Udala. Frankismoa (1936-1975) (eu)

    Sorapediatik
    Udalaren bilakaera historian zehar ikusteko, Udala (eu)

    Aurrekariak

    Lehen udal frankista

    1936ko irailak 22an karlistak herrian sartu ziren.

    Biharamonean, Julio Pérez Salas komandanteak behin-behineko udalbatza izendatu zuen. Eta astebete geroago, hilak 30, behin betikoa: Miguel Larrañaga Madina (alkate), Esteban Oregui Solabarrieta (zinegotzia), Claudio Onandia Oruzar (zinegotzia), Sabino Madina Azcarate (zinegotzia) eta Basilio Aizpiri Ariznabarreta (zinegotzia). Idazkaria ere izendatu zuen, Arturo Oregui.

    (1936/09/23 - 1937/11/12) epeko aktak ikusteko, sakatu hemen.


    Udalaren osaketa

    Gerra eta gerra osteko lehen urteak nahikoa korapilatsuak izan ziren antolamendu aldetik. Baina, urteak pasa ahala, Francoren errejimenak bizi politikoa arautzen hasi zen.

    1945 urtean Herri-Jardueren Oinarrien legea[1] sortu zuten. Honen arabera Soraluzeko Udalbatzak 10 partaide izango zituen: bederatzi zinegotzi eta alkatea.


    Hautaketa

    Hautaketa prozesua garaiko demokrazia organikoaren arabera egiten zen[2]. Helburua, nola ez, Udalak soka motzean lotzea zen.

    Alkatea Gipuzkoako Gobernadore Zibilak zuzenean izendatzen zuen.

    Lehen hiru zinegotziak Soraluzeko familia-buruek aukeratzen zituzten... zerrenda bat baino gehiago aurkezten baziren (eta Soraluzen ez halaxe). Hori bai, hautagaiak Movimientoren aldekoak izan behar ziren. Beste hiru lagun Soraluzeko sindikatu bertikalak aukeratzen zituen. Azkenik, Gipuzkoako gobernadoreak bederatzi lagunen zerrenda prestatzen zuen, herriko pertsonen ospetsuekin, eta sei zinegotziek (familia eta sindikatuarenak) beste hirurak aukeratzen zituzten.

    Prozesu honen bidez hiru urtetan behin zinegotzien erdia berrizten zen. Alkatea, berriz, karguan jarraitzen zen... gobernadoreak besterik esan arte[3].


    Bilakaera

    Soraluze kasuan, aukeratutako alkate eta zinegotziak karlistak edo karlista familiakoak izaten ziren.

    Hala ere, 1960 hamarkadan bestelako zinegotziak agertzen hasi ziren: herri jardueretan ari zirenak, sindikalista batzuk... baina, hori bai, "goitik" ondo zainduta.


    Erreferentziak

    1. Ley de Bases de Régimen Local (1945/07/17).
    2. "Demokrazia" moduko honek hiru zutabe zituen: familia (tradizionala, noski), udalerria eta sindikatua (bertikala, patroi eta langileak biltzen zituena).
    3. Soraluzen bada istorio bitxia. Zergak eta tasak eskuz ordaintzen ziren, eta dirua udaletxean geratzen zen. Dirua desagertzen hasi zenean, ur arduradunak bere saileko diruak egunero egunero etxera eramaten zituen, biharamunean bueltatzeko. Arazoa konpondu zen Gipuzkoako gbernadoreak Guardia Zibilaren burua (sargentua) lekualdatu eta alkatea kargutik kendu zuenean.