Historia. Burdin Aroa (eu)
Bi alditan, Neolito eta Brontze aroan, Soraluze inguruan bizi zirenek Muskiritsun megalitoak eraiki zituzten, hilobiak gehienak.
Utzitako aztarnei esker, badauzkagu haien bizimoduari buruzko ideia batzuk. Horretaz gain, garai haietaz ezer gutxi dakigu: zeintzuk ziren, nun bizi ziren, zertaz… oraindik lainopean dauden datuak dira.
Neolito aroa
Neolitoa Harri Aroaren azken aroa da. K.a. (Kristo aurreko[1]) 10.000 eta 12.000 urte inguruan sortu zen, eta 6.000 urte geroago Europan sartu zen, hegoaldetik. Euskal Herrira, berriz, K.a. 4.500. urtean heldu zen, gutxi gora behera, eta beste 2.000 urte iraun zuen.
Aro honetan harrizko lanabesak leuntzen hasi ziren, eta hortik izena: neo lithos (harri berria). Mota honetako bi aizkora eder agertu ziren Agarreburun eta Keixetako Egiya (hegoaldea) trikuharrietan.
Neolitoan hasi ziren gizakiak nekazaritza eta abelzaintza garatzen, ehiza era bilketa alde batera utziz. Ondorioz, toki finkoetan ezarri ziren, lehen herrixkak sortuz. Taldeak ere handiagoak ziren, lan banaketa famikiatik haratago zabalduz, eta giza-egiturak eta hierarkiak sortuz.
Topatutakoa
Aro horren momentu batean Muskiritsun hainbat trikuharri eta tumulu eraiki zituzten. Urrenez hurren: Gizaburua, Iruiya, Atxolin, Atxolin Txiki, Aizkoin, Pagobedeinkatu, Naasiko Goena, Kutzebakaar, Aizpuruko Zabala, Irukurutzeta, Keixeta, Keixetako Egiya (iparraldea), Keixetako Egiya (hegoaldea), Maurketa, Agerreburu eta Egizabalko Muñoa. Eta honetaz gain Arribiribiletako zutarria jaso ere.
Megalitoetan lurperatuta, giza hezurrez gain hainbat aztarna agertu dira, armak, lanabesak eta apaingarriak batez ere. Arma artean aizkorak, gezi-puntak, labanak, ahiztoak…. Lanabesetan zeramika asko (eskuz egindakoa), eskuzko errotak, suharriak, gatzarriak… horietako batzuk 100 kilometro baino urrutiagotik ekarriak. Apaingarrietan, berriz, zilarrezko eraztunak eta lepoko aleak.
Bizimodua
Aurkitutako elementuek bizimoduari buruzko pista batzuk ematen dizkigute.
Alde batetik, armek erakusten dute ehiza oraindik garrantzitsua zela; eta eskuzko errotak agertu izanak, berriz, nekazariak ere bazirela.
Taldetan bizi ziren, eta ez txikiak: megalitoak jasotzeko eta, batez ere, osatzen dituzten harriak garraiatzeko ez ziren gutxi izango. Arribiribileta zutarria, esateko, hiruzpalau tona pisatzen du, eta jatorrizko harrobia kilometro batzutara dago.
Kanpotik ekarritako suharriek, gatzarriek, apaingarriek… merkataritzan aritzen zirela (edo, gutxienez, merkatarien bisitak jasotzen zituzten). Ez da jakiten, aldiz, inportatutako ondasunen ordez zer ematen zuten.
... eta heriotza
Garai hartatik hilobiak bakarrik gorde direnez, gehiago da heriotz ohitura eta errituei buruz ezagutzen dena.
Talde hilobiak erabiltzen zituzten, trikuharriak. Ganbara bat zuten erdian (bi metro luze eta metro bat zabal), eta askotan arkaitzean bertan egindako zuloaren gainean eraikiak. Ganbara hauek harrizko tumuluez estaltzen zituzten.
Hildakoekin batera beraien ondasun batzuk ehortzen zituzten: armak, lanabesak edota eta apaingarriak.
Galderak
Honetaz gain, denak dira galderak.
Talde bakarra zen, ala gehiago ziren? Zenbat lagunek osatzen zuten taldea?
Zertaz bizi ziren? Ehiztariak ziren oraindik? ala ordurako Neolitoan agertutako artzaintza eta nekazaritza nagusi ziren?
Non bizi ziren? Hilobi/ megalitoen gertu, ala urruti? Artzainak izanik, nomadak ziren? ala toki egonkor batean ezarri ziren, nekazaritzaz baliatzeko? Goialdean ala arroetan? Soraluze, Elgoibar, Bergara edota Azkoitiaren inguruan?. Muskiritsu toki egokiak industu dituzte herrixka baten bila, baina oraindik ez dute ezer topatu.
Kalkolito aroa
Neolitikoaren osteko tarteari Kalkolitoa esaten zaio (Kobre aroa). Kalkolitoak K.a. 2.500-tik 1.800 arte iraun zuen. Orduan has ziren lehen metalak erabiltzen, kobrea zehazki.
Ziurtatua dago Kalkolitoaz gero Euskal Herrian (eta Soraluzen) txerri, behi eta artaldeak bazirela eta, nekazaritza baino, abeltzaintza izan zela historiaurre hurbileneko kultur konstante bat.
Gizaburua trikuharrian, behin eta berriz berrerabilia, Kalkolito aroko arkulari-besokoa agertu da. Ehizak ez omen zuen bere pisua galdu artean.
