COVID-19 pandemia (eu)

    Sorapediatik
    (COVID-19 (eu)(e)tik birzuzenduta)
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
    COVID-19 birusa

    COVID-19 pandemia

    COVID-19[1] pandemia (edota koronabirusaren pandemia), COVID-19 izeneko gaixotasunaren eraginez 2019aren amaieran hasi zen pandemia da.

    SARS-CoV-2 birusak eragiten du gaixotasuna. Kutsatutako gaixoak asintomatikoak izan daitezke, baina gehienetan zenbait sintoma dituzte: sukarra, eztula, nekea, arnasteko zailtasunak eta giharretako mina… Gaixoa edadetua bada, edota aurretik ahulduta balego, gaixotasunak heriotza eragin dezake.

    Wuhanen atzeman zen lehen aldiz, Txinako Hubei probintziako hiriburuan, 2019 bukaeran. Aurki mundu guztira zabaldu zen, eta 2020ko udaberrian goia jo zuen. Martxoak 11an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) COVID-19 gaitzaren nazioarteko agerraldia pandemia izendatu zuen.

    Lehengo olatu harek, gehien bat, edadetuak kolpatu zituen. Dena dela, hartutako erabakiei (konfinamenduak eta jarduera moteltzeak, batez ere) eta eguraldi onari esker, udaberri bukaerako asko apaldu zen.

    Baina abuztutik aurrera goraka hasi zen berriro, munduko herrialde gehienetan. Eta orduko horretan heldu gazteei ere gogor ekiten zien. Urrirako herrialde denak ondo kezkatuta zeuden, hartutako neurriak eta pandemiaren bilakaera, askotan, bat ez zetozelako.

    Itxaropena txertoetan zegoen, eta abendurako lehenak onartu ziren. Orduan txertaketa kanpainak etorri ziren, batez ere herrialde aberatsenetan. Orokorrean, txertaketak "txandaka" egin ziren: aurretik, jendearekin harreman zuzena zutenak (mediku, erizainak, zaintzaileak, poliziak...), gero arrisku handikoak (egoitzetakoak, 80 urtetik beherakoak...) eta hortik aurrera gainontzekoak, adinaren arabera txandaka. Emaitzak oso baikorrak izan ziren, batez ere adineko pertsonengan, hildako eta ospitaleratutakoen kopuruak nabarmen jaitsi zirelako.

    2021ko uda bukaerako herri aberatsenen biztanle gehienak txertatuta zegoen, bi dosiekin. Eta hirugarren txertaketa jartzen hasi ziren, indargarri moduan, batez ere adinekoei. Hala ere, estatu pobreetan txertaketa tasa askoz baxuagoa zen, eta COVID-19ren eragina modu nabarmenean igartzen zen oraindik.

    Eta askok eta askok pandemia iragana zela pentsatzen bazuten, azaroan seigarren olatua etorri zen, batez ere Europan. COVID-19ren omicron aldaera omen zen eragilea: askoz kutsakorragoa baina, itxura guztien arabera, eragin arinagoa aldiberean. Hurrengo aste eta hilabeteetan kutsatutakoen kupuruak biderkatu egin ziren eta, ospitalak betetzeaz gain, konfinamentuengatik langile falta somatzen hasi zen hainbat sektoretan. Hala ere, osasunean zein bizimoduan izandako eragina askoz arinagoa izan zen.

    Eragin arina aldebatetik, eta bestelako berriak (Ukrainako gerra) bestetik, 2022ko udaberri-uda inguruan COVID-19a ia desagertu egin zen egunkari eta telebistatik. Agertzen ziren berri bakarrek txertoraren balizko laugarren dosiari buruzkoak ziren.

    Orduan hasi zen "normalitate berria" aipatzen, COVID gripearen antzeko gaixotasuna bilakatuko omen zela eta.


    Euskal Herrian

    2020.ko udaberria. Lehen olatua

    Gainontzeko herrialde gehienetan moduan, COVID-19a Euskal Herrira ere heldu zen[2]: 2020ko otsailaren 28an baieztatu ziren lehen bi gaixoak, eta aurki zabaltzen joan zen.

    Herri eta toki batzuk itxi bazuten ere, gizarte osorako lehen neurriak martxoaren erdialdian heldu ziren<12an EAEn, 13an Nafarroan, 14an Espainia osoan eta 15ean Frantzian).</ref>, hainbat jarduera debekatuz, lantegi batzuk itxiz, kaleko zirkulazio normala murriztuz eta etxeko konfinamendua aginduz.

    Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeak ere, martxoan egin beharrekoak, bertan behera geratu ziren; azkenean ekainak 25ean egin ziren.

    Udaberriko olatua apirilarekin batera joan zen, hurrengo hilabeteetan kasu bakanak antzeman baziren ere. Euskal Autonomi Erkidegoan[3] ekaina bukaerako 13.752 kasu kasu antzeman ziren eta 1.618 hildako erregistratu. Hilkortasun tasa, beraz, % 11,8koa izan zen.

    Uda eta udazkena

    Egoera "normaldu" zenean, Hego Euskal Herrian apirilaren 22an hasi zen arintzen derrigorrezko berrogeialdia, eta ekainaren 8an debeku eta traba guztiak desagertu ziren. Ipar Euskal Herrian pixkat beranduago ibili ziren, baina ez asko.

    Osasun aldetik uda nahikoa lasaia izan zen, aldaketa bakarrak turismoan izan ziren (jende gutxiago irten zen kanpora, batez ere atzerrira; etorri ere, atzerriko gutxiago etorri ziren). Baina uztailan positiboen kopurua poliki-poliki hasi zen igotzen, abuztuan gehiago, irailean azkarrago eta joera ez zen makurtu urrian.

    E.A.E.ko kutsatu eta hildakoak (Eusko Jaurlaritza 2022)
    Kontuz! Azken hilabeteko datuak ez daude osorik

    Uztailak 1etik urriak 25erako Euskal Autonomi Elkartean 48.277 kasu berri zenbatu ziren, aurreko olatuan halako lau. Arrazoia, udan PDC eta serologia frogak egiteko nahikoa materiala eskuratu zela, eta askoz froga gehiago egin zirela, bai kutsatuen ingurukoei baita herrika edo auzoka ere.

    Tarte berean 535 hildako izan ziren. Bigarren epe honen hilkortasun tasa askoz baxuagoa izan zen, % 1,1ekoa.

    Aurreko olatuarekin alderatuta, ospitaleratutakoen eta hildakoen kopurua askoz baxuagoa zen, agian kutsatutako artean heldu gazte asko zeudelako. Baina gaixoen kopurua zein ospitaleratuen kopurua gero eta altuagoa zenez (nahiz eta motelago hazi) Urkulluk eta Txibitek aurretik erabilitako erabakiak martxan jarri nahi izan zuten (ordutegiak, itxierak, talde-tamainak...), baina epaitegietatik ezetza jaso zuten, ez zutela halakorik agintzeko eskubide nahikorik.

    Horregatik, Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek aurretik, eta hainbat autonomi-lehendakarik gero, Espainiako presidenteari eskatu zioten alarma egoera indarrean jartzeko (2020/10/23). Bi egun geroago Pedro Sanchez-ek alarma egoera onartu zuen Espainia guztirako, kudeaketa autonomien esku uzten.

    Alarma egoera: bigarren olatua

    Alarma egoera urriak 26an sartu zen indarrean. Udaberrikoarekin alderatuta, arinagoa zen. Batez ere, hiru esparrutan nabarmendu zen: eskualde konfinamentua, leku itxietan aforo eta distantziak zaindu beharra (denda eta aisialdi kulturalean), eta debekatutako jardunak (antolatutako zein taldekako kirola, taberna eta jatetxeak). Hurrengo asteetan hainbat tokitan behaketa masiboak egin zituzten, Soraluzen esateko.

    Nafarroako egoera, aurretik oso eskasa, nabarmen hobetu zen. E.A.E.-n, berriz, azaroko kutsatu eta hildakoen kopurua urrikoa baino altuago izan zen; dena dela, hilabeteak aurrera egin ahala datuak gero eta hobeak ziren (bigarren hamabostaldiko kutsatu kopurua aurrekoaren erdia izan zen, hildakoak ere gutxiago izan ziren...). Azaro bukaeran neurriak arindu zituzten, besteak beste E.A.E.ko probintzien arteko mugimenduak baimenduz eta ostalaritzari zabaltzeko aukera emanez. Gabonetako jai egunetan, hori bai, ordutegia gehiago murriztu zuten.

