Ignacio Agirregoikoa (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 00:09, 11 ekaina 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Ignacio Agirregoikoa Benito
    Ignacio Agirregoikoa Benito.jpg
    Jaio 1923
    Hil 1944
    Profila Militarra


    Haurtzaroa

    Ignacio Agirregoikoa Benito Soraluzen jaio zen, 1923. urtean[1].

    Umea zela, familia Eibarrera joan zen bizitzera. Familiaren ideiez gain, bere etorkizuneko ideologian Ramiro Munilla maisu errepublikarrak eragin handia izan zuen: ikasleei ideia sozialistak azaltzen zizkien eta, Espainiako Errepublikaren lehendakaria Alcalá Zamora Eibarra etorri zenean, ikasle guztiak eraman zituen ikustera eta entzutera.


    Erbestea

    1936. urtean Espainiako gerra sortu zen. Urte hartako irailean nazionalek Soraluze hartu zuten, eta frontea Maltzaga inguruan egonkortu zen. Hurregon hilabeteetan, borrokaz gain, Eibar gogor bonbardatu zuten eta, beste askoren moduan, 1937. urtean Ignacioren familiak Bilborako bidea hartu zuen, gudaroste nazionaletik ihes.

    Urte hartan bertan Bilbotik Leningradora bidali zuten, beste ume askorekin batera. Handik Kiev-era bidali zuten, ume errefuxiatuentzako propio prestatutako babes-etxe batera.


    II Mundu Gerra

    1939. II Mundu Gerra sortu bazen ere, 1941.ko ekaina arte Alemaniak ez zuen Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuna eraso. Hiru hilabete geroago alemanek Kiev bera hartu zuten.

    Ordurako babes-etxea ebakuatu zuten eta gazte haietako bostek SESBeko Aire Akademian sartzea lortu zuten: José Luis Larrañaga (eibartarra, bost garaipen, 1923-1943), Antonio Lekunberri, Antonio Uribe, Ramón Cianca eta Ignacio Agirregoikoa.

    Airean bakarrik ez, aurretik buruz buruko borrokak izan zituen alemanekin[2]. 1942. urtean, Ignacio Agirregoikoa eta Luis Lavín bilbotarra aerodromo ondoan lubakiak zulatzen ari zirela, infanteria unitate batean sartu zituzten eta bertan zegoen frontera eraman, errepidea minatzeko.

    Alemanak agertu zirenean Luisek eta Ignaciok aleman bana hil zituzten ("biok punteria ona genuen") eta ibilgailuak lehertarazi zituzten ("bidaiariak zatika ikusi genituen"). Ostean, buruz buruko borroka etorri zen, "baionetaz eta palaz". Luis Lavín aleman batekin borrokatan ari zela baten batek granada bota zien: alemana bertan behera hil zen eta Luisek eskumako sorbaldan mina hartu zuen, betiko minzorra geratu zitzaiola.

    Bukatzerakoan, brigadak eskatu zien "mingain" bat ekartzeko; baina beraiek mingainak mozteko gauza ez zirenez, belarri batzuk ebaki eta eraman zioten. Ez zuten ondo ulertu, brigadak prisionero bat nahi zuen, itzultzaile lanak egiteko.

    Ia bi urte geroago, ikasketak amaituta, 1943.ko uztailean Baltiko frontera bidali zuten, Pokrishev handiaren[3] agindupean. Ordurako izena aldatu zioten, Benito Aguirre, ahoskatzeko errezagoa zelakoan.

    Hurrengo 8 hilabetetan borrokatu zuen eta bizirik irten zen, piloto berriek bizirauten zutena baino askoz gehiago.


    Heriotza

    1944.ko martxoaren 9an Armada Gorriak Tallinn (alemanen esku) bonbardatu zuen oso gogor. Hegazkinak Gdov basetik[4] aireratu ziren, eta segururena haietako batean Ignacio Agirregoikoa joango zen.

    Hegazkinak binaka babesten zuten elkar. Bertsio ofizialaren arabera, kaza alemana ikusi zuen Alexander Pristupa bere kidearen atzetik eta, etsaia gogor erasotuz, lurrera botatzea lortu zuen. Baina maniobrarekin babes barik geratu, eta beste hegazkin batek Ignacioren hegazkina jo, sutan jarri eta lurrera bota zuen.

    Hegazkina Tallinn-etik ekialdean erori zen, Mustvee herriare inguruan, eta Ignacio bizirik irten zen. Polizia lokala (alemanen kolaboratzaileak) abiadorearen atzetik hasi zen eta mutilak, bere burua inguratua ikustean, tiro egin zion bere buruari. Mustveeko kanposantuan lurperatu zuten. 21 urte zituen.


    Benito Agirre kalea, Mustvee (Estonia)

    Hil ostekoak

    Mustveen bertan lurperatu zuten, eta Izar Gorriaren ordena eman zioten.

    1965. urtean Gaztedi Komunisten eskariz, Mustveeko kale bati Benito Aguirre izena eman zioten. Sasoi hartan, izena errusieraz eman zioten kaleari, alfabeto zirilikoz idatzia.

    Baina 1990.eko hamarkadan, izen ziriliko eta errusiarrak desagertu egin ziren dekretuz Estonian, eta kaleari berriro izena eman behar zitzaion, alfabeto latinoz oraingoan, estoniera hala idazten baita. Eta nola idatzi zirilikozko izen hura alfabeto latinoz? Historia liburuetan begiratu, eta aurkitu omen zuten nonbait abiadore haren izen espainola Ignacio Benito Aguirre zela...

    Beraz, Benito Aguirre behar ote zuen? Zorionez, toponimia kontuak arautzen dituen Estoniako Hizkuntzaren Akademian, espedientea euskaldunak ezagutzen dituen Peeter Pall izeneko hizkuntzalariaren eskuetara iritsi zen, eta hark Aguirre euskaraz zuzen nola idazten zen bazekien: Agirre. Beraz, kalearen izena Benito Agirre idatzi zuten.


    Erreferentziak

    1. Inoiz Torrelavega edo Eibar ere aipatu izan dira.
    2. Piloto de caza en Rusia. Jacinto Antón (El País 2007/05/23)
    3. 23 garaipen lortu zituen.
    4. Peipus lakuaren ondoan.