Jose Gaspar Oregi (eu)
Jose Gaspar Oregi Aranburu | |
---|---|
Jaio | Soraluze, 1840 |
Hil | Donostia, 1916tik aurrera |
Profila | Abadea, euskalzalea |
Jose Gaspar Oregi Aranburu, soraluzetar abade, olerkari eta euskalzalea, Euskal Herrian sortu zen lehen Euskal Katedraren titularra izan zen (Donostia 1886-1899).
Donostiarako bidea
Jose Antonio Arana Martija euskalzale eta historialariak galdetzen zuenez[1]: Nor zen Gipuzkoan euskararen irakaskuntzarekin arduratu zen apaiz hau? Soraluzen jaioa omen zen, 1840an, Jose Gaspar Oregi Aranburu jauna.
Eta halaxe zen: Jose Gaspar Oregi Aranburu Soraluzen jaio zen, Soraluzen 1840/01/09an. Baina bataio agirian amaren abizena Aramberri agertzen da, eta hortik Jose Antonio Arana Martijaren "Soraluzen jaioa omen zen".
Jose Gasparren gurasoak Hemeterio Celedonio Oregui Zabaleta eta Martina Ygnacia Aramburu Bereciartu izan ziren. Soraluzen ezkondu (1828) eta zortzi seme-alaba izan zituzten, sei mutil eta neska bi: Esteban Maria (1829), Manuel Maria (1831), Francisco Xavier (1837), Jose Gaspar (1840), José Ygnacio (1842), Domingo Maria (1844) eta, azkenik, Francisca eta Fermina bikiak (1847). Horietatik hiru Oregui Aramberri agertzen dira bataio agirietan.
Bere bost anaiak eta arreba bat oso gazte hil ziren, gurasoak eta anai-arreba bakarrik uzten. Jose Gaspar 1866.ean apaiztu zen eta, Donostiara bidali zutenean, berarekin eraman zituen gurasoak eta arreba. Gurasoak Donostian hil ziren (1885 eta 1887), eta Polloeko kanposantuan hobiratuta daude.
Olerkaria
Olerkiak
Euskal-Erria: revista bascongadan zortzi olerki argitaratu zituen, 1882.etik 1891.era. Hizkuntza aldetik oso artifizialak dira, neologismoz beteak:
- Iparraguirre-ri (Euskal-Erria 1884).
- Zeruko giltza (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
- Nere amari 1885-garreneko San Jose egunean (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
- Donostiako gorputzdi edo obide santuko obizkira bat (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
- Aita Santu Leon XIII-garrenari, bere Urrezko Eztayetan (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
- Animen egunerako oroimengarria (Euskal-Erria: revista bascongada 1889).
- Laudagarrizko on Klaudio Otaegi zanari (Euskal-Erria: revista bascongada 1890).
- On Marcelino Soroa jaun nere adiskiderik onen onenetakoari 1890-ko Urtarillaren biko bere santu-egun oroigarriyan (Euskal-Erria: revista bascongada 1890).
Bertsoak
Bertso gutxi batzuk ere idatzi zituen. Bi bertso-paper gordetzen dira:
- 1888 garren urteco... Erregiñ txit maitagarriari Donostian (Tolosa 1888). Maria Cristina erreginari aurkeztekoa.
- Ama Birjiñaren zeruetarako igoera eta gure Erregiñaren jaiera (Tolosa 1889).
Biak ala biak gaztelaniazko itzulpena dakarte.
Hizkuntzalaria
Gramatika zalea
Resurreccion Maria Azkueren Euskal Izkindea / Gramática Euskara oso gustoko zuen, eta agertu zenean (1891) Eskutitz bat artikulua idatzi zuen Euskal-Erria: revista bascongadan, besteak beste berau goraipatuz. Gramatika hau erabiki izan zuen Donostiako euskara katedran.
Berrikuntza grafikoak ekarri zituen gramatika irakaskuntzari, esaldiak eta hitzak mozten eta lotzen, azpiko egitura ezkutua agerian uzteko. Adibide polita geratzen zaigu Maria Cristina erreginari eskainitako 1888 garren urteco... Erregiñ txit maitagarriari Donostian bertsoen dedikatorian, XX. mendean Txillardegik erabilitako era grafikoen aintzindaria eta, agian, jatorria ere.
Etimologi-zalea
Sasoiko euskaltzale askoren moduan, euskara "garbia" nahi zuen, erderakadarik gabekoa. Honek bultzatu zuen hainbat berba asmatzera, euskararen "barne-arauak" jarraituz. Irizpide honek gidatu zuen etimologia aldetik.
