Udala. Foru garaia (1499-1695) (eu)
1499 urteko ordenantzak
Soraluzek gordetzen dituen ordenantza zaharrenak dira. Bertan aipatzen denez, udala osatzeko eta ordezkariak hautatzeko sistema aspalditik omen zetorren. Berez, 1695 urtean bukatzen den epe hau 1499 baino lehen hasi zen, ordenantzetan agertzen den egitura egonkortu zenean.
Herritar guztien batzarrari "Udal Orokorra" esaten zioten, eta "udalkide" bertaratutakoei. Udalkidea izateko gizona izan behar zen, 30 urte baino gehiagokoa eta kaparea. Udal Orokorra oso gutxitan biltzen zen, gai edo arazo larrietan erabakitzeko; eta urtean behin ordezkariak aukeratzeko. Ordezkari multzo honi "Udal Itxia" esaten zioten.
1499ko ordenantzen arabera, Soraluzeko Udal Itxian bost ziren ordezkariak, eta San Migel egunean (irailak 29an) aukeratzen ziren: alkatea, sindikoa eta hiru errejidore (edo teniente).
Alkate hautaketa
Alkate izateko zortzi hautagai izaten ziren, lau kaletar eta lau baserritar. Gizonak denak, 30 eta 60 urte artekoak.
San Migel egunean Udal orokorra biltzen zen. Joan zen urteko hautagai ohiek izen bana proposatzen zuten, eta aldi berean zin egiten zutela persona egokienak zirela. Hautagai bakoitzaren izena bere paperean idatzi, eta zortzi paperak lurrera botatzen ziren. Ume batek paper bat hartu eta alkateari ematen zion. Honek ozenean irakurtzen zuen alkate berriaren izena, hurrengo hamabi hilabeteetan herriko alkate eta epaile arrunta izango zena.
Alkate berriak izendapena onartzen ez bazuen, 10.000 marabediko izuna ordaindu behar zuen, eta beste zazpi hautagaien artean aukeratzen zen alkatea. Dena dela, inork alkatea izateko ezintasuna bazuen, San Migel baino 30 egun lehenago alkateari adierazi behar zion.
Urte bateko hautagaiek ezin zuten hautagai izan hurrengo hiru urteetan. Alkateak, berriz, hamar urteko epean libre zegoen.
Gainontzeko karguen hautaketa
Sindikoa alkatearen modu berean aukeratzen zuten, zozketaren bidez.
Gero, alkate eta sindikoak hiru errejidoreak (tenienteak) izendatzen zituzten, zuzenean.
Egunean bertan beste arduradun publiko ere izendatzen zuten: Santa Maria la Real parrokiaren maiordomoa, ermitenak, ospitalarena...
Alkateak (eta beste postu batzuk)
- Oharra: Alkateak aldiberean herriko epaile arruntak ziren. Sindikoei sindiko-prokuradoreak ere esaten zitzaien. Alkateordeei, berriz, (alkate) tenienteak, bigarren alkateak... Urte berean bi alkate ager daiteke, aldaketa San Migel egunean ematen zelako.
Urtea Postua Izena 1499 Alkatea Pero Martines de Yrigoen 1499 Sindikoa Domingo de Ezquiaga 1505 Alkatea Juan Martines de Urruscarate 1506 Alkatea Lope Urtís de Aseguinolaça 1506 Sindikoa Domingo de Arteaga 1506 Tenientea Juan Garçía de Arreguia 1506 Alkatea Lope de Acheguinolaça 1511 Alkatea Domingo Yvannes de Loyola 1512 Alkatea Domingo Ibáñez de Loyola 1513 Alkatea Pero Sánchez de Yturbe 1517 Alkatea Juan Garçía de Larriategui 1517 Alkateordea Pero Estibalis de Arana 1517 Sindikoa Domingo Peres de Arteaga 1584 Alkatea Martín lbañez de Arizaga 1585 Errejidorea Juan lbáñez de Churruca 1612 Alkatea Martín López de lturriaga 1665 Alkatea Francisco de Yraola y Larreategui 1666 Alkatea Domingo de Yraolagoitia 1669 Alkatea Martín de Atucha
Sistemaren ajeak
1499ko ordenantzetan jasotako hautagaiak aukeratzeko sistemak endogamia sortu zuen, familia edo talde batzuk udaleko ordezkari postuak beren artean banatzen zituztela. Urte bateko zortzi hautagaiek hurrengo urteko hautesleak ziren, zortzi hautagai aukeratzeko, eta halaxe urteak joan urteak etorri. Honetaz gain, alkate era sindikoak, errejidoreak aukeratzekoan, gauza bera egiten zuten, "taldekoak" aukeratu.
Talde honetakoak ez zirenek ez zuten modurik katean sartzeko, eta udal kudeaketatik kanpo geratzen ziren. Modu honetan, udal postuetatik kanpo geratzen zen talde zabalean ezinegona gero eta handiagoa zen, eta haserrea bihurtu. Azkenean, 1695 urtean ordenantza berriak onartu zituzten. Hauteskundeak egiteko San Migel eguna mantentzen bazen ere, prozedura aldatu zen.
Erreferentziak
- Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Sorlauzeko Udala 1993)