Matxinadak (eu)

    Sorapediatik

    Matxinada[1] agintarien edota agintaritzaren aurkako herri-altxamendu edo jazarraldia da.

    Matxinada mota askotako ekintzek osa dezakete, desobedientzia zibiletik hasi eta gobernua botatzeko eraso bortitzak antolaturaino.

    Errebolta haietan olagizon eta eskulangileak protagonista izan zirenez, eta Bizkaia aldean matxino olagizonei esaten zirenez, hortik matxinada eta matxinatu hitzak sortu eta erabiltzea.


    XVIII mendeko matxinadak

    Lehen matxinada entzutesua XVII mendean izan zen, ‘’gatzaren matxinada ‘’ izenekoa (1631-1634); eragina batez ere Bizkaian izan zuen.

    Baina matxinaden sasoia XVIII mendea izan zen. Alde batetik hiru matxinada handiak izan ziren: 1718.koa (aduanak), 1755.koa (okelarena), 1766.koa (gariarena) eta 1804.koa (Zamakolada). Horretaz gain beste txikiago batzuk ere izan ziren, eragin murritzagoa izan zutena: Irungoa (1731), Soraluzekoa (1733), Azpeitiakoa (1739) edota Hernanikoa (1743).

    Soraluzen, batez ere, 1718.koak, 1733.koak eta 1766.koak izan zuten eragina. Honetaz gain, 1709.ko lan gatazka eta soldadutzaren aurkako 1779ko istiluak ere aipa daitezke.


    1709.ko lan gatazka

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Espainiako Ondorengotza Gerra (1701-1714) martxan ari zela, Borboiko Felipe V.a erregeak arma eskaera handiak egin zituen... baina ez zituen ordaintzen. 1709. urtean estatuak bataz besteko 2.500 bat erreal zor zitzaien 501 langileei, hauen tartean 50 emakume.

    Urte horretan egoera lehertu zen. Erret Lantegien zuzendariak diru eskaerak ulertzen zituen, baina erak ez zituen gustoko: Erret Lantegietako forjetan lan egiten duten mota guztietako langile asko batzarretan... biltzen zirela, eta ...matxinatu batzuk horrelako batzarretara joan nahi ez zuten asko mehatxatzeko ausardia izan dute.

    1709.eko uztailak 16an, astelehena, ...Eibarko ... eskribaua bertan zela, berrehundik gora ofizial Maltzagan bildu ziren eta ahalordea eman zuten, dirua maileguan eskatzeko eta ofizial horietatik asko Madrilera joateko. Batzarrean langileek sei ordezkari aukeratu zituzten, itxura guztien arabera langileak antolatzen eskarmentua zutenak aurretik.

    Zuzendariak ez zituen batzak hauek gustoko, iskanbilatsuak eta nahasiak zirelako, erresuma hauen legeen aurka zirelako, baita Aldundiaren zein Erret Lantegi beraren arautegien aurka[2].

    1709.eko lan gatazka ez omen zen ondo bukatu langileentzat. Oraindik 1719.urtean, Soraluzeko Erret Lantegian agindu zehatzak ziren: ofizialak ezin dira elkartu, ez gutxi ez asko, aitzakia edo arrazoia edozein dela.

    1718.ko matxinada

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Lehen matxinada (edo aduanetako matxinada) Bizkaian lehertu zen, Espainiako Ondorengotza Gerra irabazi eta gero Felipe Vak aduanak itsas ertzera eta Frantziako mugetara eraman zituenea (1717).

    Gariaren prezioa igoko zuelakoan, 1718.ko abuztuan nekazariek zerga-bitzaile bat Bilbon hil zutenean. Matxinoek ziotenez, lege berria foruen kontrakoa zen, eta Bizkaiko agintariak ez ziren legeari aurka egiten ari. Alkateak, diputatuak… preso hartu zituzten eta, inoiz, hil ere.

    Matxinada Bizkaia osora zabaldu ostean, urrian Gipuzkoako Debarrora ere heldu zen. Lehengo istiluak Elgoibarren izan ziren.

