Fabrika berria (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 10:52, 15 iraila 2023
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Fabrika berria
    Fabrika berria. Bulego eraikina.jpg
    Estiloa Razionalismoa
    Mendea XX
    Kokapena Baltegieta kalea
    Mota Eraikina


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Eraikin nagusien azalpena

    Fabrika berria azken urteetako itxurarekin (Oscar Pérez 2021)

    Hasieran sortutako solairu bakarreko bi nabeak, burdinazko egituraz eraiki zituzten, errematxatutako sareta-zutabeak eta -habeak erabiliz. Era berean, AEBetako tankerako zertxak ere baliatu zituzten. Lantegira, jatorriz, fatxada laburretatik sartzen zen, zirkulu erdiko arkudun ateak igarota (aspaldi itxita).

    Bulego eraikinak, bi nabeen artekoa, oso bestelako itxura du. Noranzko bakarreko hormigoi forjatuzko egiturako eraikina da, eta adreilu zarpiatuzko hormak ditu. Fatxada hiru erregistrotan eta zazpi ardatzetan antolatuta dago, eta garai batean frontoia zeukan goialdean, gaur egun botata dagoena. Estalkia laua da.

    Tailer-eraikina oso antzekoa da: hiru solairu ditu, fatxada nagusia hiru erregistrotan eta zazpi ardatzetan antolatuta dauka, eta estalkia laua ere.

    Beste ertzean, Gabolats zubiaren ondoan, prentsa lantegia dago, neurri txikikoa eta solairu bakarrekoa. Egitura hormigoi forjatuzkoa du, eta estalkia AEBetako tipoko burdinazko zertxen gainean.

    Eraikin multzo honi "ekonomatoaren taberna" gehitu zioten iparraldean, eta errepideko beste aldean biltegiak eta argindarraren transformadorea eraikimzituzten. Bion artean zegoen iturria antolatu zuten.

    Fabrika berria ibaitik (E. Aldazabal 2011)
    Fabrika berria kaletik (E. Aldazabal 2011)


    Historia

    Soraluzeko Fabrika zaharra 1861. urtean eraiki zen. Baina leku falta zela, eta irisgarritasun eskasa zuenez, The Placencia de las Armas Company Limited jabeak lantegi berri bat (Nueva Fábrica de Placencia de las Armas) eraikitzea erabaki zuten. Horretarako, Maltzagatik etorrita herri sarreran zeuden lursailak aukeratu zituzten, Benta Txuria eta Benta Zarra inguruetan.

    Soraluzen dagoen espazio faltagatik, fabrika berria bost eraikinetan antolatu zuten, gehi eraikin laguntzaileak (biltegia, probalekua, taberna).

    Halaxe, lehenbizi nabe bakarra egin zuten, luzeena, Benta Txuritik Maltzagaranzko norabidean (1916-1917). Jarraian nabe motza eraiki zuten, Gabolatseko zubitik Benta Txuriraino (1917-1918).

    Sei urte geroago (1924) eraikuntzarekin jarraitu zuten, eta bi urte geroago fabrika berriaren funtsezko eraikinak bukatuta zeuden. Horretarako Benta Txuria bera bota zuten, eta bertan bulego eraikina jaso, alboetako bi nabeak lotuz. Herritik gertuen zegoen aldean prentsa lantegia eraiki zuten, eta beste ertzean tailer-eraikina.

    Orduan pasa zituzten fabrika berrira ekoizpen gehiena, bulegoak eta zerbitzu nagusiak. Fabrika zaharra berriaren menpekoa zen, bertan geratu zirela artilleria kainoien barrenagailuak, sutegia etab.

    1935. urterako, tailer-eraikinaren ertzean beste pabiloi txikiagoa jaso zuten, gerora langileentzako taberna (ekonomatoa), ileapaindegia... ezarri zituztela.

    Gerra ostean, errepidearen bestekaldean zegoen Benta Zarra ere bota zuten, biltegiak egiteko. Inguruan zegoen iturria konpondu zuten eta zuhaitzak sartu ere.

    1941.eko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak SAPAren Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zegoen, eta lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko. Argazkien arabera, Fabrika Berria erakutsi zioten.

    Azkenik, gerra garaian fabrika bonbardeatu zutenez (eta hildako bat izan zen), bulegoen eraikinaren aurrean babeslekua eraiki zuten (refugioa). 1942/03/17rako bukatuta zegoen. Ez zen beharrezkoa izan, eta inoiz txirbil biltegi moduan erabili izan zen.

    Oraindik 1945 urtean Andoaingo lantegia jotzen zuten Soraluzeko lantegiaren laguntzaile oso estimagarria[1]. Baina Andoaingo lantegiak aurki aurrea hartu zien Soraluzeko lantegiei, eta azkenean hauek utzi egin zituzten, Fabrika Zaharra aurretik (1975. inguruan) eta Fabrika Berria gero (2005. urtean).

    2005tik aurrera eraikinak hutsik daude.



    Etorkizuna

    XXI. mendeko lehen hamarkadan SAPAk bere I+G saila bertara ekartzeko asmoa agertu zuen, baina azkenean ez zen gauzatu.

    2018. urtean SAPAk Gabolatseko zubiaren ondoko bi nabeak (prentsa lantegia eta lehen nabe luzea) Soraluzeko Udalari "eman" zizkien, inoiz gainontzeko esparruan etxebizitzak egiterakoan Udalak hartuko lukeen ordainetan.

    Udalak bertan plaza estalia egiteko proiektua dauka, jatorrizko egitura eta teilatua mantenduz. Egitasmo hau 2023.ean martxan jarri zen.

    Zaharberritze proiektua (Soraluzeko Udala)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak

    1. "un muy estimable auxiliar de Placencia”. Memoria y Balance correspondiente al Ejercicio de 1945 para la 9.ª Junta General Ordinaria de la SAPA.