    Abenduaren bigarren erdia aurrekoa baino pixka bat hobea izan zen. Dena dela, kutsatuen eta ospitalizatuen kopurua nahi adina jeisten ez zenez, Urte Berria arduratsu hasi ziren, hirugarren olatu baten beldur.

    Hirugarren olatua

    Eta, bigarren olatua oraindik pasa barik, urtarrilan hasi zen igartzen hirugarrena. Espainiako hainbat tokitan gogor jotzen hasi zen, baina E.A.E.-n ez horrenbeste: urtarrilan eko lehen abenduko beherako joera apurtu zen, eta lehen hamabostaldian kutsatuen kopuruak abenduko langa gainditu zuen. Hildakoen kopurua ez, poliki poliki jeisten ari zen oraindik.

    Urtarrilaren bigarren hamabostaldian kutsatuen kopurua azkarrago hazten hasi zen, eta Eusko Jaurlaritza udal konfinamentua ezarri zuen. Gainera, esparru gorritan zeuden herrietan hainbat iharduera galerazi zuen (kirola, tabernak...) Hala ere, ostalaritzakoek demanda jarri zuten, eta Garrido epaileak arrazoia eman zien[4].

    Txertaketa abenduko azken egunetan hasi bazen ere, urtarrilerkao zabaltzen ari zen arrisku-taldeei: zahar etxeetako erabiltzaileak, osasun profesionalak...

    Otsaileko datuak hobeak izan ziren, kutsatuen kopurua bigarren olatuaren hasieran (abuztua-iraila) edota bukaeraren (abendua) pareko. Hala ere, hildakoen kopurua ez zen jaitsi proporzio berean, eta COVID gaixo gehiegi geratzen ziren ZIU ohetan. Otsailaren erdialdean Eusko Jaurlaritzak udal konfinamendua arindu zuen (alboko udalerrietara pasatzea baimenduz) eta martxoak 9tik aurrera EAEn barruko mugimenduak libre geratu ziren. Hala ere, ezin zen komunitatetik irten, eta gainontzeko murrizketak indarrean zirauten.

    Martxoaren erdialdera, gainontzeko komunitateekin batera, konfinamendua Aste Santua pasatu arte luzatu zuten, pandemiaren gorako joera berriak mozteko asmoz. E.A.E.n, nahiz eta martxoko adierazleak hobeak izan, agintariak oso zuhur agertzen ziren, hilabete bukaeran okertzen hasi ziren eta; Nafarroan, berriz, dezente txarragoak ziren.

    Bitartean, talde bereziak txertoa hartuta (lehen dosia, behintzat), txertaketa orokorra hasi zuten, zaharrenekin hasita: 70-80 tartekoak, 60-70koak...

    Laugarren olatua

    Apirilaren hasieran hasi ziren herriak konfinatzen atzera, intzidentzia metatua 400etik gora zituztenak. Eta behin Aste Santua pasatuta, Pazko astean Araba osoa gehi 26 herri konfinatu zituzten. Hala ere, inzidentzia metatuak gorako bidea hartua zuen, eta bigarren asterako biztanle gehienak eremu gorrian ziren.

    Hala ere, eta jartzen ari ziren txertoen eraginarekin konfiatuta, Pedro Sánchez-ek, Espainiako presidenteak, maiatzak 8an bukatzen zen larrialdi egoera ez luzatzea iragarri zuen.

    Urkulluk eta Txibitek indarrean zeuden neurri gehienak mantentzea proposatu bazuten ere, epaitegien oniritzia behar zuten. Nafarroan bidea eman zien, baina E.A.E.-n Garridoren iritzia gailendu zen eta Eusko Jaurlaritzaren neurri gehienak bertan behera utzi zituzten, eskubide konstituzionalen kontra joaten zirelako omen.

    Dena dela, maiatzean kutsatuen kopurua eta, batez ere, hildakoena, asko apaldu zen; adituen ustez, txertoen eragina izan omen zen. Hala ere, ekainaren lehen astean intzidentzia metatuari zegokionez E.A.E. autonomien arteko bigarrena zen, eta Nafarroa seigarrena. Hortik aurrera, datuak etengabe onera egin zuten eta ekainak 26rako mozalak kanpoan kentzeko aukera eman zuten.

    Bostgarren olatua

    Ekaina bukaeran motelaldia edota atzerakada txikia etorri zen, batez ere jende gazteengan. Ez-jaiak zirela (Hernanikoak...), ikasketa bukaerako bidaiak (Palma de Mallorcako donostiarrak, Salouko soraluzetarrak...).

