Filipinetako Errege Konpainia (eu)
Caracasko Gipuzkoar Konpainia
Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia[1] gipuzkoar merkataritza-konpainia izan zen, 1728.tik 1785. arte aritu zena, eta monopolioa izan zuen Venezuelarekiko merkataritzan. Bere akziodunak Espainiako erregea, Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundi Nagusia eta inbertsore pribatuak izan ziren.
Venezuelako merkataritzatik gain, beste hainbat negoziotan sartu zen. 1734. urtean Soraluzeko Erret Lantegien bitartekari (asentista) bakarra izateko eskatu zuen, eta lortu ere.
Urte askotan ondo aritu bazen ere, 1779-1784 epea oso txarra izan zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiarentzat. Alde batetik, 1778. urtean Ameriketako merkataritza erabat liberalizatu zuten, konkurrentzia handituz. Bestetik, Ingalaterrarekiko gerra berpiztu zen (1780-1783), Venezuelako merkataritza oztopatuz: esateko, Nuestra Señora de la Asunción ontzia ere harrapatu zioten.
Gauzak horrela, 1784.rako Konpainia zorrek itota zegoen, eta desegin egin zen.
Filipinetako Errege Konpainia
Sorrera
Orduan, Frantzisko Cabarrús bankari baionesak, konpainiaren akziodun eta zuzendaritza-batzordeko kideak, proposamen bat egin zuen Konpainia berregituratzeko, Habanako Konpainiarekin eta San Fernando Konpainiarekin bateratuz.
Konpainia berria Filipinetako Errege Konpainia[2] bilakatu zen[3], 1788.an hezurmamitua, eta Filipinekin trafikoaren monopolioa eskuratu zuen. Honetaz gain, Filipinetako Konpainiak Caracasko Konpainiaren Soraluzeko Erret Lantegien asientoa eta Bizkaiko ontziolak ere bereganatu zituen.
Jarduera
Filipinetako Konpainiak hamar urtez (1784-1794) ustiatu zuen aipatutako armagintzaren asientoa; Soraluzeko Lantegietan aurreko zuzendaria mantendu zuten, Jose Maria de Lardizabal hain zuzen.
Bukaera
1794. urtean, Frantziako Konbentzio gerran, frantsesek Soraluze hartu zuten eta konpainiaren Filipinetako Errege Konpainiaren jarduna eten zen. Bakea sinatu ostean, Estatua bera zuzenean aritu zen, arma eskaerak egiteko inolako bitartekaririk erabili gabe.
Erreferentziak
- Soraluze. Monografía histórica 59. orrialdea. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1997)
- ↑ Gaztelaniaz sortua, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas.
- ↑ Gaztelaniaz sortua, Real Compañía de Filipinas.
- ↑ Filipinetako Konpainia. Wikipedia (euskaraz).