Lauko Aliantzaren Gerra (eu)
Lauko Aliantzaren Gerra (1717-1720)
Nahiz eta Espainiako Ondorengotza Gerra (1701-1714) irabazi, ondorioak garratzak izan ziren Felipe V. Borboikoarentzat, ordurarte Espainia azpiko hainbat eskualdei uko egin behar zion eta: Menorka, Belgika, Napoli, Sizilia, Sardinia…
1714. urtean bigarren aldiz ezkondu zen, Italiako Isabel Farnesiorekin. Eta, emazteak xaxatuta, bion semeentzako lurrak berreskuratu nahian hasi zen 1717.ean: Sardinia aurretik eta Sizilia gero. Eta gainera Frantziako erregea inoiz izateko aukerak zituen, bi koroak bilduz.
Kezkatuta, Britainia Handia, Frantzia, Austria eta Herbeheretako Errepublika Lauko Aliantza osatu zuten, eta haren kontra gerra hasi zuten: Lauko Aliantzaren Gerra[1].
Gerra, besteak beste, Pirineotan garatu zen: Katalunia aldean lehen eta Euskal Herrian gero.
Gerra Soraluzen
Orduko giroa: 1718.ko matxinada
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
1717. urtean Felipe V.ak Ebrotik itsasertzera ekarri zituen aduanak, eta honek 1818.ko matxinada piztu zuen Bilbon, Debarroraino heldu zena. Matxinatuek agintari eta noble batzuk hil zituzten, jauregiak erre…
Eta osteko errepresioa ere oso latza izan zen: heriotz zigorrak, espetxeratuak, deserriak, isunak...
Berwickeko dukea Gipuzkoan sartu
Gerra sortu zenean, herri gehienek beren konpainia osatu zuten, Soraluzek barne, biztanleriaren arabera. Orokorrean, soldaduak ezkongabeen artean aukeratzen zituzten, zozketaren bidez; eta premiazko langile batzuk (armagileak, esateko) salbuetsita izaten ziren.
Hasierako bi urtetan guda Kataluniako mugan gertatu bazen, 1719.ko maiatzak 12an James Fitz-James[2], jeneral frantsesa eta Berwickeko dukea, Baionara heldu zen 30.000 gizonezko gudarostearekin[3].
1717.eko matxinadaren ostetik Felipe V.ak hiru bat mila soldadu zituen Euskal Herrian kantonatuta, bada ezpada, Blas de Loya maretxalaren aginpean. Baina 1719.eko maiatza hasieran Berwicken gudarosteak Bidasoa zeharkatu zuenean, erregeak erretirada agindu zuen, eta probintzi bakoitzak bere defentsa antolatu zuen (Gipuzkoak 5.000 gizon deitu zituen)… baina gogo handirik gabe, itxura denez (aduanak oraindik kostaldean zeuden eta).
Berwicken gudarosteak Hondarribia setiatu eta ekainean bertan hartu zuen, 18an hain zuzen. Egun horretan bertan Jose de Mendiolak, Gipuzkoako Koroneltzaren sargento nagusiak, Soraluze, Elgeta, Zumarraga, Zegama eta Zizurkilgo konpainiak zabaldu zituen inguruetan, frantsesak oztopatzeko asmoz.
Baina hauek aurrera egin zuten, Pasaian hainbat itsasontzi erre zituzten, Oiartzun, Lezo, Errenteria eta inguruaz jabetu ziren, eta uztailak 4an Donostia setiatu zuten. Hainbat egunetan borrokatu eta gero, Donostia abuztuak 2an errenditu zen, eta bertako gaztelua 19an. Bitartean, Felipe V.ak eta Lesakan zituen 15.000 soldadu Iruñara erretiratu ziren.
Soraluze okupatuta
Hondarribia eta Donostia hartuta, Blas de Loya maretxalaren 3.000 soldadu espainiarrak ordurako alde eginda eta Felipe V.a bere Iruñara erretiratuta, Berwick-eko dukearen gudarosteak ez zuen arazo handirik topa aurrera egiteko. Ondorioz, abuztuaren bigarren erdian Berwick-en gudarosteek Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba osoak okupatu zituzten, Soraluze tartean. Ez da ezagutzen bertan goarnizioaren bat eratu zuten, Erret Lantegiak zaintzeko.
Soraluze Frantzian
Espainiako Ondorengoaren Gerra ostean Felipe V.ak eta orduko agintariek oso estilo zentralista agertu zuten, Aragoiko koroaren lurraldeen foruak bertan behera utziz[4]. Orduan Euskal probintzien foruak "salbatu" ziren, Felipe V.aren alde egin zutelako.
Baina 1717.eko aduanen dekretua foruen aurkakoa ikusi zen, antzeko beste askoren lehena agian; ea foruen aldeko ardura piztu zen.
Horregatik, Berwick-eko dukeak Donostia konkistatu ostean, abuztuak 7an Aldundiak foruak gordetzeko hitza eskatu zuen, baiezkoan Frantzian sartzeko prest zegoela adieraziz. Eta Frantziako gobernua beretzat aitortu zuen gero.
Abuztuak 18an Berwick bera Donostiako gazteluan sartu zen, eta Bizkaiara gutuna bidali zuen, negoziatzeko. Bizkaiako Aldundiak, gerra aurki bukatuko zelakoan, gutuna erregeari birbidali zion, ezer erantsi gabe. Baina egunetara Berwick-eko dukearen gudarosteak Bizkaia osoa hartu zuen.
Araban ere gauza bera gertatu zen. Berwick-en gudarosteek okupatuta, abuztuak 29an Frantzian sartzeko eskaera sinatu zuen, honek foruak gorde eta gero.
Bukaera
Erretirada
1719. bukaeran Felipe V.ak ulertu zuen indarrez inoiz ez zuela bere helburuak lortuko, eta amore eman zuen. Lehenik eta behin Alberoni ministroa kendu zuen, eta negoziaziotan hasi zen Italiako eskualde batzuk bere semeentzat lortzeko asmoz.
Azkenean, bakea Hagan (Holanda) sinatu zuten, 1720.ko otsailean, Lauko Aliantzaren Gerra bukatuz. Usteak ustel, Felipe V.ak ez zuen semeentzat ia ezer lortu, ez gerrarekin, ezta bake itunarekin.
Bitartean, Berwick-en dukea eta bere gudarostea Frantziara itzuli ziren atzera, euskal probintziak askatuz, Soraluze barne. Felipe V. erregeak euskal probintziak berreskuratu zituen.
Carte du Guipuzcoa
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
1720. urtean, gutxi gora behera, François de la Blottière injeniari militarrak Gipuzkoako mapa marraztu zuen: Gipuzkoako mapa, aldi berean Nafarroako zati bat, Frantziako, Araba eta Bizkaiko mugak erakusten dituela, baita Baztan eta Araitz haranak zein Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola, Deba eta Artibai ibaien arroak.
Soraluze (Plazenzia) ondo nabarmenduta dago. Baliteke soldadu frantsesak bertatik pasa izana, edota bertan egon izana, armagintzaren erdigunea zen eta.
Segururena, mapa hau osatzeko datuak Berwick-en kanpainan lortuko zituen, eta ostean marraztu. Halaxe egin omen zuen beste kasuetan ere.
Erreferentziak
- ↑ Lauko Aliantzaren Gerra. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ James Fitz-James (Berwickeko I. dukea). Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Beste batzuk 16.000 zirela diote.
- ↑ Oin Berriko Dekretuak edo Decretos de Nueva Planta (1707-1716).