    Uda zela, ez-jaiak zirela, gau giroa zela, mozalen erabilera asko jeitsi zela... uztailean kutsatuen kopurua gero eta handiago egiten ari zen, hirugarren eta laugarren olatuen gertu. Baina, aurrekoekin alderatuta, bostgarren olatu honek bi ezaugarri propio zituen: kutxatutako jende gehiena 50 urte beherakoa zen (zaharragoak txertatuta zeudelako) eta askoz hildako gutxiago ziren (gazteok indar gehiago omen).

    Hala ere, uztailaren bukaeran UCIak betetzen ari ziren, eta egoera gero eta kezkagarriagoa zen. Egoerari aurre egiteko ostalaritzako jarduera murriztu zuten, jaiak bertan behera utzi zituzten eta etxeratze aginduak jarri zuten. Honetaz gain, Urkullu jaunak alarma egoera berriro ezartzeko eskatu zion Sánchez presidenteari.

    Alarma egoera ez zuten indarrean jarri, baina abuztuan gauzak pixkat apaltzen joan ziren. Irailaren hasieran Eusako Jaurlaritza, oraindik arduratuta, indarrean ziren neurriak mantendu zituen (nahiz eta epaitegiek hauetako asko bertan behera utzi, "norberaren askatasunaren" kontrakoak zirelako). Nafarroan, berriz, irailarekin batera neurriak pixkat arindu zituzten.

    Irailaren bukaeran egoera asko hobetu zen, eta COVID-19 kontrako neurriak bertan behera uzteko eskaerak gero eta ozenagoak ziren. Bestalde, ikasturtea hasita, asteburuetan "ikasleen boteilatzar" erraldoiak jazo ziren, oldarraldi eta zaurituen artean, batez ere hiri handietan. Irailaren bukaeran Maria Txibitek, Nafarroako lehendakariak, bertako neurriak bertan behera utzi zituen, eta urriaren hasieran Urkulluk. Bakarrik Estatuak derrigortutako neurriak mantendu ziren: mozala toki itxietan, distantziak mantendu...

    Seigarren olatua

    Europa baino aste pare bat geroago, 2021.eko azaroko lehen astean Euskal Herrian ere kutsatuen kopurua igotzen hasi zen. Nahiz eta biztanle gehienak txertatuta egonik, kutsatutakoen kopurua aurreko olatuen pare igo zen, larritasuna pizten. Hala ere, gaixotasunak eragin askoz arinagoa zuen... txertatu gabekoengan ezik. Horregatik, aurrekoetan baino askoz ospitaleratu eta hildako gutxiago egon zen.

    Hala ere, sortutako larritasunari aurre egiteko gobernuek hainbat erabaki hartu zituzten azaro-abenduan: txertoen hirugarren dosia zabaltzea, mozalak areto barruan zein kaleetan... Alperrik baina! Gabonetako ospakizunak zirela eta ez zirela, abenduan kutsatuen kopurua aurreko olatuen mailara heldu zen eta, larriago oraindik, urtarrilaren lehen astea ia abenduko kopurura heldu zen. Hildako kopurua, aldiz, bigarren eta hirugarren olatuen parera heldu zen.

    Gauzak onera zetozelakoan, otsaila bukaeran debeku ia guztiak kendu zituzten. Mozalak ospitaletan, botikatan eta garraio publikoan bakarrik derrigortu zituzten, eta behin kutsatu eta gero, nahikoa zen etxean geratu antigeno testak negatiboa eman artean.

    Hala ere, seigarren olatuan kutsatuen kopurua (580.000tik gora) aurreko bost olatuena baino dezente altuagoa izan zen (270.000). Heriotz kopurua, garrantzitsua bazen ere, apalagoa izan zen: ia 3.000 vs. 4.800, kutsatuen % 0,6a besterik ez.

    "Normalitate berria"

    2022.eko abuztutik aurrera kutsatuen kopurua asko apaldu zen. Eta 2023.ean mozalaren derrigortasuna desagertu zen: otsailak 8an garraio publikoan eta ekainak 24an osasunguneetan.

