Historia. Markinako lurraldea (eu)
- Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
- Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
Markinako lurraldea
Bigarren milurtekoa hasterakoan, hiribilduak eta probintziak ez ziren oraindik eratuta; Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Errioxa… izenek esparru geografikoak izendatzen zituzten, besterik ez. Mariano Ciriquiainen arabera, gizarte egiturak bi ziren[1]. Alde batetik auzune edo herrixkak ziren, batez ere abeltzaintzan aritzen diren borda gutxi batzuk biltzen zituztenak. Eta gero "bailarak" ziren.
Bailara hauek partzuergoak izaten ziren. Urte eta mendetan abeltzainak elkarrekin batu ziren, eta egiturak sortu, larreak eta mendiak ustiatzeko. Denborarekin bailara hauek oso zabalak izan ziren.
Soraluzeko abeltzainak ingurukoekin elkartu ziren, beraien partzuergoa sortzeko. Eta gerora Markinako lurraldea izena eman zioten, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko muga lausoan geratzen zelako[2].
Lurralde edo partzuergo hau gaur eguneko Soraluze, Elgoibar, Markina eta Eibarren esparruetan zabaltzen zen, gutxi gora behera.
Lurralde honetan bi eskualde bereizten ziren: Marquina de Suso (goiko Markina), Eibar eta Markinako udalerriak hartzen zituena, eta Marquina de Yuso (beheko Markina), Soraluze eta Elgoibar hartzen zituena.
Pablo Gorosabel historialariak lurralde honen jatorria partzuergoa zela berresten zuen:
- Hasiera batean, bailara osatzen zuten herri edo biztanleek elkarren arteko erkidegoa zuten mendiei eta gainerako lurrei dagokienez, baina egoera hori bertan behera utzi eta desagertu egin zen hiribilduak sortu horren ondorioz udal mugak ezarri zirenean.
XIII. eta XIV. mendetako egoera
XIII. mende bukaerako testuingurua aldatzen hasia zen. Markinako lurraldearen erabilera aurrekoa zen, abeltzaintza, baina kapareen presio izugarriak sufritzen hasi zen: abere lapurketak, suteak, hilketak...
Kapareen tropeliak eta leinu gerrak
XIII. mende bukaerako krisiak, Izurri Beltzarekin bukatu zena, kapareen egoera okertu zuen. Alde batetik, egoera ekonomikoa okertu zenez; zergetan eta petxetan[3] lehen baino gutxiago jasotzen zuten. Bestetik, eta Izurri Beltzaren eraginez menpeko asko hil zirenez, bizirik geratzen zirenak beren lurretan mantentzeko betebeharrak arindu behar izan zizkieten.
Gainera, Gaztelako erregeek ordezkari bana ezarri zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta hauen eragina gero eta handiagoa zen, kapareen kaltetan.
Diru iturriak estututa, kapareek herritar arrunten aurka hasi ziren: beste kapareen menpekoak eta hiribilduetan bizi zirenak. Azkenean elkarren aurka aritu ziren.
Aurki, lehenagotik kapareen artean zeuden multzoak trinkotu ziren, eta bi taldetan lerratu iren: oinaztarrak eta ganboatarrak. Herritarren kontrako tropeliak nahikoak ez zirela, leinuak elkarren aurka ere aritu ziren: leinu gerrak[4]..
Markina inguruko giroa
Markinako lurraldean ere ez zen girorik. Gainera, erregeen ordezkarien eraginetik urruti zegoen, "inoren lurretan" hain zuzen[5].
Esateko, 1323. urtean Bizkaiatik etorritako bidelapurrak Bergaran sartu zirela, Juan Sánchez Marroquín de Salcedo zaldunak erasotu eta garaitu zituen[6].
Eta 1337. urtetik aurrera Juan de Avendaño kapare durangarra jo ta sua aritu zen, ikara eta izua Bizkaia osoan zabalduz. Eta Bilbon erahil zuten arte ez zen geratu (1356).
Markinako lurraldean lau hiribildu sortu ziren, baina biren hiri gutunak galdu ziren. Gorderzen direnek ederki asko jasotzen dute egoera.
Elgoibarrekoak, esateko, halaxe dio:
- (elgoibartarrek) mendi eta eremuetan sakabanatuta bizi zirela, eta gizon batzuek gaitz eta kalte handiak eragiten zietela, eta lurrralde hartako kapareek eta beste gizonek, babestuta izateko, hiribildu bat sortu, populatu eta harresitu nahi zutela…
Eta Markinako hiri gutunak, berriz:
- (hiri gutuna eskatu zuten) Gipuzkoako lurraldekoek Bizkaiako lurraldera lapurtzeea eta ebastera sartu nahi zutelako…
Beste hiri gutunetan ez bezela, Soraluze, Elgoibar eta Eibarkoetan zera jasotzen da, hiribilduak zerkak (harresiak) eta torreak behar zituztela. Zeozergatik izango zen!
Erreferentziak
- La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
- Erdi Aroko euskararen historia kanpotik eta barnetik (Historia apur bat). Urtzi Reguero Ugarte (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 2021).
- La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
- ↑ La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
- ↑ Izena marca berbatik dator, latinez mugaldea esan nahi duena.
- ↑ Petxa. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Leinu gerrak. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Gogoratu Bizkaia eta Gipuzkoa, probintzi modutan, askoz beranduago eratu zirela.
- ↑ Istoria de las bienandanças e fortunas. Lope Garcia de Salazar.