Kajakoak (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: Kajakoak (edo kaxakoak) gurasoek lagatako jaioberriei esaten zitzaien. Izena XIX. mendeko "casa cuna"-tik omen dator, bertan jasotzen zituzten eta. Baina kajakoak, lagata...)(r)en berrikusketa, ordua: 17:16, 8 abendua 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Kajakoak (edo kaxakoak) gurasoek lagatako jaioberriei esaten zitzaien. Izena XIX. mendeko "casa cuna"-tik omen dator, bertan jasotzen zituzten eta.

    Baina kajakoak, lagatako umeak, betidanik izan dira arrazoi askorengatik: lotsa (ama ezkongabea bazen), umea hazteko baliabide falta (soldatarik ez etxean, seme-alaba gehiegi, guraso ezinduak…), umea ezindua izatea…


    Azterketa

    Donostiako Elizbarrituko bataio agirien arabera, 1900 arte Soraluzen 86 kajako errejistratu dira[1].

    Jeneroari dagokionez, 44 mutil eta 42 neska agertzen dira. Zenbaki hauekin ezin esan nesken aurkako bazterkeria zegoenik, beste hainbat tokitan moduan.

    Sasoiari kasu eginez, bi aro bereizten dira argi eta garbi: Aro Modernoa alde batetik eta XIX. mendea bestetik.

    XVI, XVII eta XVIII.ean mendeko hamarna bat kasu agertzen dira. Baina lege eta ohitura aldaketekin XVIII.ren bukaeran ugaritzen hasten dira, XIX. mendearen lehen erdian goiak jotzen duela.


    Aro Modernoa (XVI-XVIII mendeak)

    Sasoi hartan sexu morala zein ohiturak ez ziren zorrotzegiak. Ondorioz, sasikumeen kopurua oso altua zen: Soraluzen, jaiotza agirietan aitaren izenik ez dutenak %10-20an egoten ziren, urtearen arabera. Honetaz gain, baziren aitak aitortutako sasikumeak… eta amaren senarrak aitortutakoak ere.

    Baina, sasikumeak gizartean onartuak zirenez, gurasoek (amek, gehienetan) ez zuten presiorik sentitzen bazterretan lagatzeko (garai hartan delitua zena)… Hala ere, inoiz egiten zuten, 1784.ean moduan, gero Martin bataiatu zuten umearen kasuan esateko[2].

    Aro Modernoan Soraluzen ez zen kajako ume askorik errejistratu, hamar bat mende bakoitzeko; guztira 18 mutil eta 19 neska.

    Hala ere, XVIII. mende bukaeran kopuru hau hazten hasi ziren, hurrengo mendean gertatu zena iragarriz. Inflexio puntua Frantziako Konbentzioaren Gerra zela esan daiteke, honek egoera ekonomiko-soziala hankaz gora irauli zuen eta.

    Espositoak...

    Umeak lagatzekotan, leku publikotan (eliza atarian, ermitak, baserriak, erregebide bazterrean...) uzten ziren, edozeinek ikusi eta jasotzeko moduan[3]. Dena dela, denbora luzean egoteagatik edo eguraldi txarrarengatik edo… inoiz hilda agertzen ziren.

    ...bidebazterretan

    Erregebide bazterrak izaten ziren oso toki aproposak jaioberriak uzteko. Horietako bat, Ezoziako santutegiko ataria, Soraluze-Elgoibar errege bideko alboan egonda, jende asko bertatik pasatzen zen eta. Soraluzeko Udaleko agirietan bi kasu jasotzen dira: 1702. urtean agertu[4] zen umea Domingo Plazencia izen eta abizenarekin bataiatu zuten, eta 1796.ean agertutakoari[5], berriz, Joseph Maria Joaquin, abizenik gabe.

    Erregebide ondoan lagatako umeak bidaiarienak izan zitezkeen, ala herrikoak. Baserri bidetan agertutakoak, berriz, herrikoek lagatakoak ziren. 1796.ean Madari baserriaren ondoan, Tuxrrukarako bidean, neskatoa agertu zen[6]. Eta hurrengo urtean, berriz, beste bat Zuloaga baserriaren alboan[7]

    ...aitaren etxean!

    Inoiz, jaioberria bere uztezko aitaren etxe atarian laga zuten, kargu egitea bere ardura zelakoan. Halaxe gertatu zion Felipe de Garateri 1667.ean[8]

    ...eta ibaian hilda

    Okerrago zen ibaian aurkitutako jaioberrien kasuan, bat behintzat hilda. Bi agiri gordetzen dira Soraluzeko Udal Artxiboan, bata 1662.ekoa[9] eta 1750.koa bestea[10].