    Dena dela, estatistikek erakusten dute heriotz tasaren gorakada (%0,5a seigarren olatuan eta %2,9a "normalitate berrian", sei aldiz handiagoa), baina honen atzean beste arrazoi bat dago: COVIDaren eragina askoz arinagoa zenez, kutsatu askok eta askok ez zuten parterik ematen, eta ez ziren erregistroetan jaso.


    Soraluzeko kutsatuak (Eusko Jaurlaritza 2022)

    Soraluze: udaberriko olatua (lehena)

    Soraluzen COVID-19ko lehen olatuak ez zuen apenas eraginik izan, osasun aldetik behintzat. Gehiago igarri ziren COVID-19a ez zabaltzeko hartutako neurriak.

    Osasun eragina

    Lehen olatua oso arina izan zen Soraluze. Aurreneko lau kasuak martxoak 28an antzeman ziren, pandemia Euskal Herrian sartu eta hilabete batetara. Azken kasua bost aste beranduago eman zen, maiatzak 2an hain zuzen.

    Guztira hamabi kutsatu antzeman zituzten, horietako asko Mendarotik pasa zirela. Ez zen hildakorik izan.

    Gizarte eragina

    Giazarte eragina, berriz, askoz nabarmenagoa izan zen. Lantegiak itxi zituzten aste batzutan, langileak ERTEtik[5] kobratzen zutela soldata; ikastetxe mota guztiak ere hilabeteetan itxi zituzten, eskolak Internet bidez ematen zirela; dendetan erosteko ilarak antolatu ziren kaleetan; tabernak itxi zituzten aurretik, eta terrazak zabaldu gero; kiroldegoa, liburutegia, ludoteka... itxi ziren; ekintza kultural eta kirol jarduera gehienak bertan behera geratu ziren...

    Bilakaerak, poliki bada ere, onera egin zuenean, abenduaren hasieran arauak arindu zuten: konfinamendua probintzi barrura mugatu zuten, tabernak zabaldu (ordutegi murritzarekin)... Eta Gabonak inguruan gehiago, familia eta lagunen elkatzeak errazteko.

    Murrizketak arinduz

    Murrizketak eta trabak indarra galdu ahala, jendea aurreko bizimodura itzulzen hasi zen, pozez[6].

    Pandemia oraindik ari zela, txertorik ez zela garatu... ardura eta zuhurtzia eskatu ziren: pertsonen arteko distantziak gorde, mozala erabili, talde handiak ez egin... baina alferrik! Nahiz eta bakar batzuk (asko?) tentzu jokatu, soraluzetar gehienak lehengo bizimodura bueltatu ziren.


    Soraluzeko kutsatuak hilabeteka (Eusko Jaurlaritza 2022)
    Kontuz! Azken hilabeteko datuak ez daude osorik

    Soraluze: Udazkeneko olatua (bigarrena)

    Uda pasa ostean, eta lehen hotzekin hasita COVID-19a ederki zabaldu zen Soraluzen. Bi alditan sartu ginen eremu gorritan[7], lehena hamar egunez eta bigarrena sei astetan. Lehena irailak 29tik urriak 10ra arte izan zen, eta goiak urriak 2an jo zuen, 533ko intzidentziarekin. Bigarrenak, askoz larriagoa, urriak 16tik abenduak 9ra arte iraun zuen, eta bi "tontor" izan zituen, urriak 29an 1.676ko intzidentziarekin eta azaroak 11an 1.194rekin.

    COVID-19 atzera

    Ondorioak? Mundu guztian jazotakoak! Uztailean hasi ziren kasu berriak (Soraluzen 15ean), tantaka hasieran eta jarraiago gero. Abuztu bukaeran azkartu zen kutsatuen igoera, eta irailaren bukaera beste tontor izan genuen. Baina gogorrena urriak 14tik aurrera etorri zen: hamar egunetan kutsatuen kopurua %50a igo zen!

    Eusko Jaurlaritzaren estatistiken arabera, urriko 25rako 133 soraluzetar kutsatu ziren COVID-19rekin; hau da, 100.000 biztanleko 3.378 kasu. Gainera, nahiz eta estatistika horietan Soraluzeko hildako bakarra agertu, hiru bat lagun gehiago hil omen dira Soraluzen COVID-19ren eraginez.

    Baina COVIDen larritasuna neurtzeko intzidentzia metatua erabiltzen da. Eusko Jaurlaritzaren terminologian, herri bat eremu gorrian egongo da intzidentzia metatua 400ekoa edo gehiago denean. Herriko zenbakitara ekarriz, Soraluze eremu gorrian egongo da kutsatuen kopuru metatua 16tik gora denean[8].

