Eliz ataria. Zaharberritzea (eu)
Aurrekariak
Soraluzeko Santa Maria la Real elizaren ataria 1666 urtean jaso zuten.
Mendeetako kalteak
Hurrengo mendeetan kalte nabarmenak pairatu zituen, eta hala-nolako konponketak egin zizkioten. XIX mendean (ez da data zehatzik ezagutzen) zati handi bat erori zen, eta orduan aurreko erdiko zutabea ordezkatu izan zuten, toskano estiloko harrizko bat jarriz[1], landu gabeko hainbat habe berri jarri zituzten eta kendutako habe landuei zati aprobetxagarriak moztu zituzten, ahal ziren tokietan jarriz[2].
XX mendean eliz atariaren egoera gero eta makalagoa zen: egur zatiak galduta (berez edota nahita), pipiak egindako zuloak, instalazio elektrikoa edozein modutan jarrita, umeek egindako sute txikiak...
1962 urtean orduko parrokoak ixteko asmoa zuen, inguruan ospatzen ziren dantzaldiak zirela eta. Lana ez zen burutu, baina hurrengo urtean Udalak larrialdiko konponketa ordaindu zuen (390 bat euro, orduko 65.000 pezeta), eta 1964an, Gipuzkoako Aldundiak emandako 150 eurorekin (orduko 20.500 pezeta) teilatua konpondu eta itokinak kendu zituzten. Modu honetan eliz ataria larrialditik atera zuten, nahiz eta aukeratutako irtenbideek (burnizko eusgarri eta eskorak) taila-lana kaltetu.
Zaharberritzeko asmoak
Eta hirugarren mendeurrenean, 1966 urtean, zahar berritzeko eskaerak hasi ziren; ez bakarrik herrikosemeak, kanpokoak ere: Luis Pedro Peña Santiago (1966 eta 1972 El Diario Vascon), Juan San Martin (1975 Hoja del Lunesen), Iñaki Linazasoro (La Voz de Españan)...
Azkink, proiektua martxan jarri zen. Garaiko alkateek (Alberto Lersundi, Gonzalo Akizu eta Jesús Mari Akizu) gaia bultzatu zuten, eta Gustavo Kraemer Koeller jaunak, Arte Ederretako katedradunak, proiektua idatzi eta zuzendu zuen.
Proiektua
Gustavo Kraemer Koeller jaunak proposatutako proiektuak bi alde zituen.
Hasierakoan, aurrelanak egin behar ziren:
- Tailatutako pieza guztiak aztertu eta, behar bada, jatorrizko kokapena erabaki. Falta ziren piezak antzeman eta ezaugarriak lortu.
- Egurra lantzeko gaitasuna landu eta behar ziren egur zatiak, gaztainondozkoak, eskuratu[3].
Behin falta diren piezak prestatuta, bertako lana hasiko zen:
- Lehenik eta behin, teilatua kendu eta eliz atariaren egitura desmontatu.
- Gainkargaz apurtutako habe luzeak indartu, burnizko T luzeak barrualdean ipiniz.
- Eliz atariaren egitura berriro osatu, eta egurrari tratamientua eman.
- Azkenik, teilatua atzera jarri: oholak sartu, tratamientua eman, plastiko ehunez estali dena eta teilak jarri.
Maketa
Egur lanak, berriz, Iñaki Itxasoi (Ignacio de Miguel) jaunak egin zituen. Mekanikoa lanbidez, egurra zuen afizioa.
Lehenengo lana, 1979 urtean, eliz atariaren maketa egitea izan zen, 1:20ko eskalan.
Hainbat tokitan erakusgarri ibili eta gero, gaur egun Santa Maria la Real parrokian erakusten da.
Lanak
Gero, eliz atari osoa desmontatu, piezaz pieza osatu eta tratatu, eta berriro montatu. Zaharberritze lanek hiruzpalau urte iraun zuten, eta 1983 urtean inauguratu zen eliz atari berria.
Foru Aldundiaren dirulaguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiak biurtetan eman zituen dirulaguntzak:
- 1983ko plana: 12.000 € (2.000.000 pta.)
- 1986ko plana: 56.400 € (9.400.000 pta.)
- Guztira: 68.400 €
Erreferentziak
- (1967) Artikulua. Luis Pedro Peña Santiago (El Diario Vasco, 1967/08/01)
- (1968) Guipúzcoa olvidada. Luis Pedro Peña Santiago (Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao).
- (1975) Plaentziako Eliz-ataria. Juan San Martin
- (1978) Eliz-ataia. Ramiro Larrañaga
- (1987) El atrio de la iglesia de Placencia de las Armas, Soraluze. Ramiro Larrañaga
- Santa María la Real de Placencia. Su singular pórtico necesita una restauración. Iñaki Linazisoro
- ↑ Harrizko zutabe hau nondik jiratu zuten ez dakigu, inguruan halakori ez da ezagutzen eta.
- ↑ Informe técnico núm. 33/73. Dr. Gustavo Kraemer Koeller (Octubre 1973).
- ↑ Egur pieza gehienak eskuratzea ez zen zaila aurrikusten, 40 x 40 habe handiak salbu. Ezinezkoa bazen, Kraemer jaunak egur laminatua erabiltzea proposatzen zuen, sasoi hartan oso teknika berritzailea.