Manuel Francisco de Joaristi Fundazioa (eu)
Manuel Francisco de Joaristi
- Gehiago jakiteko sakatu hemen.
Manuel Francisco de Joaristi Arana-Mendiola Soraluzen jaio zen, 1716ko abuztuak 17an.
Oso aurrean ibili zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainian lehen, eta gero Filipinetako Errege Konpainiaren zuzendaria izan zen. Madrilgo Kortean ere aritu zen.
Azkenean, Soraluzera itzuli eta bertan hil zen, 1798ko urtarrilak 10ean.
Sorrera
1796ko martxoak 6an, Madrilen, Alfonso Yébenes eskribauaren aurrean eskritura eman zuen ongizate fundazioa sortzeko.
Fundazioaren kapitala osatzeko inbertsio batzuk laga zituen, 1.563.834 erreal koartokoak; orduko korrituak 47.316 erreal koartokoak ziren.
Fundazio honek helburu anitz zituen: urteko 200 dukat ezkondu bako neska batentzat, lau urtetan behin beste 100 dukat neskamen batentzat, beste 100 dukat irakurtzen eta idazten irakasten zuen maisuarentzat; gainontzekoak bi urtetan behin behartsuak janzteko, mojen kapilauarentzako, misioetarako, aitorlekuetarako eta, azkenik, patroiak saritzeko.
Hiru ziren patroiak: bikarioa, onuradun aintzinakoena eta herriko alkatea. Bi urtetan behin kontuak argitu behar zituzten Gipuzkoako Aldundiarekin; eta azken honi 300 erreal esleitu zion aldiro.
Bilakaera
1805. urtetik aurrera Manuel Francisco Joaristik ezarritako irizpideak ez ziren jarraitu. [1]
1834ko azaroan Erresumaren Altxor Orokorrak mailegu agiria sortu zuen Manuel Francisco de Joaristik sortutako fundazioaren patroien izenean. Agiri honek 230 zenbakia zuen, eta kopurua 793.285 erreal eta 4 marabedikoa zen[2]. Itxura denez, bidean "galdu" omen zen eta Madrilgo Errenten Eskribautzak iragarkia jarri zuen Diario de Avisos de Madrid egunkarian, inork ezer bazekien.
1858 urtetik aurrera Espainiako estatuak erakunde askoren ondasunak bahitu zituen, saltzeko eta dirua lortzeko. Tartean Udalak, kapilautzak, fundazioak... izan ziren, horietako bi Soraluzeko Udala eta Manuel Francisco de Joaristi Fundazioa bera. Hurrengo urtean (1859/04/04) legea atera zuen, erakunde hauei ordezkoak bueltatzen, urteko %3a ematen zuen zor publikoa hain zuen.
Dena dela, denbora luzea pasa zen gauzak normaltzeko. Ondasunak bahitu eta hogei urtetara (1878/04/18) Gaceta de Madrid-ek[3] agindua argitaratu zuen, fundazioaren jatorrizko errenta 8.468,49 errealetakoa zela aitortuz eta zor publikoan 272.283 errealetako kapitala esleitzen. Seihileko korrituak 248,94 errealak izan ziren.
1941 urtean, eta fundazioaren Abade Patroiak eskatuta, Estatuaren Auzi Zuzendaritza Orokorrak fundazioaren ondasunen zati bat zergetatik libre utzi zuen[4].
Data horretan, fundazio ondasunak bi ezarpenetan zeuden, guztira 86.097,99 pezeta, Banco Guipuzcoanoan gordeta biak.
Urteekin diru honek emandako korrituak gero eta gutxiago ziren, azken urteetan 11.517 errealetakoak.
Gaur eguneko egoera
Manuel Francisco de Joaristi jaunak lagatako dirua desagertuta, fundazioa ere desagertu zen.
Herri izena
Herrian, fundazio honi Joaristi diruak esaten zitzaion.
Erreferentziak
- Soraluze Placencia de las Armas. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (1993)
- ↑ Manuel Francisco Joaristi]. Cecilia Suárez Cabal (Espainiako Real Academia de la Historia).
- ↑ Ez dakigu kopuru hau kapital osoari zegokion, edo zati bati bakarrik.
- ↑ Bienes de beneficencia. Ventas posteriores al 2 de Octubre de 1858. Intervención general de la Administración del Estado (Gaceta de Madrid 1878/04/18).
- ↑ Acuerdo por el que se concede a la Fundación de 'Don Manuel Francisco de Joaristi', instituída en Placencia (Guipúzcoa), la exención del impuesto que grava los bienes de los personas jurídicas. Dirección General de lo Contencioso del Estado (BOE 1941/12/02).