauriek Otxabo alde batera jarri bazuten ere, bere partida ez zen geldi egon, teniente pasaitarrak gidatua. Etsaien artean izua mantentzeko, honek ere Otxabo hartu zuen ezizena... baina ez omen zen soraluzetarra bezain abila. Egunkari liberalen arabera, martxoak 16ko arratsaldean bi aldiz eraso egin zioten Casapote gaztelua, baina Ergobia aldera atzera egin behar izan zuten. Hasiera batean partidan 120 lagun baziren ere, azkenean bakarrik 15 lagun geratu ziren[61].

    Otxabo berria jeloskorra ere bazen. Bost andrek esan omen zuten aurrekoa bezain lerdena ez zela, eta hamarna makilkada agindu zien. Antzeko adierazpenak egin zituen beste emakume bati, berriz, hogei[62].

    Heriotz zigorra

    Gerra bukaera gertu zelakoan, liberalek epaitegiak jarri zituzten martxan. Eta Francisco Iturriaga ez zen salbuespena izan.

    Aitzakia, matxinada eta 1874.eko Donostia inguruan egindako lehen lapurreta (dirua eta arroparena). Eskualde liberaletik ihes eginda zegoenez, epaiketa bera barik egin zuten, errebeldian, 1875.eko abuztuan.

    Epaia abuztuak 30an eman zuten, eta aho batez garrotez hiltzera zigortu zuten, Kode Penalaren 243, 245, 102, 316 eta 90 artikuluak oinharri hartuta[63].

    Hori bai, harrapatua izan balitz edo bere burua aurkezterakoan, bere arrazoiak aurkezteko eskubidea izango zuen.


    Gerra osteko ihesa eta bitartekari lanak (1876-1877)

    Frantziara ihesi

    Bigarren karlistada hasi zenean, Espainian baziren beste gatazka pil-pilean: errepublikarrak, kantonalistak, Kubako matxinoak… Karlistada hasi zenean (1873) Espainia osora zabaldu ba zen ere, hurrengo urtean orduko gobernuak gainontzeko gatazkak menperatzea lortu zituen, eta karlisten partida asko eta asko ere desegin. 1874. urterako karlistak Euskal Herrian eta Katalunian ari ziren, batez ere.

    Orduan liberalek lurralde hauetan konzentratu ziren, eta poliki poliki karlistak menperatzen hasi ziren. 1875.eko uztailak 03an CarlosVII.ak Bizkaiko foruak zin egin bazituen ere, berandu zen zaleen indarrak suspertzeko.

    Azkenik, karlisten azken porroten ostean, 1876.eko otsailak 28an Carlos VII.ak erbesteratu zen, bigarren karlistadari bukaera emanez. Hilabete hartan, berarekin batera hainbat karlista ospetsuk eta buruzagik erbesterako bidea hartu zuten ere.

    Madrilgo prentsaren arabera, Francisco Iturriaga Otxabo otsailaren bukaeran pasa zuen muga[64]. Eta apirilaren erdialdean, berriz, Bordeleko kontsul-etxean indultua eskatu zuen[65].

    Eta 1876.eko irailean, Le Courrier de Bayonneren arabera, Frantziako gobernuak Otxabo eta Boet buruzagi karlistak Limogesera erbesteratu zituen[66]

    Otxabo ez zen partidako bakarra Frantziara ihes egiten. 1876.eko irailean bere taldekide batzuk atxilotu zituztenez, Astigarragako mutil batzuk ere Frantziara pasa ziren, beldurrez[67].

    Partida berri baten burua?

    1874.eko abenduan Espainian Alfonso XII.a erregea ezarri zuten, eta 1876.eko udan konstituzio berria onartu zuten. Urrian, errepublika aldeko oldarraldia prestatzen ari zela eta, atxiloketa ugari izan ziren Zaragozan, Logroñon, Bilbao eta Santanderren.

