Deba ibaia. Arrantza tresnak (eu)

    Sorapediatik
    (Arrantza tresnak (eu)(e)tik birzuzenduta)

    Motak eta erabilerak

    Arantza tresnak asko eta mota askotakoak izan dira.

    Bakar batzuk arrainak banan banan harrapatzeko balio zuten (kaña, arrokapekoak), baina gehienak arrain multzoak arrantzatzekoak ziren.

    Tresna gehienetan arrainak amuetan geratzen ziren lotuta edo sarean bilduta. Salbuespenak baziren: eskuz edo botilekin harrapatu zirenak.

    Azkenik, tresna batzuk arrantzalea bertan egotea eskatzen bazuten ere, beste batzuk pasiboak ziren: ibaian edo errekan laga eta handik orduetara arrantza jasotzera etorri behar.


    Tresnak eta teknikak

    Arrokapekoa (eskuz)

    Teknika hau izan den zaharrena izango da.

    Murgilean sartu eta urpean igeri eginez, zulo eta harri handien azpietan bilatzen ziren arrainak. Ia edozein espezie harrapa zitekeen eskuz, baina batez ere loinen, barbuen, amuarrainen eta aingiren bila ibiltzen ziren, baita karramarroak eta ur-zorrixak ere.

    Halaber, aingira arrantzatzea zailagoa izaten zen, eta kordela erabiltzen zen.

    Kañia

    Teknika arruntena zen, kanabera, tantza[1] eta amuarekin arrantzatzen zen.

    Batez ere amuarrainak eta barbuak hartzeko erabiltzen zen. Amuzkia harrapatu nahi zen arrainaren araberakoa jartzen zen: lurreko txitxarea (amuarraientzat), ondo zukutako arto puska bat (barbuentzat), ogi mamia (loina txikientzat), oskoldun kanutiloak, artirinezko edo ogizko bolak...

    Eskirola

    Sare bat izaten zen txano edo inbutu formarekin, makila luze bati lotuta.

    Edozein arrain mota harrapatzeko balio zuen, baina normalki eskailuak harrapatzen ziren, eta beste arrain txikiak ere: loina txikiak eta muxar handiak.

    Askotan, ufala zegoenean, arrain txiki haiek ibai ertzean babesten ziren, ura pilatuta gelditzen zen tokietan. Orduan bertan murgiltzen zuten tramankulua, arrainak babestuta zeuden tokian. Finenak izaten ziren.

    Esparbela

    Forma borobila duen sarea zen, sare hau jaurti egiten zen arrainak ikusten diren tokira. Sareak hertzean berunak zituen ondora azkar joateko eta arrainak harrapatzeko.

    Sakonera gutxiko uretan erabiltzen zen, arrantzalea oin hutsik uretan sartzen zen arrainak ikaratu gabe eta ondoren sarea gainean botatzen zien. Txaneletik ere erabil zitekeen.

    Remanga edo txingia

    Poltsa formadun sare bat izan ohi zen, soka bati lotuta, tamaina nahiko handia zuen eta ur sakonetan erabiltzen zen. Edozein espezie arrantza zitekeen baina normalki, eskailuak eta loinak harrapatzen ziren.

    Ramiro Larrañagaren arabera, ohikoa izaten zen txalupa batetik loina talde baten gainera xinga izeneko sare bat botatzea, horrela arrainak sare borobilean harrapatuta geratzen baitziren.

    Oharra. Ez da nahastu behar txinga izenekoarekin.

    Amua edo kordela

    Soka luze bati tarteka hainbat tantza edo pita motz lotzen zaio, bakoitzak bere amuarekin. Honela amu ugari jarri daitezke muntai berdinean. Teknika hau, palangre izenarekin, itsasoan ere oso erabilia da.

    Aingirak arrantzeko erabiltzen zen.

    Ibaira (gehienetan gauez) hainbat amu zintzilikatuta zituen soka botatzen zuten. Sokaren punta bat harri bati lotzen zitzaion eta beste ertza, berriz, ibaiertzeko adar bati.

    Amu bakoitzak bere txitxara zeukan, aingirek amua heldu eta hauek han harrapatuta gelditzeko. Eguna argitu aurretik batu bihar izaten zen.

    Butroia edo pertola

    Butroia, sarearekin eta egurrezko uztai batzuekin eraikitzen zen. Inbutu zurrun bat egiten zuten, arrainak erraz sartzen ziren bertan, baina behin barruan zeudela ezin ziren irten.

    Artirinaz igurtzen zuten butroiaren egurrezko uztaia arrainak barrura erakartzeko.

    Bazegoen butroi antzeko beste tresna bat, abusa, tamaina handiagoa zuena. Butroiak eta abusak ongi egiteko artisautza eta teknika ezagutza beharrezkoa zen, ezagutza hauek, belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren. Baliteke Soraluzen butroigintzan aritutako azkenetakoa Margarita Azcarate Ganuza izatea (1897-1978).

    Abusa

    Butroi formako eta tamaina handiko zumezko tramankulua zen.

    Teknika honek espezie guztietako arrainak arrantzatzeko balio zuen eta eraginkortasun handia zuen.

    Txinga

    Txinga sare bat zen, karratu luze itxurakoa. Ibaian alderik alde jartzen zen edo ibaian gora oinez igotzen zen sarea zabalik zutela.

    Teknika hau, debekatua zegoen kasu askotan, edozein espezie eta tamainako arrainak harrapatzen zirelako, sarraski handiak sortuz.

    Oharra. Ez da nahastu behar remanga izenekoarekin.

    Botilia

    Beirazko botilak erabiltzen ziren, ipurdia ahurra (barrurantz sartuta) zutenak. Ipurdian zuloa egiten zitzaien arrainak sartu ahal izateko eta butroi moduko tresna izateko.

    Barruan ogi apurrak edo artirina amu gisa jarri, kortxoaz itxi eta sakonera gutxira jartzen ziren, korrontearekin lerrokatuta. Kortxoa beti ibaiaren korrontearen kontra, botilaren ipurdian halako une lasaia sortzeko eta arrainak erakartzeko. Arrainek ogia ikusi eta botila barrura erraz sartzen ziren, baina ezin zuten atzera urten.

    Arrain txikiak harrapatzeko erabiltzen zen: eskailuak (gehien bat), muxarrak eta loinak.

    Harresixa

    Harriak pilatuz, hesiak sortzen zituzten uretan, ura desbideratzeko eta honela arrainak ere nahi zituzten tokietara eramateko.


    Debekuak

    Iraganean, Deba ibaia igarotzen zen herrietako udal-ordenantzek ibaiko eta errekastoetako arrantzari buruzko xedapen asko zehazten zituzten, gehienetan era guztietako debekuak izaten zirenak.

    Halaxe, 1695an, Soraluzeko udal-ordenantzetako 44. xedapenak, ehizari eta arrantzari buruzkoak honakoa zioen:

    herritar askok debekatutako tresnekin egiten duten ehiza eta arrantza..., eta ondorioz ...hemendik aurrera ezingo da eskopetaz, amuz edo benaka izeneko sarez edo aingiratarako pertol txikiz ehizatu edo arrantzatu...

    Inguruko herrietan ere antzeko debekuak zabaldu ziren: Bergara (1709), Arrasate (1709), Elgoibar (1762). Ordenantza hauen esker badakigu zein teknika erabiltzen zituzten, nahiz eta debekatuta izan...


    Erreferentziak

    • Ibaiko arrantza. Aintzinako lanbideak. Carmelo Urdangarin eta Jose Maria Izaga.
    1. Kordela edo pita.