Sociedad Anónima Placencia de las Armas (eu)
Enpresaren sorrera
1886 urtean Nordenfelt Guns and Ammunition Company enpresa ingelesak The Placencia de las Armas Company Limited sortu zuen, eta Zuazubizcar, Isla y Cía S.A. enpresaren ondasunaz jabetu zen. The Placencia de las Armas Company Limited enpresak Londresen zuen egoitza, eta Madrilen zuzendaritza.
Hurrengo urtetan jabea beste enpresa batek erosi zuen, eta hau beste batek eta... azkenean Vickers taldea egin zen The Placencia de las Armas Company Limited enpresaren jabe.
1935 urtean, egoera politikoa zela eta, Espainiako inbertsore batzuk The Placencia de las Armas Company Limited enpresaren akzio gehienak erosi zituzten, eta izena aldatu zioten: S.A. de Placencia de las Armas. Egoitza ere Soraluzera ekarri zuten. Hala ere, Vickersek oraindik Administrazio Kontseiluan egoteko eskubidea gorde zuen, argazkian ikusten den bezala.
1.935 urte hartan bertan fabrika berria osatu zuten, tailer-eraikinaren ertzean beste pabiloi txikiagoa jasoz, gerora langileentzako taberna (Ekonomatoa), ileapaindegia... jartzeko.
1936-1939ko gerra
Gerra suertatu zenean, Soraluze Errepublikaren esparruan geratu zen. Handik bi hilabetetara (irailak 22an) nazionalak sartu baziren herrian, ordurako hainbat pieza eta makina Bilbora eraman zituzten.
Frontea hilabete luzeetan Soraluzen ezarri zenez, fabrika behin baino gehiagotan bonbardatu zuten. Honek bi eragin izan zituen: bulegoen eraikinaren aurrean babesa eraiki, eta ekoizpen zati handi bat Beasain eta Andoaina eramatea.
Gerraostea
1941ko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zegoen, eta lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko. Argazkien arabera, fabrika berria erakutsi zioten.
Urte haietan errepidearen bestekaldean zegoen Benta-zarra ere bota zuten, biltegiak egiteko. Baina ordurako SAPA konturatu zen Andoainek eskeintzen zituen aukerekin, eta 1942 urtean lantegi berria egin zuen bertan. Ordutik aurrera Andoaingo lantegiak aurrea hartu zien Soraluzekoei.
Bigarren mundu gerraren garaian, kainoiendako munizioa Alemaniara esportatzen zuten eta, isilpean jarduteko, kutxetan Naranjas de Placencia jartzen zuten. Joseba Barandiaran andoaindarrak kontatzen duenez[1], espia sareak Irunen halakoak antzematen zituenean, Frantziako erresistentziakoak jakinaren gainean jartzen zuen, gero Landetan tren hori lehertzeko.
Gerra ostean betiko produktuak egiten zituzten, batez ere kanoiak, morteroak eta hauen munizioa. 1953 urtean Suediako Bofors etxeari kainoi antiaereo bat egiteko lizentzia erosi zioten, atoian eramateko 40 mm L/70 kainoiarena hain zuzen. Denetara 400 bat kainoia egin zituzten, eta miloitik gora jaurtigai.
1.970 urtetik aurrera tanke edo gerra-gurdien osagaiak ekoitzen hasten da. Eta 1.982 urtean VCTPentzako[2] dorretxoak egiten hasten da.
Honekin batera, Espainiako armadaren kainoi antiaereoen mantentze- eta eraberritze-lanak ere egiten ditu (Oerlikon 20/120 eta, batez ere, 35/90 modeloak).
Dibersifikazioa
Armagintzaren menpe ez egoteko, 1.960 urtetik aurrera SAPAk hainbat produktu berriak atera zituen: engranajeko hortzak lantzeko lanabesak (Fellow sistema), pneumatika osagaiak (balbula, akoplamendu, brida), ehungailuak (Belgikako Snoeck lizentziarekin)...
Azken produktuaren arrakastak bultzatuta, 1.982 urtean I+G unitatea bat sortu zuen, propio ehungailuentzat. Eta 2.001 urtetik uarrera SAPA Textik S.L. sortu zuten.
...eta etorkizuna: trasmisioak
1.989 urtean CD-850 trasmisioa ekoizten hasten da, Allison Trasmission enpresaren lizentziadun bakarra dela.
Hamar urte geroago, Leopardo programan, Espainiako armadaren 239 gerra-gurdientzako trasmisioa, eta errodaje trena egiteko aukeratu zuten.
Azkenik, 2.002 urtean erabakitzen du bere produktuak garatzea, lizentziekin ekoiztu beharrean. Horretarako Centro de Excelencia Placencia I+D[3] sortu zuen, gaur egunean 200 langile baino gehiago duena. Hasieran, Soraluzen ezartzea ere pentsatu bazuten, garai hartan Debarroa aintzindaria zelako Ikerketa eta Garapen arloan (Tekniker Eibarren, Ikerlan Arrasaten...), azkenean ez zen lortu.
Erreferentziak
- Sociedad Anónima de Placencia de las Armas. SAPA. Trayectoria histórica de una empresa (1935-1985). Victor Placencia Mendia (Andoaingo Udala-Leiçaur 2012).