    1718.ko azaroak 6an hirurehun bat gizon armatu abiatu ziren Bergara eta Elgetatik Soraluzeruntz, jende eta arma gehiagoren bila. Behin Soraluzen, alkateari “eskatu” zioten Probintzia eta foruen alde laguntzeko. Azkenean herriak hirurogei laguneko saldoa antolatu zuen eta, etorritakoekin batera, Eibar eta Elgoibarrera pasa ziren.

    1718.ko azaroan bertan erret gudarosteak Bilbo hartu zuen. 39 heriotz zigor, ehundik gora galeretara, isunak... errepresioa latza izan zen. Dena dela, 1719. urte bukaeran Felipe Vak bertan behera utzi zuen 1717ko legea, aduanak itsas-ertzera ekarri zituena, eta zerga-muga Ebro aldean jarri zen atzera.


    Soraluzeko matxinada (1733)

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Arma eskaerak enkantean ematen ziren ("asientoak"). Irabazten zuen kontratistak, gero, gremio eta armagileen artean banatzen zituen (azpikontratazioa). Sistema honek bi kalte zekarren: banaketa egin arte lana ez zegoen bermatuta, eta kobratzeko izaten ziren luzapenak.

    Honetaz gain, 1720. urterako Soraluzeko Suzko Armen Erret Fabrikaren izaera kili-kolo zegoen, erregeak sistema bertan behera utzi zuelako, monopolioa apurtzeko.

    Giroa ez zen baketsua. 1733. urtean Soraluzeko bi armaginek Gipuzkoako korregidoreari idatzi zioten, seguruenez demandan, oso estilo "arinegia" erabiliz[3]. Gipuzkoako Diputatu Orokorra jabetuta, erregeari idatzi zion honek korregidoreari egindako iraina kentzeko. Orduko lehen ministroak (Joseph Patiño jaunak) halaxe egin zuen, kopia bat Erret Fabrikako ofizial aztertzaileei bidaliz.

    Armagileen arteko giroa gero eta okerrago, azkenean ofizialen matxinada izan zen[4]. Komandante Orokorrak Komisionatua bidali zuen herrira eragileak preso hartzeko. Ostean, Soraluzeko ofizialek txostena aurkeztu zuten, eta abokatu baten ebazpena ere (aldekoa, noski).

    Matxinadaren arrazoiak hiru ziren. Gorago aipatutako "asientoen" sistema eta Erret Fabrikaren etorkizunaz gain, intxaurrondoen eskasia zen; egur mota hau ezinbestekoa zen armak egiteko.

    Matxinadaren eraginez, bi aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren. Alde batetik, intxaurrondo egurra bermatzeko Erret Agindua zein Gipuzkoako Mendi Arautegia etorri ziren, intxaurrondoak sartzeko agintzen zitzaiela Soraluze eta inguruko udalei, eta bertako biztanleei ere.

    Beste aldetik, 1734. urtetik aurtera Estatuak asentista bakarrarekin lan egin zuen: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Honek gremioak ekonomikoki gehiago estutu zituen, prezio apalagoak ordainduz; baina, aurreko sistemarekin ez bezale, garaiz ordaintzen zituen eskaerak.


    1766.ko matxinada

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Sorrera

    Ekonomista liberaleen ideei jarraituz, 1765. urtean Carlos III erregeak gariaren liberalizazioa agindu zuen. Aurreko urteetako uzta nahikoa eskasa izan bazen ere, urte hartakoa oso txarra izan zen. Prezioak bikoiztu ziren eta, ondorioz, Espainia osoan 100 matxinada baino gehiago sortu ziren (Madrilen bertan Esquilacheren matxinada ospetsua).

    Gipuzkoan gari nahikorik ez zen egiten baina, hala ere, lur jabe aberatsek Gaztelara bidaltzen zuten, itsasoz. Eta gogoratu behar da Udalek, aberats horiek agintzen zuten Udalek, gari horniketa bermatu behar zutela.

    Azkoitian apirilaren 13an hasi zen matxinada, eta Azpeitiara pasa ziren arratsaldean. Hemen, agintari eta aberatsak behartu zituzten "Azpeitiako kapitulazioak" sinatzera, gari hornikuntza bermatzeko eta prezioa apal mantentzeko asmoarekin. Eta handik Debarrora pasa zen: Elgoibar, Mutriku, Ondarroa, Berriatua, Eibar... hainbat herritan agintariak "kapitulazioak" sinaraziz.