    Bitartean, Frantzian erbesteratutako hainbat karlista, bizimodurik gabe, Nafarroako mendietan partida bat osatzen hasi ziren, buruzagia Otxabo omen zutela. Gobernuak mugaren babesa indartu zuen[68].

    Bitartekari lanak

    1877.eko urtarrilean La Iberia egunkariak Otxaboren jarduera bitxiak salatu zituen, gobernuarentzat lanean ari zelakoan, Frantzian zeuden karlistekin bitartekari.

    Egunkariaren arabera, eta bere menpekoek baieztatua, Otxabo buruzagia Madrilen ari omen zen gora eta behera, aurretik Kubara joan beharrik gabe; eta lanpostu ofizial baten zain omen zegoela...[69].

    Egun batzuk geroago, Otxabo trenez abiatu omen zen iparralderantz 13ko iluntzean. Hernanira heltzerakoan, ekaitza lagun, trenetik salto egin eta egunsentirako Behobian zegoen, Frantziara pasatzeko eta aspaldiko partida-lagunekin biltzeko. Beti Baionako kazetariaren esanetan, Madrilgo bilera susmagarrien ostean burukide ohiek ez zuten oso gogo onez hartu, baina betidanik zeukan ospeari eta azken denboretako jazarraldiei esker berreskuratu zuen menpeko ohien konfiantza osoa. Bukatzeko, kazetariak Otxaboren jarduerari buruzko zalantzak zabaltzen zituen "...hilabete hauetan gizon batzuekin gertatzen ari denarekin, ezin dira geroko asmoak asmatu..."[70].

    Bi egun geroago, Otxabok Madrilgo Gobernu Militarraren baimena zekarrela zioen, kapitain karlista indultatu moduan, eta Serrano berak sinatuta[71].

    Barkamena

    1877.eko otsailak hemeretzian Francisco Iturriagak muga zeharkatu zuen eta Behobiako guardia zibilei bere burua entregatu zien. Madrilgo egunkarien arabera, "Guardia Zibilak Otxabo harrapatu zuen"[72].

    Hurrengo egunotan Madrilen epaitu behar zutela zabaldu zen[73], eta epaitegi militarrek ere epaitu nahi zutela[74].

    Madrila eraman behar zutela zabaldu zenean, egunkari batzuk ez zituzten gauzak oso garbi ikusten eta azpijokoak salatzen hasi ziren[75]. Egunkari batean zabaldu zenez, Otxabo arazorik gabe zeharkatzen omen zuen Irungo muga, pasaporte berezi bati esker; "harrapatu zutenean" Bartzelonatik telegrama bat heldu omen zen; Otxabok zerrenda bat zeraman aldean, 40 mutil eta 42 ofizialen izenekin, jeneral bati zuzendua; eta gero Hendaiatik kartera ekartzeko eskatu zuenean lagun bati esan omen zion: "Ez izan inolako kezkarik". Eta kronika bukaeran, "Segi papeladarekin!"[76].

    Atxilotut1a egon zen garaian, Kubara bialduko zutela zabaldu zen, karlisten artean lortutako maila berberarekin[77], baina aurki zurrumurrua gezurtatu zuten[78].

    Garai hartako prentsaren mailaz jabetzeko, nahikoa da La Correspondencia egunkariaren bi berri alderatzea. 1877.eko martxoak 9an esaten zuen: "Esaten ari da Cubako gudarostera bidaliko dutela Otxabo buruzagi ohia". Eta biharamunean: "Gezurra da egunkari batek zabaldutakoa, Otxabo ezizenez ezagututako buruzagi karlista Cubako irlara bidali behar dutenik".

    Azkenean, ez zuten Madrila eraman eta ekainean Gasteizen epaitu zuten. Hilak 19an aldeko epaia eman zioten, eta askatu zuten[79].