    Irailak 9 eta 10ean lehen aldiz gainditu genuen langa hau, eta irailak 29tik urriak 10era berriro ere. Baina urriak 16tik aurrera Soraluzeko intzidentzia metatua gora hasi zen etengabe.

    Martxa horretan segi eta gero, eta ezer egin ezean, urtea bukatzeko 500 kutsatu baino izango ziren Soraluzen. Eta bigarren olatuan Euskadin dagoen hilkortasun tasa (%1,1) mantendu balitz, bostpasei hildako izango ziren.

    Soraluzeko intzidentzia metatua, 14 egunetan (Eusko Jaurlaritza 2022)

    Alarma egoera

    Inguruko herriekin batera, urriak 26ean Soraluze alarma egoeran sartu zen. Hemen ere alarma egoera hiru esparrutan nabarmendu zen: herritik irten ezina (salbuespenak: lanera, medikura edo premiazko erosketak egitera), leku itxietan aforo eta distantziak zaindu beharra (denda eta aisialdi kulturalean), eta debekatutako jardunak (antolatutako zein taldekako kirola, taberna eta jatetxeak).

    Intzidentzia metatuak hiru egunetara jo zuen goia, 1.676 balioarekin (larritasun maila baino 4 aldiz altuago), eta hurrengo egunetan poliki poliki jaisten hasi zen, kutsatu berrien kopurua apaltzen ari zelako. Hala ere, azaroak 14an berriro hartu zuen gorako bidea, oraingoan 21an goia jo zuela 1.194 balioarekin (larritasun maila baino 3 aldiz altuago).

    Arduratuta, azaroak 25ean Osakidetzak probak egitera deitu zituen hamahiru urtetik berrogei urte bitarteko herritarrei: 1.081 zeuden deituta, baina 323 besterik ez ziren agertu (%30a).

    Azaro bukaeran kutsatu berrien kopurua apaltzen hasi zen, E.A.E.-ko gaineko tokietan moduan... baina astebete geroago. Abendu hasieratik kutsatu kopurua uztaila-urria epeko mailatik azpira etorri zen, eta abenduak 10ean Soraluze eremu gorritik irten zen.

    Soraluze: Gabon osteko olatua (hirugarrena)

    Lehen olatuaren antzera, hirugarren olatu hau ere apenas nabarmendu zen Soraluzen. Izan ere, Soraluzeko zenbakiak E.A.E.koen azpitik ibili ziren: abenduaren erdialdetik aurrera intzidentzia metatuak 100-200 tartean ibili dira (Urte Barrirekin batera 100dik behera etorri baziren ere). Debarroko gainontzeko herri gehienek, berriz, oso kutsatu ratio handiak zituzten.

    Otsailean, berriz, inguruko herrietan poliki poliki bere onera bazetozten, Soraluzekoek pixkat gora egin zuten, baina 200eko langa azpitik. Otsailaren bukaeran 250rainoko igoera izan zen, baina martxorako 200-250 tartean geratu zen. Martxoko erdialdetik aurrera, berriz, 25ra pasa zen.


    Soraluze: Aste Santu osteko olatua (laugarrena)

    Olatu berria

    Pazko astean intzidentzia metatua 25etik 457ra pasa zen, Soraluze eremu gorrian sartuz. Dena dela, aste horretan hartutako erabakiek ez zuten herria konfinatu.

    Hurrengo astean intzidentzia metatua 1.000tik gora zegoen, hamalau egunetan 25etik 1.067ra pasa zela. Esparru gorrian sartu zuten herria, baina bi astetara bertatik atera zuten atzera. Dena dela, intzidentzia metatua ez zen 400tik jaitsi maiatzak 3a arte.

    Ekainean kutsaturik ez

    Hurrengo asteak oso onak izan ziren: maiatzak 15erako Debarroko adierazle onenetakoa izan genuen: 25. Hurrengo egunetan 100 arte igo zen, baina hortik aurrera inor kutsatu ez zenez, maiatza bukaerako intzidentzia metatua 0ra iritsi zen, eta hurrengo asteetan halaxe jarraitu zen. Ekaina osoan ez zen kutsaturik izan.


