Santa Maria la Real eliza. Zaharberritzea. Barrualdea (eu)
Aurrekariak
Zaharberritzearen premia
XX mende bukaeran Soraluzeko eliza oso egoera txarrean zegoen. Alde batetik, burualdetik hezetasuna gogoz sartzen zenez (gogoratu Buztina izenekotik errekatxoa pasatzen dela), pareten eta erretaula nagusiaren margoak desegiten ari ziren.
Teilatuetan ere itokinak ziren. Gainera, habe nagusiak brintzatuta zirenez, gangen gainera etorriak ziren, teilatuko pisu guztia bertara pasatzen: gangakapurtzeko arrisku handia zegoen.
Eliz ataria ere ez zegoen hobeto. Itokinez beteta egoteaz gain, egurra oso kaltetuta zegoen ehundaka urteetako eguraldia jasan eta gero. Istalazio elektrikoa ere ez zen batere segurua, edozein momentuan sutea sortzeko arriskua zegoen eta.
Zaharberritzearen hiru faseak
Eliza hiru fasetan zaharberritu zuten, batez ere arrazoi ekonomikoengatik. Eta larritasunak markatu zituen lehentasunak:
- Lehengo fase batean (1983-1986) eliz ataria eliz ataria zaharberritu zuten.
- Bigarren fasean (1999-2002) kanpoko aldeari ekin zioten: drenatze lanak, teilatuak eta dorrea batez ere.
- Hirugarrenean, berriz, barrualdea zaharberritu zuten (2003-2007).
(handitzeko, sakatu gainean)
Proiektua (2003-2005)
Hirugarren fasearen arkitektoak Xabier Barrutieta eta Gudiker Beaskoa izan ziren[1].
Erronkak eta asmoak
Gorago jaso denez, proiektua oso erronka handia zen. Alde batetik, eraikinaren baldintzak, erabilera zein seguritate aldetik, oso eskasak ziren: elizaren barne esparrua hainbat mailatan zegoen antolatuta, irisgarritasunaren kaltetan; argitasuna oso eskasa zen; elizako ate-sarrerak ez ziren ardatzekin lerrokatuta...
Honetaz gain, XXI mendeko liturgia irizpideetara egokitu behar zen: abadea eta eliztarrak gerturatu behar ziren; pontea aurrera ekarri; fededunen eta Jainkoaren lotura zuzena lehenestu, hainbat aldare, irudi eta santu kenduz...
Azkenik, zaharberritzea aprobetxatu nahi zen sakristia berria egiteko (zaharra Soraluze zinema azpian zegoen, eta honekin batera bota zuten), komunak egin (eliztarrak gero eta zaharragoak direnez), berogailu sistema aldatu...
Eta hau dena konpontzeko elizaren aldapa kontutan hartu behar zen, %4koa hain zuzen.
Egin ez zena
Dirua faltagatik, proiektuan aurreikusita zeuden ekintza batzuk ez zituzten gauzatu, eskumako kaperen gainean dauden aretoekin[2] lotutakoak, hain zuzen.
Dorrearen ate gotikoa ixtea pentsatu zuten, eta sarrera Nazareroaren kaperatik eman. Honetaz gain, aretoetarako irisgarritasuna hobetzeko dorrean bertan igogailua jarriko zen; eta koruko parean horma zulatu aipatutako lokaletara pasabidea zabaltzeko. Azkenik, areto hauek ez zituzten egokitu.
Lan orokorrak
Zorua
Zoru berria jarri zuten zaharraren gainean, bion tartean zoru erradiatzailea jarriz, eliztarren epeltasun erosoa bermatuz. Airezko berogailu sistema zaharra kendu zuten.
Zorua, jatorriz hainbat mailatan zegoena, bi mailatan antolatu zituzten: presbiterioa, alboko bi kaperak eta aitortzarena alde batetik, eta gainontzekoa bestetik. Gainera, bien artean bi maila besterik ez zituzten laga.
Nabe nagusiaren ertzetan argi-lerroak jarri zituzten, eta pasiloan gurutze bidea markatu zuten, irudi zaharrak hormetatik kenduz.
Lan hauei ekin baino lehen zoru azpian ez induskatzea erabaki zen. Jakin bazekiten garai bateko hilobiak bertan daudela eta, seguraski, aurreko elizaren aztarnak. Baina aztarna arkeologokoak azaleratuz gero lanak atzeratuko ziren, eta garestitu.
Sarrerak
Santa Maria la Real elizaren ate nagusia ez dago erdiko ardatzarekin lerrokatuta, alde batera baizik; horregatik, eliztarren sartu-irtenak oztopatzen zituen. Gainera, zeukan egurrezko babesa traba handiagoa suposatzen zuen.
Bigarren atea edo ate txikia ere ez zegoen nabe nagusira begira, ezkerreko kaperatara baizik.
Zeuden egurrezko ate-babesak kendu eta berriak jarri ziren, metal eta beirazkoak. Baina, zuzenak izan beharrean eskumarakojoera dute, erabiltzaileak elizaren erdira bideratzeko.
Argiteria
Eliza oso iluna zen. Leiho gutxi, altuak eta beirate ilunak izateaz gain, hormak oso zikinak zeuden. Eta argiteria eskasa izateaz gain, gaizki aprobetxatuta zegoen.