1882. urtean Etimologías bascongadas argitaratu zuen Euskal-Erria: revista bascongadan.
Edward Spencer Dogdsonek Euskara. Organ fur die Interessen der Baskischen Gesellschaft aldizkarian idatzi zuenez, Iberi eta Pyrenaei berbandako ipar erroa proposatu zion Jose Gaspar Oregiri, baina honek erpina nahiago zuela erantzun[2].
Edward Spencer Dogdson berak jaso zuenez, Donostiako bizargile baten atarian "bizartegia eta ille-apainketa" zegoen jarrita, eta Jose Gaspar Oregiri egundoko disparatea iritzi zitzaion: Bizar-ken-degui eta ille-apain-degui[3]; bere aldetik, Dodgsonek eransten du: "Arrazoia du. Baina XIX.ko euskara askotan basatia eta bitxia da"[4].
Azken tubalista
XVI. mendetik aurrera, tubalismoa[5] zabaldu zen Euskal Herrian eta Espainian: Tubal (Noeren biloba) euskaldunen eta iberiarren lehendabiziko erregea izan zela, eta hainbat herri (hala nola Tafalla) eratu zituen. Are gehiago, berarekin ekarri zuen euskara, Jaungoikoak Adan eta Ebari Paradisuan irakatsitakoa, eta munduko hizkuntza bakarra Babelgo dorrearen anabasa gerratu arte.
Hurrengo mendeetan hainbat euskaldun defendatu zuten teoria hau: Esteban Garibai, Arnaud Oihenart, Manuel Larramendi, Juan de Perocheguy, Pablo Pedro Astarloa, Juan Bautista de Erro, Dominique Lahetjuzan...
Tubalismoaren azken defendatzailea Jose Gaspar Oregi izan zen. Euskararen aldeko hainbat eskutitz publiko eta adierazpen idatzi eta gero, XX. mendeko lehen urtetan bi liburu idatzi zituen:
- ¡Gloriosísimo descubrimiento, reconocimiento y demostración de la lengua paradisíaca en el vascuence!. (Zaragoza 1910).
- A Roma a los pies pontificios de Benedicto XV. (Zaragoza 1916).
Adierazpen eta eskutitzez gain, liburuen muina tubalismoaren defentsa, euskara zela Jaungoikoak Adan era Ebari irakatsitako hizkuntza, eta Babelgo torrearen anabasa baino lehen munduko hizkuntza bakarra izan zela.
Harremanak
Garaiko euskalzale asmorekin harremanetan ibili zen, horietako bat Edward Spencer Dodgson[6]. Honek olerki bat zuzdu zion, Donostiako gorputzdi edo obide santuko obizkira bat, gero Inscriptions basques : Neuskarazko Scributoak / (Publiées par Edward Spencer Dodgson) izeneko bere liburuan sartu zuela (Madril 1896).
Resurreccion Maria Azkuerekin[7] ere izan zituen harremanak eta lankide zirenez Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal katedretan, Euskal Izkindea igorri zion bizkaitarrak 1891.eko irailaren 26an.
Edgardo (aita Pio Maria, nahi bada) Mortararekin[8] ere harremanak izan zituen, eta bere idatziak erakutsi zizkion[9].
Ondorioz, lagunek bi lan eskaini zizkioten, gutxienez: Marcelino Soroak On Jose Gaspar Oregi-ko euskera izkuntzen maisu argidotar jakintsu eta adiskide onenen onenetako jaunari (Euskal-erria 1890) eta Edward Spencer Dodgsonek Lapurtarren euskeraz berso batzuk Oregiko Jose Gaspar Donostian dagoen apez iaunari donkituak (Euskalzale, 1899).
Harpidetzak
Sasoian liburu "tekniko" asko harpidetzaren bidez saltzen ziren[10] eta, argitalpen lanak ahalbidetuaz gain, sistemak aditu zein zaleen arteko harremanak sortzeko balio zuen.
Jose Gaspar Oregik hainbat liburu erosi zituen modu honetan. Esateko, Arturo Campiónen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskera (1884) liburura harpidetutakoen artean agertzen da[11].
Hogei urte geroago Resurreccion Maria Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français[12] (1905) modu berean eskuratu zuen.
Eragilea
Ikastola sortzaile
Ikastolen aitzindaria ere izan zen: 1884. urtean ikastola antzeko bat sortzen ahalegindu omen zen, Donostian, baina aurrekari honek ez zuen arrakastarik izan. Ezagutzen den lehen saiakera da.