Gizaburuan bertan zeramika ontzia agertu zen, barruan giza errautsak zituela. Heriotz erritu berria zen, Muskiritsun beste tokietan baino askoz goizago eman zena (K.a. 2.000-1.800 urte inguruan).
Brontze Aroa
Jarraian Brontze aroa etorri zen, K.a. 1.800 eta 1.000 urte artean gutxi gora behera.
Topatutakoa
Neolitoan moduan, Brontze aroan ere hainbat megalito eraiki zituzten Muskiritsun, zistak kasu honetan: Gortazar, Otsoaldasoro I, Otsoaldasoro II, Otsoaldasoro III, Sabua, Atxolin Txiki II eta Frantsesbaso.
Topatutako aztarnen arabera, banakako hilobiak ziren, talde hilobiak izan beharrean. Neolitoan moduan, hildakoak tresnekin eta apaingarriekin lurperatzen zituzten.
Honetaz gain, Aizpuruko Zabalaren ondoan garai honetako txabola baten aztarnak agertu dira, behin behineko bizitokia, mendiko lanak (abelzaintza edota basozaintza) egiten zituzten bitartean.
Bizimodua... eta heriotza
Nekazaritza eta abeltzaintza zirela eta, lan banaketa garbiagoak izan ziren, eta honek giza-egiturak eta hierarkiak sakondu zituen. Ondorioz, hilobiak (zistak) gutxiengo batentzat ziren.
Aizpuruko Zabalaren txabolak erakusten duenez, ez ziren Mendigainen bizi, trikuharri eta zisten ondoan, bailaran baizik.
Galderak
Brontze aro honendako aurreko galdera berberak sortzen zaizkigu, eta bat gehiago.
Bi megalito multzoen artean ehundaka urte daudedez, Neolitoko eraikitzaileak eta Brontze arokoak nolabait lotuta zeuden, ala bi talde desberdin ziren?
Burdin aroa
Kastroak
Aro honetako hainbat aztarnategiak aurkitu dituzte Euskal Herrian, batzuk nahikoa gertu: Munoaundi (Azkoitia-Azpeitia), Muru (Elgoibar) edo Murugain (Aretxabaleta).
Baina ez da, oraindik behintzat, ezer agertu Muskiritsu mendilerroan edo Soraluzeko udalerrian.
Ibi ondoko herrixka
Dena dela, honek ez du esan nahi Soraluzeko lurraldean biztanlerik ez zegoenik. Alde batetik, artzain familia batzuk ibiliko ziren mendietan, eta beste familia batzuk gero Soraluze ("soro luzea") sortuko zen esparruan, nekazaritzan ari.
Eta "soro luze" honen alboan Ibaizabal ibia zegoen, Deba ibaia zeharkatzeko tokirik aproposena. Oso gune estrategikoa zen, bi bide garrantzitsu elkartzen zirela bertan eta: Arabako lautadatik itsasertzera zihoana eta Bizkaitik Akitaniarakoa.
Kantauri-Pirineo mendilerro osoan mendate baxuena Arlaban da (498 m), eta handik pasatzen zen bide errezena, nahiz eta inguruko mendateak ere aspalditik erabiliak izan. Bide hau Deba ibaiaren paraleloan zetorren, ezker aldetik batzutan era eskumatik besteetan. Bergaratik aurrera eskumatik zetorren, eta Osintxu parean ezker aldera pasatzen zen. Soraluzeko Ibaizabal ibian berriro zeharkatzen zuen Deba ibaia, gero Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera jotzeko, eta handik itsasertzera. Beste bidea Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituen, Eibar aldetik Iruretik zetorrena, eta Irukurutzetatik Azkoitia aldera pasatzen zena. Bi bideek bat egiten zuten Deba ibaiko ibian, Ibaizabal izenekoan. XVIII. mende bukaeran Maltzagako bidea zabaldu zen arte inguruko bidegurutze garrantzitsuenetakoa izan da. Ibiaren ondoan, "soro luze"aren alboan, bidaiari eta garraiolariei zerbitzuak emateko gunea sortzea ez litzateke arraroa.
Erromatarren garaia: Karistiarrak eta barduliarrak
Eta K.a. lehen mende bukaeran, Kantauriko gerrak prestarzeko, erromatarrak agertun ziren inguruan, Kortazarreko Haitzan castra aestiva bat ezarriz.
Erromatar geografoen arabera (Estrabon[2], Plinio Zaharra[3], Ponponio Mela[4], Klaudio Ptolomeo[5]...) Soraluze inguruan bi herri edo tribu bizi ziren: karistiarrak[6] (mendebaldean) eta barduliarrak[7] (ekialdean[8]).
Batzuren arabera Debarroan karistiarrek bizi ziren eta, beraz, Soraluze ingurukoak ere karistiarrak izango ziren. Besteon arabera, aldiz, bi herri hauek Deba ibaia zuten muga.
Erreferentziak
- ↑ Gaur egun, Oraingo Aroaren Aurreko esaten da.
- ↑ Estrabon. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Plinio Zaharra. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Ponponio Mela. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Klaudio Ptolomeo. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Karistiarrak. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Barduliarrak. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Hau da, Gipuzkoan. Hortik Gipuzkoaren leloa: Fidelissima Vardulia, numquam superata (Vardulia txit fidela, inoiz ez gainditua).