    Soraluze: Uztaileko olatua (bostgarrena)

    Beste herritan moduan, bostgarren olatua kutsatze masibo batekin hasi zen, uztailaren hasieran.

    DBHko 4. mailan eta batxilerrean ari ziren lehen mailako 55 ikasle Salou-ra (Tarragona) joan ziren ikas-bidaian. Bertan talde bakoitzak bere aldetik ibili zen, baina autobusean elkarrekin bueltatu ziren eta, ikasleetako batek positibo eman ondoren, guztiak konfinatu eta probak egin zizkieten[9]. Azkenean, ia 40 kutsatu berri herrian!

    Ondorioz, intzidentzia metatua 1.400 inguruan egon zen astebetean (bigarren olatuan ia 1.700ra igo zen). Ordutik aurrera banakako kasuak izan ziren, eta intzidentzia metatuta bizkor jeitsi zen. Hala ere, hurrengo asteetan 300-200 bueltan mantendu zen.

    Baina irailaren hasieran kutsatu berriak izan ziren, tantaka, eta hilaren bukaerako intzidentzia metatua 800ekoa zen; esparru gorrian, beraz. bi asteetan intzidentzia metatua 100 azpira pasa bazen ere, irailaren bukaeran berriro 400raino igo zen, eskualdeko altuena. Handik aurrera berriro behera etorri zen, baina oso motel: Estatuan 50tik behera zegoenean, Soraluze oraindik 200 bueltan zegoen.


    Soraluze: Azaroko olatua (seigarrena)

    Hogeitabat egun kutsaturik gabe pasa eta gero, azaroak 7an heldu zen seigarren olatua Soraluzera, bi kutsaturekin. Astebete geroago intzidentzia metatua 152ekoa zen, eta hurrengo egunotan 200etik behera mantendu zen... abenduarekin batera goia jo arte: Gabonetan aurreko olatuen mailetara igoa zen, eta Errege ostean intzidentzia metatua aurreko errekorra baino lau aldiz handiagoa izan zen, 8.300tik gora! Hurrenez hurren, abenduan eta urtarrilan 162 eta 437 kasu izan genituen.

    Hortik aurrera gauzak hobetzen joan ziren, baina ez nahi bezain bizkor: otsaila bukaerarako espero zen intzidentzia metatua 400 azpitik egotea. Ordutik apirila arte 250-350 inguruan ibili bada ere, apirila hasieran gora egin zuen berriro baina hilaren bukaerako berriro erori zen 400dik azpira, eta uztailaren erditik aurrera 200dik azpira.

    Hala ere, olatu hau aurrekoak baino askoz arinagoa izan zen: jende gehiagotara heldu, baina eragin askoz murritzagoarekin: asko jota, etxean geratu astebete eta kitto!


    Soraluze: "normaltasun berria"

    2022.eko otsailetik aurrera Soraluzeko inzidentzia metatuak beherako bidea hartu zuen, gailur batzurekin: apirilean (838), maiatzean (254), ekaina (330), abuztua (203).

    Eta abuztutik aurrera, gainontzeko Euskal Herrian modutan, Soraluzen ere kasuak asko jaitsi ziren, egun askotan ez zela kutsaturik erregistratu. Horregatik, intzidentzia metatua 100 eta 50 azpitik ibili da. Salbuespena urrian izan zen, intzidentzia metatua 711raino igo zela, baina hilabete bukaeran balio oso apalak hartu zituen atzera.


    Erreferentziak

    1. COVID-19 pandemia. Wikipedia (euskaraz).
    2. COVID-19 pandemia Euskal Herrian. Wikipedia (euskaraz).
    3. Koronabirusaren bilakaera Euskadin. www.euskadi.eus.
    4. Eremu gorrian dauden ostatuak zabaldu ahalko dira. Berria (2021/02/09).
    5. ERTE. Aldi baterako enplegu erregulazioa espedientea/ Expediente de regulación temporal de empleo.
    6. Kale gosea. Ubane Madera (pilpilean.eus 2020/05/02).
    7. Eremu gorria: azken 14 egunetako intzidentzi metatua 400tik gorakoa zenean.
    8. 100.000 biztanle / [400 kasu x 3.937 biztanle] = 15,75.
    9. 19 positibo eta 55 konfinatu Saloura egindako bidaiaren ostean. Ubane Madera (plaentxia.eus 2021/07/02).