Bultzatzailea
Ez bakarrik gauza handitan, gauza txikietan ere eragina izan zuen. Adibidez, 1888. urtean esaldi hau osatzen lagundu zuen Polloeko kanposantuko hilobi batean jartzeko:
JAUNARENGANUNTZ ABIA-BANAIZ OGUEI TA IRU URTEKIN, ANAI ARREBAC AMA GAJOA ARREN EZ AZTU NIREKIN IRASTORZA TA TAPIA ZIRAN NERE DEITURA BICOITZA, YZENA BERRIZ RUPERTA ETA YLL NINTZAN ILLA MAYATZA 1888. |
Artikulugilea
Inoiz prentsa artikukuak ere idatzi zituen. El correo de Guipuzcoa-n, esateko, 1902.eko Santo Tomas bezperan Maria Cristina de Hasburgo bere ikasle ohiari gutun irekia idatzi zion, En favor del vascuence izenekoa (1902/12/20).
Euskara katedraduna
Euskal katedren sorrera
Bigarren karlistadaren porrotaren ostean euskararen aldeko hainbat talde eta ekintza sortu ziren: Asociación Euskera de Navarra elkartea (1877-1883), Fermín Herrán arabarrak bultzatutako Revista de las Provincias Euskeras (1878-1879) aldizkaria, José de Manterola zuzendutako Euskal-Erria: revista bascongada (1880-1918), Fidel Sagarminagaren inguruan bildutako talde bilbotarra…
Aldi berean, euskal literatura eta ikasketak modu sakon eta serioagoan landu ziren: José de Manterolaren Cancionero Vasco" (1877-1880) eta Arturo Campiónen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskera (1884)...
Bilborako hautagaia
Eszenategi honetan, Aldundiek Euskal Katedrak sortzea erabaki zuten. Lehen ahalegina Bizkaian egin zen, 1882.ean, Bilboko Ikastetxe Politeknikoan, eta Jose Gaspar Oregi hautatu zuten horrerarako. Halaxe jasotzen zuen Euskal-erria aldizkariak:
- Datorren ikasturtean, Juan Agustin de Goya jaunak Bilbon zuzentzen duen ikastetxe politeknikoan euskararen lehen katedra zabalduko da; eta, gure berrien arabera, Jose Gaspar de Oregui euskalzale ezagunaren ardurapean.
Berria Ameriketara ere heldu zen. Montevideoko Laurac-bat aldizkariak zioenez:
- Euskaldun on guztien gogo sutsua egitear dago. Bilboko Ikastetxe Politeknikoan euskararen katedra bat ezartzeaz ari naiz, Jose Gaspar de Oregui abade ilustratuaren eskutik. Gotzainak Oregui jaunari Bilbon bizitzen jartzeko baimena ematea baino ez da falta[13].
Baina azkenean Bilboko izendapena ez zen gauzatu, eta Jose Gaspar de Oregui katedra barik geratu zen.
Gasteizerako saiakera
1884. urterako, berriz, Arabako Aldundiak sortua zuen Euskara Katedra Gasteizko institutuan, baina katedratikoa izendatu gabe zegoen oraindik. Eta Jose Gaspar de Oreguik idatzia aurkeztu zuen, katedratiko izendapena beretzat eskatuz.
Eskaera Arabako Aldundiko bilerara heldu zen, eta 1884.eko azaroak 11an atzera bota zuten, Fomento Ministerioak ez zuela oraindik aipatutako katedra onartu eta.
Donostian katedraduna
Bi urte geroago, 1886.eko ekainaren 7an, Gipuzkoako Aldundiak lehen euskal katedra sortu zuen Donostiako institutuan[14], urteko 1.500 pezetako soldatarekin[15]. Eta atzetik beste Aldundiak; Bizkaiakoak, esateko, hiru sortu zituen: probintziako institutuan, maistren Eskola Normalean eta Barakaldoko Arte eta Ofizioen Eskolan.
Gipuzkoako Aldundiak lehiaketa zabaldu zuenean pertsona bakarra aurkeztu zen, Jose Gaspar Oregi Aranburu, eta katedraduna izendatu zuten[16].
Dakigunetik, katedra lortu ondoren eta 1887-1888 lehen ikastaroari ekin baino lehen, Maria Cristina erreginari euskarazko klaseak ematen dihardu zuen urte hartako udan (1887).
