Historia. Soraluze Gipuzkoan (eu)
- Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
- Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
1025. urteko dokumentu batek aipatzen du lehenengoz Gipuzkoa deitura (Ipuscua, Huescako San Juan de la Peñako monasterioan aurkituriko dokumentu batean). Garai hartan Gipuzkoa izena toponimoa zen, eskualde bati zegokiona. Eta, beraz, muga zehatzak ez zituena.
Gipuzkoako hiribilduen batzarrak
XIII. mendearen hasieratik hasi ziren Gipuzkoako hiribilduak biltzen, beraien arazoak konpontzeko asmoz. Hiribilduak erregeek sortuak zirenez (kapareen boterea murrizteko asmoz), Gaztelako erregeen ordezkariek edo korrejidoreek ere hartzen zuten parte.
Urtean bitan biltzen ziren ohiko batzarretan, aurrez erabakitako hirian. Premiazko erabaki bat hartu behar zenean, berriz, Batzar Bereziak, Usarraga (Bidania) eta Basarteko (Azkoitia) soroetan biltzen omen ziren.
Tolosako Batzar Orokorrak (1375)
Soraluze Gipuzkoako Batzar Nagusian
Markinako lurraldean lau hiribildu antolatu ziren: Soraluze (1343), Eibar (1346), Elgoibar (1346) eta Markina (1355).
Ez da ezagutzen noiz batu ziren Soraluze, Eibar eta Elgoibar Gipizkoako Batzar Nagusietara, baina 1375. urteko Batzar Orokorretan, Tolosan egin zirenak, parte hartu zuten.
Batzar hau oso garrantzitsutzat jotzen da, bertan antolatu zen Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea[1], Gipuzkoaren sorrera ofiziala omen dena. Ordurako Soraluze bertan zegoen.
Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea
XIII. mende bukaerako krisiaren eraginez, kapareen diru sarrerak dezente murriztu ziren. Ondorioz, jauntxoek jopuak lapurtzen hasi ziren (beste kapareen jopuak, ez beraienak), hiribilduak erasotzen eta, azkenean, bi talde eginda elkarren aurka aritu ziren (oinaztarrak eta ganboararrak).
Tolosan jorratutako gai larri bat lapurrena eta jauntxoen bortizkeriarena izan zen.
1362. urtean lehengo aldiz agertzen da Gipuzkoa izena erakunde bati lotua: ‘’Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea’’. Ermandadeak hiribilduen arteko elkarteak izaten ziren, helburu jakin batekin sortuak eta, gehienetan, behin behinekoak.
1362. eta 1370. artean behin baino gehiagotan aipatzen da agirietan ‘’Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea’’, baina Ermandadea 1375.eko Batzar Orokorretan antolatu zen.
Helburu nagusia herri bakea mantentzea zen; argiago esateko, hiribilduak babestu ahaide nagusien gehiegikerien aurka.
Besteak beste, Ermandadeko alkateek eskumen bereziak zituzten Gipuzkoako edozein tokitan jardun ahal izateko, salatutako edozein kasu ikertzeko eta behin betiko epaiak emateko (hau da, helegiterik ez zutenak).
Getariako Batzar Orokorrak (1397)
1397. urtean Getarian egin ziren Batzar Orokorrak oso garrantzitsuak izan ziren, Gipuzkoaren eratze politikoan mugarria izan zirelako: orduan aitortu zieten jatorri gipuzkoarreko guztiei kaparetasuna eta, bestetik, Batzar hartan hartutako ebazpenak Probintziako lehen Ordenantza Liburuan idatzi zirelako.
Erregeak erakunde politiko berria sustatzeko interes handia zuen, batez ere kapareen boterea apalduko zuelakoan. Horregatik, Gonzalo Moro korrejidorea izan zen Batzarraren burua.
Kapituluetako batean, "Ermandadeko alkatearen" figura sortzea ezarri zen, lurraldean maiz gertatzen ziren gaiztakeriei aurre egiteko.
Soraluze Arrasateko Ermandadean
‘’Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea’’ren lana eraginkorragoa egiteko, beste ermandade txikiagotan antolatu zuten, orduko hiri nagusien inguruan: Arrasate, Azkoitia, Donostia, Getaria, Tolosa eta Segura.
Soraluze Arrasateko barrutian geratu zen, Bergara, Eibar, Elgeta eta Gatzagarekin batera.
Arrasateko Ermandadearen alkatea izendatzeko prozedura ere ordenantzetan dator: "Arrasatek bi urte bere alkatea, hirugarren urtean Bergarak, eta horrela urte guztietan"; hau da, bakarrik adineko gizon arrasatearrak eta bergararrak izan zitezkeela hautatuak eta, gainera, ezarritako txandari jarraituz.
Soraluze, Eibar, Elgeta eta Gatzaga txandatik kanpo geratzerakoan, batzarren bilera-egoitzak finkatzeko orduan ere kanpoan geratu ziren.
Nahiz eta Soraluzeri ez zegokion alkatetza hori edukitzea, aukeratzeko orduan soraluzetarrek botoa emateko eskubidea zuten, urteroko San Joan egunean egiten baitzen aukeraketa hori.
Ordenantza zaharrean jasotzen zen nahitaez joan behar zela hautaketa horretara[2]: Deialdia Iraegi onibarretik[3] egiten denean, etxe bakoitzetik gizon bat bertaratu dadila, bestela hogei marabediko isuna ezarriko da. Iraegi hau Eibarko Otaola bailarako baserria da.
Gainera, garrantzitsutzat jo behar zuten hautapen hori; izan ere, bileretara ez agertzeagatik jarritako isuna kontzejuko bileretara ez agertzeagatik baino ia hiru aldiz handiagoa zen eta.
XIV. mendeko beste Batzar Nagusi
1390. urteko Batzarrean Soraluzek ez zuen ordezkaririk bidali, eta Azpeitiako ordezkariak Soraluzeren izenean ere aritu zen.
1399. urteko Batzarrak erregeari mezua helarazi zion, zerga biltzaileen eskaerak bideratzeko eskatuz. Sinatzaileen artean Soraluze agertzen da.
Erreferentziak
- La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).