    Matxinada Soraluzen

    Apirilaren 21ean Elgoibarren hainbat herritar bildu eta Bergarara oinez joatea erabaki zuten, matxinada han pizteko. Altzola eta Mendaroko baserritarrak bildu zitzaien, guztira 300 bat gizonezko. Soraluzetik pasatzerakoan Erret Fabrikako fusilak indarrez hartu zituzten, eta 150 bat soraluzetar beraiekin bildu zitzaien.

    Bergarara heldu eta gero, bertako alkatea eta Udala behartu zituzten kapitulazioak sinatzera, "benetako moduan jarrita, Motrikukoen lekualdaketa hitzartu baten oinean, hari atxikitzearen bidez".

    Gero, errepresioari aurre egiteko, hainbat bertsio asmatu ziren: jendea behartuta joan omen zela, Soraluzen matxinoak tiroka hartu zituztela, soraluzetarrek Bergarakoak lagundu zituztela matxinoei aurre egiten...

    Bukaera

    Aurreko matxinadek ez bezala, errepresio latza izan zuen 1766.koak Gipuzkoan, batez ere Urola eta Deba arroetan.

    Errepresio indarrak Donostiatik atera ziren, garaiko oligarkiak eta jauntxoek antolatuta. Apirilak 24an Azpeitiara heldu ziren, eta 174 preso hartu zituzten inguruan. Astebete geroago, maiatzaren 1ean, Elgoibarrera iritsi zen armada. Hemendik bi dibisio atera zituen; bata Eibar eta Soraluzera, bestea Mutriku eta Debara. Eibarren maiatzak 10ean sartu ziren.

    Herri guztietan atxilotuak izan ziren, eta matxino askok alde egin behar izan zuen. Ondorengo epaiketetan, nahiz eta heriotza zigorrik ez izan, sententzia gogorrak jarri zituzten: isunez gain, deserriratzeak, kartzelaratzeak eta, inoiz, zigor fisikoak ere.

    Eragina

    Espainia guztian izandako matxinadaren eraginez, 1766. urtean bertan Carlos III erregeak auto acordado izenekoa atera zuen, udal batzarretan herritar arrunten ordezkariak sartzeko (1766/05/05).

    Bi kargu berri sortu ziren, etxe-jabe ez ziren herritarren beharrei aurre egiteko: herri-diputatu eta herri-sindiko izenekoak. Soraluzeren kasuan bi herri-diputatu eta herri-sindiko bat izan ziren udalbatzaren partaide berriak.

    Beste aldetik, 1767.an Jesusen Lagundia Espainiatik eta bere lurralde guztietatik kaleratu zuten. Erabiliko aitzakien artean, aurreko urtean Loiolako matxinatuei emandako laguntza.


    1779.ko soldadutzaren aurkakoak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Amerikako Gerra Iraultzailean (1774-1783) Espainia eta Frantzia Estatu Batuetako alde zeuden, baina 1779.ko ekaina arte ez zioten Bretainia Handiari gerra deklaratu. Britaniarren balizko erasoen beldur, Gipuzkoako Aldundia defentsa antolatzen hasi zen.

    Soraluzen, urriak 5ean Josef Ygnacio de Yraola alkatea soldaduak biltzen ari zen, zozketa bidez, herriko konpainia osatzeko. Zozketa Udaletxean egiten ari zela, zalaparta eta nahasmen handiak sortu ziren. Eta alkatea aretotik irten ostean, istiluak gero eta handiagoak egin ziren, eta eskribauari aukeratuen zerrenda kendu nahi izan zioten. Alkatea itzuli zenean eskribauak jazotakoa kontatu zion, baina honek ez zion kasu handirik egin eta ez zituen liskartiak zigortu.


    Erreferentziak

    1. Matxinada. Wikipedia (euskaraz).
    2. Tumultuarias e irregulares... (iban) contra las leyes de estos reinos y ordenanzas así de aquellas mismas Reales Fábricas, como de la Diputación.
    3. ”Licencioso estilo” jatorrizko agirian.
    4. ”Conmoción de los Oficiales” jatorrizko agirian.