Sagar-errekako mendiak (eu)

    Sorapediatik
    (Elgetako mendiak (eu)(e)tik birzuzenduta)
    Sagar-errekako mendiak
    Altuera 442-725 m
    Buzoia Bai
    Mendilerroa Elgetako mendiak
    Bailara/ Herria Irure / Bergara, Eibar
    Soraluzetik Ordu t'erdi (Azurtza)


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    Mapa kargatzen...


    Azalpenak

    Mendi hauek Elgetako mendien[1] ekialdeko aldean kokatzen dira, Elgeta eta Deba ibaiaren artean hain zuzen.

    Bi talde bereizten dira. Alde batetik, Soraluzeko lurretan daudenak: Kurutzekogaña (569), Krabeliñatx (607), Aingeruguarda (585), Illordogaña (541) eta Potzueta (442). Gainontzekoak Bergarako eta Eibarko lurretan daude, Soraluzekoak baino pixkat altuagoak orokorrean: Topinburu, Garbe, Azurtzamendi, Tranku, Azkonabieta eta Galdaramiño.

    Igoera

    Igoera ere mendi taldearen arabera egiten da. Soraluzen dauden mendiak Deba ibaiaren eta herritik gertuago daude, eta igotzeko bidea zuzenagoa da: Txurrukenetik Kurutzekogaña eta Krabeliñatx igo daiteke, eta Iruretik Illordogaña eta Aingeruguarda. Nahi izan ezkero, behin tontorrera heldu eta gero gainontzekoak igo daitezke errenkadaz, mendiz mendi.

    Soraluzetik beste mendeak igotzeko Sagar-errekatik barrena (GI-3331 errepidea) Azurtzako Santiago ermitaraino igo behar da (503 m), eta handik mendiz mendi nahi den mendiraino. Edo, bestela, Sagar-errekako bidetik nahi den mendi parera heltzerakoan gorantza hartu tontorreraino.

    Garbe

    Azkonabieta (728 m) eta Krabeliñatx (607 m) arteko mendia. 513 metroko altuera du.

    Garbe eta Krabelinatx artean Gallaztegi mendilepoa dago, eta honen inguruan Gallaztegitorrea baserria.

    Tranku

    Azkonabietatik (728 m) Garberaino (513 m) hanbat menditontor daude, nabarmenena Tranku dela.

    Agarremendi ere esaten zaio, eta 642 metroko altuera du.

    Azkonabieta

    Elgetako lurretan dago kokatuta, Goimendi auzoan, Bergarako eta Eibarko lurrak biltzen diren ingurutik hurrean.

    728 8metroko altuera du, eta Euskal Mendigoizale Federazioaren Ehun Mendien lehiaketaren zerrendan dago.

    Behin Azurtzara helduta, ezkerrera hartuta pista bat ere badago tontorreraino. Telefoniako gunea dago bertan, antena eta guzti.

    Galdaramiño

    Arraotz (576 m) eta Azurtza (505 m) mendiekin batera, mendikate txikia sortzen du Elgetako mendilerroan. Galdaramuño ere esaten zaio.

    664 metroko altuera du, eta Euskal Mendigoizale Federazioaren Ehun Mendien lehiaketaren zerrendan dago.

    Behin Azurtzara helduta, eskumarako pista hartu behar da; pista honek Azurtzamendi inguratzen du, eta bi tontorren arteko mendilepora (634 m) heltzen denean pistatik segi behar da tontorreraino.

    1975ean AP-8 (Bilbao- Behobia) egiteko, bere tontorrean komunikazio-antena batzuk eraiki zituzten, eta harrezkero porlanezko errepidea dago bertaraino. Inguru guztiak pinuz landatuta daude.

    Azurtzamendi

    Aspaldi batean Bergaretxe edo Bergetxe izenez ere ezagutua, 659 metroko altuera du.

    Galdaramiñora joateko moduan, behin Azurtzara helduta, eskumarako pista hartu behar da; pista honek Azurtzamendi inguratzen du, eta bi tontorren arteko mendilepora (634 m) heltzen denean pista utzi behar da eta atzera egin Azurtzamendira igotzeko. Soraluzetik ordubete eta 45 minutu behar dira.

    Topinburu

    Bergara iparraldeko mendia, Eibarko Txonta eta Kiñarra ibarren tontor naturala.

    596 metroko altuera du, eta Euskal Mendigoizale Federazioaren Ehun Mendien lehiaketaren zerrendan dago.

    Eibar, Soraluze eta Elgeta mugen inguruan kokatuta, Goimendi auzune txikiaren alboan. Pinu landaketek ia erabat estaltzen dituzte bere magalak, eta baita tontorra ere. Ondorioz tontorretik eztago batere ikuspegirik, eta mendizalearentzat erakargarritasun gutxi duen mendia da. Basoak sastrakaz beteak daude, baina Azurtza eta Salbatoretik igotzen diren bideak nahikoa garbi daude.


    Gallaztegitorrea ingurua (Mikel Valero 2018)
    Gallaztegitorrea

    Kontuak

    Gallaztegitorrea

    Aspaldi batean oso ohikoa izaten zen udaberri eta udan Gallaztegitorrea inguruan domekak ematea.

    Eguneko janariak poltsatan sartu (motxilak geroko kontuak dira) eta, herrian meza entzun ostean, familia asko Sagar-erreka barrena abiatzen ziren. Bertara heldu eta, umeak jolasean zevbiltzen bitartean, nagusiek bazkaria gertatzen zuten. Baskalostekoa egin, merienda gero eta, azkenean, herrira buelta, Sagar-erreka barrena berriro ere.

    1970. hamarkadan, kotxeak erosteko aukera zabaldu zenean, jendea laga zion joateari: itsasertzera, barrualdera, urrutira... Gallaztegitorrea txiki geratu zitzaien soraluzetarrei.

    Azkonabietako buzoia

    Azkonabietako buzoi berria 2013 urtean ipini zuten. Baina, herri bakar baten mendi talde batek jarri beharrean, ohi denez, kasu honetan 2013ko martxoak 23an Soraluze, Elgeta eta Eibarko mendigoizale gazteak bertan bildu eta elkarrekin jarri zuten. Eta, gogoratzeko, buzoian bertan oroigarria ezarri zuten.

    Galdaramiño antzeko Brown Boveri lokomotora Azpeitian

    Galdaramiño lokomotora

    1928 urtean, Ferrocarriles Vascongados enpresak Bilbao-Donostia (eta Zumarragarako adarra) elektrifikatzea erabaki zuen. 14 lokomotora eskatu zizkion Suitzako Brown Boveri etxeari, eta mendien izenak jarri zien, horietako batzuk Soraluze ingurukoak: Irukurutzeta, Arrate, Kalamua... eta Galdaramiño!. Azpeitiako Trenaren Euskal Museoak antzeko hiru lokomotora gordetzen ditu.


    Erreferentziak

    1. Inork Eibarko mendietan kokatzen ditu.