Babesetxea (eu)
Izenak
Sortu zutenan (1898) Hiriko Ospitale-Babesetxe Santua[1].
Hiru urte geroago (1899) Erruki Babesetxea[2]
Eta, ia XX mende osoan, Ama Mesedeetako babesetxea[3].
Kokapena
Atxuri kalean zegoen, 8 zenbakia zuen. Gaur egun Atxuri parkea dago bertan.
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Sorrera
1756 urtetik Soraluzen ez zegoen ospitalerik. XVIII mendea oparoa izan bazen, XIX mendea oso okerra: gerrak, langabezia, gosea… Premia handia zegoenez, mende amaieran herrian babesetxea ezartzeko harreman ofizialak hasi ziren. Etxe hori erruki-ordenaren batek zuzenduko luke, eskualdeko beste herri batzuetan egin ohi zen moduan, esate baterako Elgoibarren (1869) edo Arrasaten (1892).
Isidoro Iturriaga Trocaola indianoak emandako diruari esker, 1896. urtean Mendizabal etxea[4] alokatu zioten Josefa Mikalea Maiztegi andreari, eta Babesetxe-Ospitala antolatu. Berau kudeatzeko batzordea eratu zuten: alkatea (lehendakaria), parrokoa (lehendakariordea), bi zinegotzi, bi apaiz, "fabrikako"[5] zuzendaria, Mikaela Maiztegiren ordezkari bat, diruzaina (Isidoro Iturriagaren koinatua) eta idazkaria.
Urte hartan bertan mertzedariekin jarri ziren harremanetan, eta Soraluzerako hiru lagun ekarri: Araceli Royo, Bautista Oset eta Gertrudis Mendiguren. Hurrengo urtean, 1.897an, Rosenda Santos etorri zen Andaluziatik.
Josefa Mikaela Maiztegi Dama Mikaela andereak, Mendizabal etxea oso baldintza onetan laga zuen. Hala ere, ez zen ondo konpondu batzordearekin (eta Udalarekin ere ez).
Babesetxea zabaldu eta bi urtetara Erregetxean zegoen soldadu bat eraman zuten, gaixorik. Dama Mikaleari ez zitzaion ondo iritzi, eta soldaduak egotzi ezean Babesetxea ixteko mehatxua egin zuen. Batzordea makurtu zen, eta ondorioz, 1898ko azaroaren 17an Udalbatzarrak honakoa erabaki zuen: Erregetxean eritegi-ospitale bat ezartzea, hirian dagoen Itsas Infanteriako Destakamenduko soldadu gaixoak hartzeko, lekua, altzariak, tresnak eta langileak prest daudenean. Ez zuen aurrera egin.
Babesetxearen izenarekin ere tirabirak izan zituzten: hasieran Hiriko Ospitale-Babesetxe Santua bazen ere, 1899 urtean Erruki Babesetxea izendatu zuten, Dama Mikaelak halaxe nahita.
Azkenik, 1901 Dama Mikaela hil zenean, testamentuan agindu zuen Soraluzeko zahar pobre eta babesgabekoen zorte tristea arindu nahian, helburu hori izango duen Erruki-Etxea edo Erruki-Babesetxea ezartzeko agintzen diet testamendu-betearazleei... San Vicente de Paul-eko Alaben (Karitateko Alabak) edo beste erlijio-erakunde edo kongregazio baten ardurapean egoteko. Hiru urte geroago (1904) Udalak Dama Mikaelak jarritako baldintza ia guztiak onartu zitueneta ez zen ospitale berririk egin, Babesetxea mantendu baizik. Baina mertzedariak Soraluzen geratu ziren.
Araceli Royo moja jarri zuten bertako buru. Honek denbora gutxi egin zuen Soraluzen: balio handikoa izanik, aurrera egin zuen eta Mesedetako Mojen Lagundiko Ama Nagusi Orokorra izatera iritsi zen.
Eraikina
Babesetxea Mendizabal etxean zabaldu zuten eta zaharren egoitza berria egin arte bertan egon da, beharrezko konponketa, egokitzapen eta zabaltze lanak egin eta gero.
