Santa Maria la Real. Erretaula nagusia (eu)

    Sorapediatik
    Santa María la Real. Erretaula nagusia
    Santa Maria la Real parrokia. Erretaula (berritua).jpg
    Estiloa Neoklasikoa
    Mendea XVIII
    Kokapena Santa Maria la Real eliza
    Mota Eraikina/ Eskultura


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Azalpena

    Erretaulak hiru zati ditu: banku edo oinarria, gorputz nagusia eta atikoa. Bankuaren gainean, gorputz nagusiak hiru zati ditu. Erdikoak, absidearen sakontasuna erabiltzen du nitxo moduko egitura batean. Bertan, egur polikromatuz egindako Andre Maria eta aingerutxoak azaltzen zaizkigu, oinarri handi baten gainean.

    Erdiko zati honek alde bakoitzean hiru zutabe erraldoi ditu. Zutabeek fuste ildaxkatu eta kapitel hornituak dituzte eta gainean taulamendu erraldoia dute. Frisoak landare itxurako apaingarriak ditu. Erlaitza zabala da eta moldura eta modiloiak ditu. Gainean, atikoa hasten da.

    Atikoan Aita, Semea eta Espiritu Santuaren talde eskultorikoa dago. Alde bakoitzean pilastra bat du eta hauen gainean frontoi arku bat, aingerutxo eta floroiz apaindutako arku batez inguratuta. Erlaitzaren alde bakoiztean, aingeru bat dago belauniko. Aldeetan ondoko goi-erliebeak daude: San Jose haurrarekin eta Artzain Ona.


    Historia

    Erretaula barrokoa

    Gaur eguneko elizaren traza edo diseinua Pascual de Iturriza maixuak burutu zuen, 1541 urtean. Nahiz eta lanak behereala hasi, diru falta zela eta motel ari ziren. 1544 urtean Domingo de Elorduy margolariak kapera nagusia pintatu zuen (ez da ezagutzen hormak kolore bakarrekoak margotu zituen, edo "margotutako erretaula" egin zuen).

    1606 urtean, Gipuzkoako korregidoreak agindutako txostenean[1], eliza bukatu gabe eta erretaula barik zegoela jasotzen da.

    Honi eskez, elizaren patroia behartu zuten jasotako "hamarrekoen" herena lanetan erabiltzeko, eta hurrengo hogei urtetan eliza bukatuta zegoen. Erretaula ere egin zuten, barrokoa, segur asko garai honetan bertan.

    Baina XVIII mendeko azken hamarkadetan gaizki zaindutako kandela batek aldareko oihalak piztu zituen, eta sortutako suak erretaula hartu zuen. Ezer gutxi gordetzeko aukera izan zuten: Amabirginaren irudi erdi erreta, urteetan elizaren ate nagusiaren gainean egon zena, eta gaur egun Abadetxeko kapilan gurtzen dena.

    Erretaula berria

    Erretaula barrokoa erreta, berria egitea erabaki zuten. Orduan Espainian zen arkitekto puntakoenari eskatu zioten erretaularen traza asmatzeko, Ventura Rodriguez jaunari (1717-1785). Honek diseinatutao

    Erretaula egiteaz, berriz, Bergarako Miguel Antonio de Jauregui arkitektoa arduratu zen. Eraikitzeko harlagaintza (adreilua, karezko morteroa eta igeltsua) eta estuko polikromatua eta urre kolorekoa erabili zituen. Formari dagokionez, zortzi aldeko absidera egokitu zuen.

    Zaharberritzea

    Soraluzeko Santa María la Real elizako erretaulak primerako itxura du zaharberritze lanen ondoren (1999-2008).

    Lan hauetan altxatutako zonak asentatu, askatutako elementuak egonkor jarri, gainazaleko zikinkeria garbitu, eta hezetasunak eta gatzak hondatutako zonaldeak berritu dituzte. Amaitzeko, erretaula osoa babestu da.


    Erreferentziak

    Soraluzeko arkitektura erlijiosoa: Parrokia-elizaren azterketa artistikoa. Ramon Leturiondo Altube