    Heriotza Madrilen (1878)

    Argandan ezarri

    Itxura denez, 1877.eko abuztuan Francisco Iturriaga Madril aldera joan zen bizi izatera, orduko egunkarien arabera[80].

    Ordurako bertan izango zuen Manuela Eusebia arreba, neskame lanetara joanda.

    Eta Argandan hartu zuten bizitokia. Behintzat, eskutitzak hara bidaltzen zizkioten[81]:

    Cartas retenidas por falta de franqueo el día 11 de Noviembre de 1877
    ...
    Num. 199 Francisco Iturriaga - Arganda
    ...

    Lapurreta saiakera eta heriotza

    1878.eko irailak 13ko iluntzean Madrilgo Castellana pasealekutik, Hipodromo berriaren gertu, paseoan ari zen bikote bat, estali gabeko kotxean.

    Halako batean, lapur batek kotxea geratu eta, pistola eskuan, gizonari zeuzkan bitxiak eta dirua eskatu zizkion. Gizonak agindutakoa bete zuen, urrezko txanpon batzuk eta Losada markako erloju garestia emanaz.

    Andreak, bitartean, garrasika hasi zen, auzotarrak eta zaindariak erakarriz. Lapurra korrika hasi zen, baina handik 500 bat metrotara, Virtudes kalean, hartu zuten preso. Arnasa hartu ostean lapurrak berriro ekin zion korrikari eta, harrapatzerik ez zegoela ikusita, goardia zibil batek tiro egin zion, bartan behera akabatuz. Hildakoa Francisco Iturriaga Otxabo zen, karlista buruzagi ohia.

    Hurrengo egunetako egunkariek berria jaso zuten[82], batzuetan hainbat akatsekin: Otxabo arabarra zela, Santa Cruz apaizaren bigarrena izan zela...

    Ez dakiguna zera da, lehen saiakera izan zen, ala aurretik beste lapurretak egin zituen... edo dena antzezte hutsa izan zen, Francisco Iturriagaren arrastoa desagerarazteko!

    Hil eta gero, liberala!

    Gerra bukatu eta hogei bat urtetara, liberalen alde borrokatutakoen zerrendak agertzen hasi ziren Madrilgo Gazetan, hainbat onura eskuratu ahal izateko (esateko, semeak soldautzatik libre geratzeko)[83].

    Harrigarria bada ere, liberalen aldeko zerrenda hauetan Otxabo ere agertu zen!

    Lista de los voluntarios vascongados que durante la última guerra civil defendieron con las armas los derechos del Rey legítimo y de la Nación.
    Guipúzcoa. Cuerpo de Miqueletes
    Francisco Iturriaga Unamuno

    Otxaboren anai-arrebak eta gainontzeko familia

    Zazpi anai-arrebatan Melchor Francisco Yturriaga Unamuno zaharrena izan zen (1839/08/23). Familiaren ezizena "Otxabo" izanik, gainontzekoak ere "Otxabo" edota "Otxabonekoak" izan ziren.

    Jose Sebastián

    Soraluzen jaioa (1841/10/05), Andresa Trocaola Lizarriturri andrearekin ezkondu zen (1868/03/28).

    Lau seme alaba izan zituzten: Ysidoro (1869-1956), Maria Basilisa (1872-1905), Pío (1875-1876) eta Justo (1882-1882).

    Andresa Soraluzen hil zen (1893), eta Jose Sebastian hiru urte geroago (1896/02/15).

    Semerik zaharrena, Ysidoro, oso gaztetan joan zen Txilera, eta diru asko egin zuen bertan. Soraluzen Babesetxe-Ospitala antolatu behar izan zenean (1896), berak emandako diruari esker Josefa Micalea Maiztegi andreari Mendizabal etxea alokatu zioten.

    Maria Jesusa

    Soraluzen jaioa (1844/01/14), bertan ezkondu zen (1861/05/14) Pascual Cerra Fernandez-ekin.