Zaharberritzerakoan argiteri sistema berria ezarri zuten. Alde batetik, lehen baino askoz argi gehiago eta indartsuagoak jarri zituzten elizaren azalera osoa argitzeko: hormak, gangak, erretaulak... Eta bestetik, argi guzti hauek gobernatzeko sistema bat ezarri zuten; piztu/ itzaltzeaz gain argi bakoitzaren argi indarra gobernatzen du, eta denborak ere.
Ostean, elizari "argi-kutxa" esaten diote: mezak aurrera egin ahala gero eta argi gehiago pizten dira, eta azkenerako hormak gangetatik zintzilik daudela ematen du.
Erretaula nagusia
Soraluzeko Santa María la Real elizako erretaulak primerako itxura du zaharberritze lanen ondoren.
Erretaula margotutako estukoaz egina dago. Azterketak erakutsi zuenez, zazpi aldiz margotuta zegoen, hasierako koloreak gutxi gorabehera errespetatuz. Egoera oneneko geruza hirugarrena zenez, azalera agertzeko gaineko lauak kendu zituzten. Honetaz gain, altxatutako aldeak asentatu, askatutako elementuak egonkortu, zikinkeria garbitu eta hezetasunak eta gatzak hondatutako inguruak berritu zituzten. Amaitzeko, erretaula osoa babestu zuten.
1950ko hamarkadan erantsitako bi medailoi handiak, Jesusen era Mariaren Bihotzak, kendu zituzten. Aurretik zuen itxurara lehengoratu zuten, bi motako harria erabiltzen, beltza eta hori-laranja hain zuzen, Markinatik eta Alacant-etik ekarriak. Azkenik, harri beltzeko harmaila korritua erantsi zioten alderik alde, erretaula eta presbiterioa lotzeko.
Nabe nagusia
Zorua bi mailatan antolatuta, presbiterioa eliztarren gertuago geratu zen, hiru harmaila besteriz ez. Aldarea ere berria ekarri zuten, Macael-eko marmol zuriaz egina.
Presbiteriorako harmailak zuzenak izan beharrean olatu baten forma dute, eta eskuman geratzen den sartunera pontea ekarri zuten.
Hormak eta gangak garbitu eta zuriz margotu zituzten. Hormei itsatsitako zutaben inguruan fokoak jarri zituzten, gangak eta erretaula argitzeko.
Kanpoko argia sartu ahal izateko, goiko leihoetik beirateak kendu eta berriak jarri, gardenak.
Zoruko ertzetan argi-lerroak jarri zituzten. Banku berriak ere ekarri zituzten, baina ez lehen bezain beste (eliza ez da betetzen ia inoiz eta).
Koru azpiko harrizko arko eskarzanoa (XVIII mendekoa) garbitu eta argitu zuten. Koruan, hiru esparruen arteko pasabideak erraztu zituzten eta albokoetan argi-panelak jarri.
Azkenik, ponte zaharra (ate nagusiaren ondoan zegoena) eta inguruko harlosak kendu eta eraman zituzten.
Kaperak
Zeharo berrantolatu zituzten, balio historiko-artistikoa zuten elementuak babestuz. Orokorrean, irudi gehienak kendu zituzten, bakarrik hiru erretaula zaharrenak utziz, gehi San Blas irudia. Eta azpiko leihoetan, berriz, errejak kendu eta alabastroz itxi zituzten.
Nazarenoaren kapera. Erretaula barrokoa eta bertako irudiak zaharberritu zuten, baina aldare aurreko eskudela modernoa kendu zuten. Eliz ataria zaharberritzerakoan Iñaki Itxasoik egindako maketa bertan jarri zuten, erakusgarri.
Dolorosaren kapera. Erretaula barrokoa eta bertako irudiak zaharberritu zuten, eta gainontzeko irudiak kendu zituzten. Atearen zurezko barnebabesa ere ordeztu zuten, berria metal eta beiraz egina dagoela.
Santa Barbara kapera. Garai bateko sakristia zena, XX mendeko Santa Barbara erretaula kendu zuten. Horman kanporako ate berria zabaldu zuten (irisgarritasuna bermatzeko), eta zurezko egitura jarri zuten, komunak eta biltegi txikia biltzen dituena.
Animen kapera. Hemen ere bertako erretaula kendu, eta zurezko egitura jarri zuten, aitorleku moduan.
Vera Cruz kapera. Beiraz itxi zuten, sakristia moduan erabili ahal izateko. Erretaula eta irudiak gorde zituzten.
Milagrosa kapera. Bertako erretaula modernoa kendu, eta sagrarioa jarri zuten.
Berrinaugurazioa (2007)
Santa Maria la Real elizaren zaharberritzearen hirugarren (eta azken) fasearen lanak 2007 urte amaieran bukatu ziren, eta urte hartako abenduak 15ean parrokia berrinauguratu zuten.
Erreferentziak
- ↑ Reforma iglesia Sta Maria la Real de Soraluze. Xabier Barrutieta y Gudiker Beaskoa, arquitectos.
- ↑ Garai batean Gau Gurtza-koek (Adoración Nocturna) erabilitakoak.