Zutik ozta-ozta nator (eu)
Zutik ozta-ozta nator | |
---|---|
Egilea | Benan Oregi |
Hizkuntza | Euskaraz (eta gaztelaniaz) |
Urtea | 2016 |
Argitaletxea | Elkar |
Hiria | Donostia |
Izenburu osoa
Zutik ozta-ozta nator
Liburua zertan den
Benan Oregik aitxaitxak espetxetik bidalitako gutunak jaso, antolatu eta komentatu ditu. Honela hasten da liburu bera:
Kalebarreneko etxean ezagutu genituen txikitatik, kutxa batean ondo tolestuta eta gordeta, gerra-denborako ehunka karta. Umetan egindako aurkikuntza izan zen: misterioz inguratutako kartoizko kutxa batean zeuden, amamaren logelako armairuan gordeta, hariz inguratuta eta horituta.
Hiru urteko lana behar izan du 288 orrialdeko liburu mardula ontzeko. Argazki, gutun eta agiriz hornitua dago eta laurehundik gora lagunen erreferentziak jasotzen ditu, baita aititak egindako hainbat bertso ere. Liburua euskaraz idatzita dago, tartekatzen dituen gutunak eta agiriak gazteleraz badaude ere.
Benanen helburua ez da izan aititari omenaldia egitea, istorio partikular bat kontatuta belaunaldi oso baten historia kontatzea baizik. Nahi nuke liburu honek balio izatea antzeko egoerak bizi izan zituzten familiak anima daitezen euren historia kontatzera.
Benantzio Iñurrietari buruzkoak
Gerraurrean EAJko zinegotzia izan zen Benantzio Iñurrieta[1].
Gerra hasi zenean kartzelaratu egin zuten, eta lau urte eta erdi eman zituen preso, frankisten esku; besteak beste, Iruñeako Ezkaban.
1936-1940 bitartean preso zegoela, kartzeletatik etxera bidali zituen 256 gutunetatik abiatuta idatzi du Benan Oregik – lehengusuen laguntzarekin- aititaren ibilbide politiko, erlijioso eta kulturalaren gaineko liburua: Zutik ozta-ozta nator.
Etxera bueltatu zeneko bertsoak
Ondorengoa da kartzelatik etxera bueltatu zenean Benantziok senideei kantatu zizkien bi bertsoetako bat, liburuari izenburua ematen diona:
Zutik ostostan nator ni kartzelatikan azurrak agirian da indarrik barikan. Ez uste orregaitik ni aldatzerikan kastigatuagatik gogor arturikan burua oraindik dakart lengo lepotikan. |
Lenbiziko agurra sendi maiteari: guraso, ta emaste seme-alaberi. Besarkada goxo bat emanik danori otoitz egin dayogun gaur goiko Jaunari Bisirik etorri naiz eskerrak Berari. |
---|
Liburuaren aurkezpenak
Liburua Boisen (Idaho) aurkeztu zuen 2016eko abuztuan. Benanek hogeita zazpi urte daramatza Gasteizen bizitzen eta hogei urte inguru Eusko Jaurlaritzak Diasporako Euskal Komunitatearentzako eratuta duen zuzendaritzan lanean. Ondorioz, lotura sendoak ditu Boiseko euskal komunitatearekin.
Aurkezpen ofiziala Soraluzen egin zen, 2016eko irailak 22, herriko antzokian. Herritar mordoxka hurreratu ziren bertara, tartean, Iñurrietatarren familiako kide asko.
Une hunkigarriz betetako ekitaldia izan zen. Aititak etxera bueltatu zenean kantatu zituen bertsoak kantatuz hasi zen ekitaldia eta, ostean, Benan Oregik aitititak Iruñeako Ezkabako San Cristobal gotorlekuan egindako gartzelaldiaren berri eman zuen, bitartean Joxean Iñurrietak gutunen pasarteak irakurri zituela. Aurkezpenaren amaieran Benanek aititari idatzi dion gutuna irakurri zuen hunkituta eta ostean, Maite Iñurrietak, Ane Ugaldek eta Joanes Iñurrietan gerraren inguruko hiru bertso kantatu zituzten ekitaldiari amaiera emanez.
2016eko urrian liburuaren hirugarren aurkezpena egin zuten, Gasteizen.
Irudiak
Handitzeko sakatu
Erreferentziak
- ↑ Benantzio ez zen heroia, bere garaiko pertsona arrunta zen. Benan Oregi. Plaentxia.eus