1886-1887 ikasturtean, berria zelako edo, 38 ikasle izan zituen. Baina Jose Gaspar Oregik ez zuen asmatu ikasleak erakartzen: erabiltzen zuen irakasteko metodoa eta irakasten zuen euskara motagatik (bere lagun Azkueren bizkaierazko Euskal Izkindea / Gramática Euskara erabiltzen zuen) hurrengo urtean ikasle kopuru erdia baino gutxiago izan zuen, eta urteekin kopurua oraindik gehiago jaitsi zen.
Honetaz saminduta, Jose Gasparrek halaxe idatzi zion Azkueri 1891.ean:
- Nire, ai!, Donosti dontsu onetan Euskarak duan baño ikasle geiago ez izatea ezin geiagoraino mingarri bazait ere, zeñi erakutsi daukadan bitartean, gure ikastegi onetako argijariorik onena paregabeko zure Izkinde bikan au izango zaigu.
Azkenean, eta arrakasta faltarengatik, 1899.ean Gipuzkoako Aldundiak bertan behera utzi zuen katedra.
Azken urteak
1889. urtean, gutxi gora behera, berak eta arrebak zeukaten guztia eman zuten Artzai Ona eliza altzatzeko: 87.790 erreal.
Gerora, parrokia horretan aritu zen presbitero. 1905.eko Gasteizko Gida Eklesiastikoan halaxe agertzen da, eta bost urte geroago bertan jarraitzen zuen (1910).
1916. urtean bizirik zen oraindik, ordukoa da A Roma a los pies pontificios de Benedicto XV eta.
Hiltzerakoan gurasoak zeuden hilobian lurperatu zuten, Polloeko Santa Klara kaleko 39an hain zuzen.
Lanak
Olerkiak, bertso-paperak, artikuluak eta liburuak idatzi zituen, baina oso gutxi argitaratu zituen,
Gorago jaso den moduan, zortzi olerki gordetzen dira, zortziak Euskal-Erria: revista baskongadan agertuak. Honetaz gain, bi bertso-paper ere idatzi zituen, Tolosan.
Bi artikulu gordetzen dira, hauek ere Euskal-Erria: revista baskongadan agertuak:
- Etimologías bascongadas. (Euskal-Erria: revista bascongada 1882).
- Eskutitz bat. (Euskal-Erria: revista bascongada 1891).
Eta bi liburu, euskararen apologia eginez:
- ¡Gloriosísimo descubrimiento, reconocimiento y demostración de la lengua paradisíaca en el vascuence!. (Zaragoza 1910).
- A Roma a los pies pontificios de Benedicto XV. (Zaragoza 1916).
Erreferentziak
- ↑ Euskal Katedraren lehiaketa eta eragina. Jose Antonio Arana Martija (Euskera XXXIII 361-378 orr. 1988/07/01).
- ↑ Denetik... Gaspar Oregiri proposatu nionean ipar Iberi eta Pyrenaei hitzen errotzat, azken honentzat erpina nahiago zuela erantzun zidan, metatesi argiagoa zuelako. Se non é vero é ben trovato (Berlin 1893).
- ↑ Sur la devanture d'une boutique 'de barbier; 3 San Geronimo: BIZARTEGIA TA ILLE-APAINKETA... (El profesor D. Josè Gaspar de Oregi dice: "Es de Arzac y disparatadamente! en lugar de Bizar-ken-degi eta ille-apain-tegi).
- ↑ Il a raison. Mais le basque du XIX siècle est souvent barbare et bizarre.
- ↑ Tubalismo.Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Edward Spencer Dodgson. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Resurreccion Maria Azkue. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Edgardo Mortara. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Euskal Erria-ko kolaboratzaile italiar berezia: Edgardo Mortara. Joxemiel Bidador (Egunkaria/ Nafarkaria, 1999/01/12)
- ↑ Gaur egun crowdfounding esango zitzaion.
- ↑ Jose Gaspar Donostiako harpidedunen artean agertzen da; Soraluzen, berriz, bost harpidedun izan ziren: Agustin M. Sustaeta, Pantaleon Zavala, Bernardo Zubizarreta, Anacleto Gaztaundi eta Manuel Casimiro Lecumberri.
- ↑ [https://eu.wikipedia.org/wiki/Diccionario_Vasco-Español-Francés_/_Dictionnaire_basque-espagnol-français Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français]. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Laurac-Bat. Revista de la socidad vascongada de Montevideo (1882/10/16).
- ↑ Euskal Erria aldizkaria (213. zbk. 1886/06/10).
- ↑ Ez zen oso soldata altua, Bizkaiako Institutuaren katedradun "arruntek" 3.500 pezera kobratzen zuten eta.
- ↑ Euskal Erria aldizkaria (1886/09/20).