Soraluzeren armarria (eu)

    Sorapediatik
    Udaletxeko armarria (Pilar Rivera 1997)

    Armarri zaharra

    Azalpena

    Armarriaren esparrua rocaille formakoa da[1], eta soka luzea dauka inguruan. Fondo gorria (gules) du eta erdian urrezko gaztelua dauka, honen almenetatik bi banderatxo zuri irteten direla, alde banatan, Borgoinako gurutzea dutenak.

    Esparuraren kanpoaldean, alde banatan bere koloreko lehoi bana, aurreko hankekin armarria oratzen dutela; atzeko hankak, berriz, artilleriako kanoi banatan bermatuta daude, armarriaren azpian gurutzatuta, eta eskuinekoak ahoa gorantz eta ezkerrekoak beherantz dutela.

    Lehoien gainean, bi bandera alde banatan, lau guztira, zuriz bata eta gorrixkaz bestea. Eta alde banatan eta hurrena besteen azpian, burgundiar gurutzedun bandera zuria.

    Multzo osoa apainduz, antzinako gerra-tresna ugari daude: kasketak, espingardak, lantzak, mazoak, ezpatak, trabukuak, etab. Eta horren guztiaren gainean, bederatzi puntako koroa bat.

    Balizko interpretazioak

    Armarrian Borgoinako gurutzea duten hainbat bandera zuri agertzen dira. Soraluzeko bandera izan daiteke (ala alderantziz), edota Gipuzkoako udaletan bizilagunen konpainia militarrek erabili zuten "bandera koronela", haratago joan barik[2].

    Lehoien gaineko bandera zuriak eta gorriak armaginen lau gremioak ordezkatuko litzateke.

    Bederatzi puntako koroa kondeena izaten zen, baina Soraluze ez zen inoiz izan "kondepekoa", Oñati moduan.

    Eta aintzinako gerra-tresnak Soraluzeko Erret Lantegiek hornitzen dituztenak izan zitezkeen. Kainoiak ere armagintzarekin lotu zitezkeen... baina XIX. mende bukaera arte ez ziren kainoirik egin Soraluzen.

    Irudi zaharrenak

    Udaletxearen etxeaurrean badago harrizko armarria, XVIII. mende bukaerakoa.

    Udaletxean bertan ere, osoko bilkuren aretoan bada olio pintura bat, herriaren armarria irudikatzen duena. Markoa Gernikako haritzaren egurrez egina omen dago.

    Bertsio okerrak

    Historian zehar Soraluzeren armarria hainbatetan erabili, deskribatu edota irudikatu dute, baina ez beti modu zehatzean.

    Pablo Gorosabelek bere hiztegian jasotzen du lehoiak armarriaren esparruan daudela, era ez kanpoan.

    Fausto Arocenaren arabera, Gipuzkoako Aldundiaren jauregiko beirate baten bueltan, bada armarri bat Soraluzekoa izan nahi duena: esparru gorrian gaztelua dakar, eta honen azpian bi lehoi ditu, alde batera eta bestera irtetzen ari direnak. Donostiako Justizia Jauregiko beste beirate batean ere gauza bera gertatzen da.


    1876.eko sigilua

    Urteekin, armarriaren irudiarekin Udalak sigiluak sortu zituen, agiri ofizialei "benekotasuna" emateko.

    1876.ean, bigarren karlistada bukatu berria, eta gobernadore zibilen bidez, Madrilgo gobernuak udal guztien sigiluen txantiloia eskatu zuen.

    Udazkenean Ciriaco Larrosak, Soraluzeko alkateak, Donostiako gobernadore zibilari erantzun zion[3]:

    Udalerrietako zigiluei buruz xedatzen dena betez, agiri honen bazterrean eta honekin batera doan beste orri zuri batean aurkituko du berorrek hiribildu hau oso antzinatik erabiltzen duena; gainera, Udaleko langile guztiak berriak izanik eta artxibo osoa arretaz aztertu eta gero, zigiluaren historiarik ez dagoela eta ez dela ezagutzen adierazi behar diogu berorri; eta jakinarazten diogu erdian dagoena gaztelu bat dela, bi bandera dituena, kuartelari eusten dioten bi lehoi dituena, eta armarri beretik trofeo itxurako armak eta banderak ateratzen dira.
    Soraluzeren 1876.eko sigilua
    Ahal den guztia egingo dugu historia hori ikertzeko eta, zerbait aurkituz gero, bidali egingo diogu berorri.
    Eta hau da esan ahal diodana, erregearen gobernuak proposatzen duen helbururako.
    Jaungoikoak berori gida dezala urte askotan. Soraluze, 1876ko irailaren 15a.
    Alkatea
    Ciriaco Larrosa
    Gipuzkoako Gobernadore Zibila
    Donostia

    Argi ikusten denez, 1876.eko sigilua armarriaren bertsio "arina" da: gaztelua erdian, bi banderekin, bi lehoi ezker-eskuman, bina bandera bakoitzaren atzean, bost puntako koroa eta "trofeo" itxurako batzuk azpian.

    Siguluaren inguruan gaztelerazko testua dator: N. Y L. VILLA DE PLACENCIA DE LAS ARMAS (euskaraz, Soraluzeko hiribildu noblea eta leiala).


    Gaur eguneko logoa

    Aldaketa beharra

    Soraluzeko armarria, sigilu moduan, udalaren "logo" moduan erabili izan da aspalditik: tinta sigilua hasieran, inprimaki ofizialen burualdean gero, kaleko seinaletan... Eta sigilu berriak egin behar zirenean (gastatuta zeudelako, erregimen aldaketa zela eta...) diseinua gero eta desegokiagoa zen, Ramiro Larrañagak dixit.

    Beste herri askoren moduan, XX. mende bukaeran armarrian oinarritutako logoa birdiseinatzea erabaki zuten. Itxura arinagoa eta modernoagoa emateaz gain, gaur eguneko euskarrietan erabilerreztasuna bilatzen zen: paper eta agirietan, sinaletikan, web orrietan… Bi bertsio sortu zuten, bata koloretan (berde eta horia) eta zuri-beltzean bestea.

    Azalpena

    Diseinu berriak armarriaren osagai esanguratsuenak gordetzen ditu, baina egokituak: gaztelua erdian, bi bandera alde banatan eta guztiaren gainean koroa.

    Armarriak rocaille forma galdu zuen, orain forma ia "espainiarra" dauka, eta inguru beltz sendoa. Oraingo fondoa berdea da, aurreko gorria beharrean.

    Gaztelua, hori kolorekoa, aurrekoa baino handiago eta osoagoa da. Azpiko solairuko erdian atea eta bi leiho dauzka, eta goikaldean lau almena zabal. Honen gainean hiru dorretxo, erdikoa beste biak baino altuagoa.

    Gaztelu ertzetatik irtetzen diren bi bandera beltzek armarriaren hegala zeharkatzen, eta honen ertzak goitik beherako marra berde zabala marrazten die.

    Goi aldeko koroak oinarri beltza du. Bederatzi "puntak" gordetzen ditu, borobilak, horiak eta kanpotik barrura gero eta handiagoak.


    Erreferentziak

    1. Forma hau ez da batere ohikoa armarrietan, Soraluzekoa bakarretakoa izango da.
    2. Gaztelako tertzio batzuek erabiltzen zuten, eta 1935.tik aurrera karlistek ere.
    3. Espainiako Nazio Artxibo Historikoa, 1876/09/15.