Mikeleteak (eu)

    Sorapediatik

    Gipuzkoako mikeleteak

    Aurrekariak (1796-1841)

    Frantziako Konbentzioaren Gerraren ostean (1796) Gipuzkoa oso egoera nahasian geratu zen, gaizkile eta lapurrak ugaritu zirela. Arazoari aurre egiteko, Probintziak "miquelete" taldea osatu zuen bere kontura.

    1830.erako 27 gizon ziren, hiru azpitaldetan antolatuta zeuden (zortzi gizon bere kabo edo kaporalarekin), Ahaldun Nagusiaren agindupean. Baina lehen Karlistada sortu zenean taldea desegin zuten.

    Gerra bukatuta (1839), Gipuzkoa oso egoera nahasian geratu zen berriro, gaizkile eta lapurrak ugaritu zirela. Eta Aldundiak "Herri babesa eta segurtasuna"[1] izeneko taldea eratu zuen, hau ere bere kontura. Horretarako lau konpainia bildu zituen, bi liberalen bolondresenak (txapelgorriak) eta beste biak karlistenak; 400 gizon guztira.

    "Herri babesa eta segurtasuna"rako taldeak oso lan ona egin zuen hurrengo urteetan. 1841.an, probintziaren egoera lasaituta, eta kosteak arintzeko asmoarekin, taldea desegin zuten.

    Mikeleteen lehen urteak (1844-1876)

    1844. urtean, ehun gizonekin "Gipuzkoako Mikeleteen Gorputza"[2] sortu zuten.

    Hasieran 100 gizon hauek gaizkileen kontra aritu ziren. 1856.ean probintziako zergen ardura eman zieten, beste berrogei gizon gehiagorekin (140 guztira). Eta bost urte geroago (1861) beste hogei lagun gehiago hartu zituzen, probintziaren bidesariak kobratzeko ardura eman zietelako.

    1873. urtean, bigarren karlistada sortu zenean, kopurua 400 arte igo zuten. Eta hurrengo urtean mikeleteak liberal bolondresekin bildu zituzten, 700-800 gizoneko batailoia sortzeko: Gipuzkoako Mikelete Boluntarioen Batailoia. Gerra bukatu zenerako batailoiak 144 hildako eta 400 bat zauritu izan zituen.

    ===Bigarren karlistada ostekoak (1876-1937) Bigarren karlistada amaituta, mikelete taldea berrantolatu zuten, aurreko zereginetan aritzeko. Gizon kopurua ere dezente murriztu zuten[3].

    1896 urtean Gipuzkoako Aldundiak Gipuzkoako Aurrezki Kutxa sortu zuen, eta mikeleteen postuak erabili zituen sukurtsalen sarea antolatzeko. Postu bakoitzeko arduraduna, sargentoa ala kaboa izan, arielen[4] kudeatzailea eta sukurtsalaren ordezkaria izaten zen.

    Espainiako gerran (1936-1939), frankistek Gipuzkoa 1936.ean hartu zuten, eta Bizkaia 1937.ean. Orduan Kontzertu Ekonomikoak bertan behera utzi zituzten, eta mikeleteak era foralak desegin.


    Arabakoa, mikeleteen etxea (J.C. Astiazarán 2022)

    Mikeleteak Soraluzen

    (argazkia bilatu)

    Soraluzen bazegoen mikeleteen postu bat, Arabakoa etxean hain zuzen (Errabal 26). Bertatik arielak kudeatzen ziren, eta bertan bizi ziren mikeleteak eta beren familiak.

    1896 urtean Gipuzkoako Aldundiak Gipuzkoako Aurrezki Kutxa sortu zuenean, zeuden mikelete postuak erabili zituen sukurtsal gisa, tartean Soraluzekoa[5]

    Gipuzkoako Aurrezki Kutxa zela eta, Arabakoa etxea goitik behera berregin zuten, estilo historizista-eklektikoan, gaur egunean duen itxura emanez.

    Soraluzeko mikeleteak 1937. urtean desegin zituzten ofizialki.


    Erreferentziak

    1. Protección y seguridad pública
    2. Cuerpo de Miqueletes de Guipúzcoa.
    3. Esateko, 1913.ean komandantea, bi kapitain, lau ofizial eta 218 gizon zituen.
    4. Ariel. Arbitrio, zerga.
    5. Guztira 24 ziren. Soraluzekoaz gain beste 23: Andoain, Aretxabaleta, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia (burua), Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Mutriku, Oñati, Ordizia, Pasaia, Segura, Tolosa, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga (Noticia de Guipúzcoa. Apéndice Carmelo Echegaray 1900).