    Bi seme-alaba izan zituzten, biak ala biak Gasteizen hilak: Ambrosio (1883/09/25) eta Josefa (1898/03/08).

    Josefa Antonia

    Soraluzen jaioa (1846/01/15), ondo gazte zela Gasteizera joan zen neskame. Bitxiak lapurtzeagatik salatua (1862), hiru hilabeteko espetxealdia ezarri zioten.

    Atzera Soraluzera itzuli zen, eta bertan hil zen hamazortzi urtekin (1864/08/12).

    Antonio Agustin

    Soraluzen jaioa (1849/05/22), Maria Ana Gurruchaga Unanue azpeitiarrarekin ezkondu zen, Azpeitian bertan (1871/11/17).

    Juan Jose

    Soraluzen jaioa (1851/08/20), bertatik alde egin zuen. Ez dago beste berririk.

    Manuela Eusebia

    Etxeko txikiena Soraluzen ere jaio zen (1854/03/05).

    Madrilen neskame ibili zen. Etxeko jaun-andreek semealaberik ez zeukatenez, artean umeak zirela (lau-sei urte) Isidoro eta Maria loibak eraman zituen Madrila, bigarren karlistada bukatu berria. Urtebete eman zuten izekoarekin.


    Erreferentziak

    1. Gerrilarien taldea, buruzagi edo cabecilla baten aginpekoa.
    2. Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui Igarzabal (Auspoa 2005, Antonio Zavalaren argitalpena).
    3. La Época (1900/01/26).
    4. Karlisten bigarren gerrateko bertsoak (Antonio Zavala 1997). Serafin Barojaren bertso hauek Joseba Tapiaren Eta tira eta tunba diskan agertzen dira.
    5. Desde la última vuelta del camino. Memorias (Pío Baroja 1944).
    6. Otxaboa Espainiako txanpon zaharra zen, XVII. mendean sortua, kobrezkoa eta bi marabedi balio zuena. Urteekin gero eta pisu gutxiagorekin egiten ari ziren, eta azkenak XIX. mendearen erdialdean egin zituzten.
    7. Gaceta de Madrid (1834/09/04)
    8. Diligencias realizadas para el cumplimiento de la sentencia impuesta a Josefa Antonia de Iturriaga Unamuno, natural de Placencia, por el hurto de un alfiler de oro para el pecho, unos pendientes con piedras azules y unos manguitos de estambre que robó en casa del matrimonio Antonio Serrano y Josefa Lauzurica, siendo condenada a tres meses de arresto mayor y un duro de multa. 1862/10/05, Gasteiz (Araba) - 1862/10/18, Gasteiz (Araba).
    9. Gaceta de Madrid (1896/03/19).
    10. Batallòn de Miqueletes Voluntarios.
    11. Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui Igarzabal (Auspoa 2005, Antonio Zavalaren argitalpena).
    12. La Discusiòn (1874/04/28).
    13. La Cronica Meridional (1874/05/10).
    14. Gaceta de Madrid (1874/05/28).
    15. Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui Igarzabal (Auspoa 2005, Antonio Zavalaren argitalpena).
    16. Diario de San Sebastián 1874/04/27), El Gobierno (28/04/1874) eta La Discusión (1874/05/01).
    17. El Gobierno (1874/06/03) eta La Iberia (1874/06/04).
    18. Boletín de comercio (1874/06/03).
    19. Diario de San Sebastián (1874/06/09), Boletín de comercio (1874/06/10), La Igualdad (1874/06/12) eta La Paz de Murcia (1874/06/13).
    20. La Igualdad (1874/06/14).
    21. Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui Igarzabal (Auspoa 2005, Antonio Zavalaren argitalpena).
    22. Boletín de comercio (1874/08/18).
    23. La Iberia (1874/08/25).
    24. La Época (1874/09/26).
    25. El Gobierno (1874/09/29).