Bere 82 urtetako historian bi lan azpimarratu behar dira. 20ko hamarkadaren hasieran Babesetxe-Ikastetxearen ate-aurrea edo jolas-patioa zabaldu zuten, ortuak ziren esparruan. Lurra pare bat metro jaitsi zuten eta eskilara zabalak egin zituzten.
1950 hamarkadan bi pisutako pabiloia berria egiteko asmoa onartu zen, jolas-patioa eta Erlei erreka artean. ondoan. Diru faltagatik beheko solairua eta bi ikasgelak baino ez zituzten eraiki. Ikastetxea 1972an itxi zen, eta 1975tik aurrera Gizarte Segurantza kontsultategia bertan zabaldu zuten.
Bilakaera
Mertzedarien zeregin nagusia Babesetxea eta babestuak zaintzea izan da. Bilakaera honako hau izan da:
- 1896. Azaroaren 1ean Babesetxe-Ospitale berriak ateak ireki zituen hiru moja zirela. Sei pertsona hartu zituzten, lau gizon eta emakume bi; herrikoak denak bat izan ezik.
- 1897. Izurriteak zirela eta, babestuen kopurua dezente handitu zen. Lau moja ziren.
- 1920. 11 babestu eta 6 moja zeuden, Arrasateko Victoria Arinek zuzenduta.
- 1935. 15 babestu (adinen batezbestekoa 54 urtekoa) eta 6 moja (bataz-beteko adina 31 urte), Margarita Larrañagaren zuzendaritzapean. Une horretan, Babesetxeak 19 ohe zeuzkan.
- 1937. Gerra denbora. Beste 14 pertsona sartu ziren, 29 babestu guztira.
- 1940ko hamarkada. Babestuen kopurua hamar bat pertsonakoa zen.
- 1954. Zahar egoitza berria egiteko lehen egitasmoa.
- 1955. 19 babestu eta 9 moja zeuden.
- 1967. 9 moja. Babesetxea ixtekotan egon zen, diru faltaz.
- 1976. Zaharren egoitza berria egiteko lanak hasi ziren.
- 1978. Zaharren egoitza berria zabaldu zuten.
Handik gutxira Babesetxe zaharra (Mendizabal etxea izandakoa) bota zuten, eta tokian Atxuri parkea eraiki.
Beste jarduerak
Eritegia/ Ospitalea
Zaharrak babesteaz gain, Babesetxean eritegia zegoen gaixoak artatzeko.
Lehen hiru urteetan (1896-1898) 56 lagun artatu zituzten eritegi edo ospitalean. Zazpi urte pasa eta gero kopuru hau 85ra igo zen.
1975 urtean herriko kontsultategia bertan zabaldu zuten, itxitako ikastetxearen ikasgeletan.
Ikastetxea
Babestetxea zuzentzeaz gain, mertzedariek urte askotan eskolak eman zituzten.
1896 herrira etorri eta urte hartan eskolaurrea antolatu zuten umeendako. 1903 urtean nesken eskola zabaldu zuten, eta 1940tik aurrera mutikoak ere onartu zituzten. 1959 urtean eskolak 207 ikasle zituen (herriko %32a) eta bi urte geroago goia jo zuen, 237 ikaslerekin.
1967 urtean Liga de Patronato izenekoak goiko eskola zabaldu zuenean gainbehera hasi zen, eta 1972 urtean Mesedeetako ikastetxea itxi zuten.
Kapera eta kapilaua
Babesetxeak bere kapera zuen, eta abade arduraduna ere, kapilaua. Bertako moja eta babestuez arduratzen zen.
Azkena Ascensio Gurruchaga Odriozola nuarbetarra izan zen, Don Ascensio. 1951an apaiztu eta irailean bertan ekarri zuten Soraluzera. Jubilatu artean bertan egin zen, Babesetxeko kapilaua. Herriko organista ere izan zen.
Erreferentziak
- Merzedariak ehun urte Soraluzen. Javier Elorza (Soraluzeko Udala 1995).