Lauko Aliantzaren Gerra (eu)

    Sorapediatik
    Felipe V. erregea eta Isabel Farnesio emaztea

    Lauko Aliantzaren Gerra (1717-1720)

    Nahiz eta Espainiako Ondorengotza Gerra (1701-1714) irabazi, ondorioak garratzak izan ziren Felipe V. Borboikoarentzat, ordurarte Espainia azpiko hainbat eskualdei uko egin behar zion eta: Menorka, Belgika, Napoli, Sizilia, Sardinia…

    1714. urtean bigarren aldiz ezkondu zen, Italiako Isabel Farnesiorekin. Eta, emazteak xaxatuta, bion semeentzako lurrak berreskuratu nahian hasi zen 1717.ean: Sardinia aurretik eta Sizilia gero. Eta gainera Frantziako erregea inoiz izateko aukerak zituen, bi koroak bilduz.

    Kezkatuta, Britainia Handia, Frantzia, Austria eta Herbeheretako Errepublika Lauko Aliantza osatu zuten, eta haren kontra gerra hasi zuten: Lauko Aliantzaren Gerra[1].

    Gerra, besteak beste, Pirineotan garatu zen: Kataluñan lehen eta Euskal Herrian gero.


    Gerra Soraluzen

    Orduko giroa: 1718.ko matxinada

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1717. urtean Felipe V.ak Ebrotik itsasertzera ekarri zituen aduanak, eta honek 1818.ko matxinada piztu zuen Bilbon, Debarroraino heldu zena. Matxinatuek agintari eta noble batzuk hil zituzten, jauregiak erre…

    Eta osteko errepresioa ere oso latza izan zen: heriotz zigorrak, espetxeratuak, deserriak, isunak...

    Berwick-eko dukea Gipuzkoan sartu

    1719.ko udaberrian Berwick-eko duke frantsesak 30.000 soldaduko gudarostea ekarri zuen Baionaraino. Bertan hilabete batzuk eman zituzten Espainia erasotzeko abadagunearen zain.

    1719.ko udan, Berwick-eko dukeak gidatuta, Frantziako gudarosteak Bidasoa zeharkatu zuen eta inguru hura okupatu zuten: Hondarribiari setioa jarri zioten lehen, hura hartu eta gero Pasaian eta hainbat itsasontzi erre zituzten, Donostia hart (herria eta gaztelua) setioa jarri eta gero...

    Soraluze okupatuta

    Hondarribia eta Donostia hartuta, ordutik aurrera ez zuten arazo handirik topa aurrera egiteko. Gainera, Blas de Loya maretxalak (Bizkaiko matxinada zapaltzeko 3.000 gizonekin etorri zena) alde eginnzuen bere gudarostearekin, Berwick-eko dukeari bidea erraztuz.

    Ondorioz, Berwick-en gudarosteak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba osoak okupatu zituzten, Soraluze tartean. Ez da ezagutzen bertan goarnizioaren bat eratu zuten, Erret Lantegiak zaintzeko.

    Soraluze Frantzian

    Espainiako Ondorengoaren Gerra ostean Felipe V.ak eta orduko agintariek oso estilo zentralista agertu zuten, Aragoiko koroaren lurraldeen foruak bertan behera utziz[2]. Orduan Euskal probintzien foruak "salbatu" ziren, Felipe V.aren alde egin zutelako.

    Baina 1717.eko aduanen dekretua foruen aurkakoa ikusi zen, antzeko beste askoren lehena agian; era foruen aldeko ardura piztu zen.

    Orduan, Berwick-eko dukeak Gipuzkoa konkistatu ostean, Aldundiak foruak gordetzeko hitza eskatu zuen, baiezkoan Frantzian sartzeko prest zegoela adieraziz. Eta Arabako aldundiak ere antzeko proposamena egin zion Brewick.eko dukeari. Bizkaia, berriz, ez aurrera ez atzera geratu zen.


    Bukaera

    Erretirada

    1719. bukaeran Felipe V.ak ulertu zuen indarrez inoiz ez zuela bere helburuak lortuko, eta amore eman zuen. Lehenik eta behin Alberoni ministroa kendu zuen, eta negoziaziotan hasi zen Italiako eskualde batzuk bere semeentzat lortzeko asmoz.

    Azkenean, bakea Hagan (Holanda) sinatu zuten, 1720.ko otsailean, Lauko Aliantzaren Gerra bukatuz. Usteak ustel, Felipe V.ak ez zuen semeentzat ia ezer lortu, ez gerrarekin, ezta bake itunarekin.

    Bitartean, Berwick-en dukea eta bere gudarostea Frantziara itzuli ziren atzera, euskal probintziak askatuz, Soraluze barne. Felipe V. erregeak euskal probintziak berreskuratu zituen.


    Carte du Guipuzcoa (François de La Blottière 1720)

    Carte du Guipuzcoa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1720. urtean, gutxi gora behera, François de la Blottière injeniari militarrak Gipuzkoako mapa marraztu zuen: Gipuzkoako mapa, aldi berean Nafarroako zati bat, Frantziako, Araba eta Bizkaiko mugak erakusten dituela, baita Baztan eta Araitz haranak zein Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola, Deba eta Artibai ibaien arroak.

    Soraluze (Plazenzia) ondo nabarmenduta dago. Baliteke soldadu frantsesak bertatik pasa izana, edota bertan egon izana, armagintzaren erdigunea zen eta.

    Segururena, mapa hau osatzeko datuak Berwick-en kanpainan lortuko zituen, eta ostean marraztu. Halaxe egin omen zuen beste kasuetan ere.


    Erreferentziak

    1. Lauko Aliantzaren Gerra. Wikipedia (euskaraz).
    2. Oin Berriko Dekretuak edo Decretos de Nueva Planta (1707-1716).