    26. El Cuartel Real (1874/11/19).
    27. La Discusión (1874/10/30).
    28. Boletín de comercio (1874/11/19).
    29. El Imparcial (1874/12/03).
    30. Historia contemporánea: anales desde 1843 hasta la conclusion de la última guerra civil. Antonio Pirala (1879).
    31. La Época (1875/01/23). Ategorrieta eta Ondarreta beharrean Puertas Coloradas eta Las Arenas agertzen da.
    32. La Época (1875/02/06) eta El Pabellón nacional (1875/02/07).
    33. Diario de San Sebastiàn eta La Discusión (1874/06/28).
    34. Diario de San Sebastián (1874/08/03) eta El Imparcial (1874/08/06).
    35. La Iberia (1875/01/09).
    36. El Imparcial (1875/01/17).
    37. La Iberia (1875/01/16) eta La madeja política (1875/01/23)
    38. Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui Igarzabal (Auspoa 2005, Antonio Zavalaren argitalpena).
    39. La Iberia (1874/09/10).
    40. El Imparcial (1875/01/18).
    41. Diario de San Sebastiàn (1874/09/25).
    42. La Iberia (1875/01/16) eta La madeja política (1875/01/23)
    43. Boletín de comercio (1875/03/23).
    44. Indamendi, Pagoeta mendigunean. Tontorrean Zestoa, Aizarnazabal eta Aiako udalerriak biltzen dira.
    45. Diario de San Sebastiàn (1875/02/07 eta 08).
    46. El Pabellón nacional (1875/02/13).
    47. Diario de San Sebastiàn (1875/02/19).
    48. La Época (1875/02/25)
    49. La Iberia (1875/02/16).
    50. El Popular (1875/02/16) eta La imprenta (1875/02/18).
    51. El Correo de San Sebastiàn.
    52. El Popular (1875/02/24).
    53. El Imparcial (1875/02/26).
    54. Diario de San Sebastián (1875/04/29).
    55. Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui Igarzabal (Auspoa 2005, Antonio Zavalaren argitalpena).
    56. El Imparcial (1875/05/01).
    57. El Imparcial (1875/05/05).
    58. El Imparcial (1875/06/10), El Noticiero Bilbaíno eta El Globo (1875/06/16).
    59. Diario de San Sebastián (1875/06/06), La Correspondencia de España (1875/06/09) eta El Eco de Cartagena (1875/06/09).
    60. La madeja política (1876/02/01).
    61. La Iberia (1875/03/23).
    62. La Iberia (1875/03/27).
    63. La Correspondencia de España (1875/08/31), El Imparcial (1875/09/01) eta La Época (1875/09/01).
    64. La Correspondencia de España (1876/02/27) eta El Solfeo (1876/02/28).
    65. El Constitucional (1876/04/16).
    66. El Imparcial (1876/09/09).
    67. Diario oficial de avisos de Madrid (1876/09/22).
    68. La petite presse (1876/10/26).
    69. La Iberia (1877/01/06).
    70. La Iberia (1877/01/18).
    71. La Iberia (1877/01/20).
    72. El Pabellón nacional (1877/02/20) eta La Correspondencia de España (1877/02/20).
    73. El Bien Público (1877/02/23).
    74. El Pueblo Español (1877/03/05).
    75. El Solfeo (1877/02/22).
    76. La Iberia (1877/02/27).
    77. La Iberia (1877/09/03).
    78. El Pabellón nacional (1877/03/13).
    79. El Pueblo Español (1877/06/20), El Imparcial (1877/06/20) eta El Globo (1877/06/21).
    80. El Globo (1877/08/09).
    81. Gaceta de Madrid (1877/11/12).
    82. Besteak beste El Pueblo Español (1878/09/14), Gaceta Universal (1878/09/15), El Globo (1878/09/15), Fray Veràs (1878/09/21) eta Diario de Huesca.
    83. Gaceta de Madrid (1896/05/18).