    Itxura denez, umeak ibaira botako zituzten itozeko asmoarekin, eta lortu ere.


    XIX. mendea

    Ia laurehun urtetan (1540-1900) 86 kajako errejistratu baziren, azken mendean (1801-1900) 49 kasu izan ziren, ia %60a. Guztira 26 mutil eta 23 neska.

    Arrazoiak asko ziren. Alde batetik, mende aldaketarekin legeak gogortu ziren: 1796.etik aurrera umeak lagatzea ez zen delitu izango, baina 1822.ean abortua delitutzat hartu zen. Bestetik, moral sexuala estutu zen, eta harekin batera ohiturak. Eta ezin ahaztu ekonimia aldetik XIX. mendea oso mende eskasa izan zela: gerrak, armagintzaren gainbehera…

    Ondorioz, askoz sasikume gutxiago sortu zen; baina, gizarteak ama zein umea gutxiesten zituenez, lagatako ume kopurua asko igo zen, Soraluzeko 51 kasu lekuko.

    Agintarien erantzuna

    Arazoari aurre egiteko agintariek hainbat ekintza jarri zuten martxan. 1798.ean Kalagorriko apezpikuak inklusa (haur edo ume abandonatuen etxea) sortu zuen Arrasaten. Urte batzuk geroago Gipuzkoako Aldundiak dozena erdi "tornu"[11] ezarri zituen, horietako bat Arrasaten ere; tornu hau Bergarara eraman zuten 1844.ean. Lagatako umeen hilkortasun tasa oso altua izaten zen.

    XIX. mendean Gipuzkoan bakarrik 10.000 ume baino gehiago laga ziren tornuetan. Amak, gehienetan, neska gazte ezkongabeak izaten ziren. Askotan umea seinale edo ikurren batekin uzten zuten, inoiz itzultzen baziren berriro jasotzera umea ezagutu ahal izateko; baina oso kasu gutxitan izaten zen hau, %4an asko jota. Soraluzen 1849/03/20an ume jaioberria agertu zen, egunean bertan bataiatu zutela Vicente izenarekin. Handik denbora batera ama agertu zen, Brigida Echeverria Barrundia eibartarra, umea jaso zuen eta Eibarren bataiatu zuen berriro, Candido izenarekin.


    Abizenak

    1819.ean Gipuzkoako Aldundiak ebatzi zuen ume hauek herriaren izena hartuko zutela abizen moduan. 1884.ean, berriz, bi abizen jartzeko agindu zuten, asmatutakoak baina euskal tankerakoak.

    Soraluzeri dagokionez, kajakoen artean 12 Placencia daude, eta beste Plazencia bi; baina gehienak 1819. urtea baino lehen jaio ziren, hau da, Aldundiaren ebazpena baino lehenagokoak. Aldi berean, beste 5 Santa Maria, 2 Santa Maria la Real eta beste Santa Maria de Placencia bat agertzen dira.

    Honetaz gain, kajakoen artean 7 abizen gehiago agertzen dira, adoptatu zuten sendienak agian. Eta gainontzeko 58ek abizenik gabe erregistratu zituzten.


    Erreferentziak

    1. Zuzenean kajako (expósito) moduan agertzen direnak, gehi gurasorik gabe errejistratuak, gehi abizenik gabeko ume hildakoak.
    2. Auto de oficio por el hallazgo de un recién nacido expósito en la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1784/11/19).
    3. Hemendik dator "expósito/a" gaztelerazko hitza, "esposizioan" jartzen zirelako.
    4. Auto de oficio sobre averiguación de las personas que pusieron a un recién nacido a las puertas de la ermita de Nuestra Señora de Ezocia, jurisdicción de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1702/02/26).
    5. Auto de oficio sobre un niño expósito encontrado en el atrio o cementerio de la ermita de Nuestra Señora de Ezocia, jurisdicción de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1796/04/18).
    6. Auto de oficio sobre una niña expósita encontrada entre las caserías de Madari y Churruca de Arriba, jurisdicción de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1796/01/06).
    7. Auto de oficio sobre una niña expósita encontrada cerca de la casería de Zuluaga, jurisdicción de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1797/01/12).
    8. Información recibida a pedimiento de Felipe de Garate, vecino de la villa de Placencia, de cómo le echaron una criatura a las puertas de su casa (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1667/03/02).
    9. Auto de oficio por la aparición en el río de un recién nacido (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1662/06/09).
    10. Auto de oficio por el cadáver de una criatura encontrado en la playa de Mendiola, jurisdicción de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1750/11/15).
    11. Umeak modu anonimoan lagatzeko prestutako etxeak.