Juan Ignacio Obiaga Fundazioa (eu)
Fundazioaren sorrera
Juan Ignacio de Obiaga Soraluzen jaio zen, eta Peruko inkisizioan karrera luzea egin zuen (1.759-1.784): Peruko erresumen inkisidore apostolikoa izatera heldu zen.
1.780ko maiatzak 3an Liman emandako eskritura baten arabera Juan Ignacio Obiaga doktoreak 16.000 peso bidali zituen Soraluzera, 8.000 mila Hil-hurrenen kapelautza[1] sortzeko eta beste beste horrenbeste herrian gari, arto eta beste labore-hazien biltegia sortzeko (Erruki-kutxa[2]).
Gari-biltegi hau sortzea ezinezkoa balitz, beste obra errukitsua sortzeko agindu zuen, Ikasketa Nagusien kapelautza[3]. Honen helburua herriko bi mutil behartsuei teologia, lege edo kanonen ikasketa nagusiak egiteko aukera ematea zen.
Zortzi mila pesoen errentak bi mutil saridunen artean erdibitu behar ziren, eta proportzio honetan ordaindu behar zitzaien lana topatu arte edo hogeita hamar urte bete arte. Patroiak abade parrokoa eta bi onuradun zaharrenak ziren.
1.784ko martxoak 18an Juan Ignacio de Obiagak eskutitza bidali zion patronatoari, fundazio-errenten onuradunen artean itsas armadako ikasleak ere sartzeko, fragata-tenientea maila lortu arte.
Fundazioaren historia
Ba dakigu Hil-hurrenen kapelautza 1795. urtean bizirik zegoela, garai hartako epai-demandatan aipatzen da eta.
Ikasketa Nagusien kapelautza ere martxan jarri zuten, 1.784 urtean Juan Ignacio Obiaga sortzaileak bertan sartzeko baldintzak egokitu zituen eta.
Eta sortzaileak agindutakoari erreparatuz, Ikasketa Nagusien kapelautza eratuko zen Erruki-kutxa (Arca de Misericordia) egin ez bazen. Baina badaude 1800. urteko agiriak Erruki-kutxa aipatzen dutela, orduko kudeatzailea hil zela eta hurrengo zazpi urteetarako kudeatzaile berria izendatuz, Bartolomé Antonio de Churruca[4].
1806. urtean, berriz, Espainiako erregeak hainbat eliz-ondasun desegin eta bere ondareak enkantean jarri zituen, horien artean Hil-hurrenen kapelautzarenak. Soraluzeko Hil-hurrenen kapelautza-rena zen Kalegoeneko etxe bat Bartolomé de Churruca berak erosi zituen, 7.400 errealetan, 1.808ko ekainak 6an.
Dena dela, fundazioak aurrera egin zuen. 1919 urtean, esateko, bertako kapilau postua libre geratu zenez, deialdia egin zuten; euskera beharrezkoa zen[5].
1941 urtean, berriz, eta fundazioaren Abade Patroiak eskatuta, Estatuaren Auzi Zuzendaritza Orokorrak fundazioaren ondasunak zergetatik libre utzi zituen[6].
Data horretan, ondasunak bi ezarpen ziren, bata 11.498,05 pezetakoa[7] eta 300koa bestea, Banco Guipuzcoanoan gordeta biak.
Gaur eguneko egoera
Fundazioa bizirik dago oraindik, Ikasketa Nagusien kapelautzaren ordezko moduan.
Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren arabera, hauek dira datu eskuragarriak:
Errolda zenbakia | GIP-13 1. sekzioa |
---|---|
Agiri fundazionala | 1.784 |
Legeztadura | 1926/07/29 |
Helbidea | Soraluzeko parrokia (Kalebarren, 2) |
Helburua eta jarduera | Irakaskuntza eta ikerketa |
Dena dela, azken urtetan ez du jarduera ezagunik izan.
Erreferentziak
- ↑ Capellanía de Agonizantes.
- ↑ Arca de Misericordia.
- ↑ Capellanía de Estudios Mayores
- ↑ Bartholome de Churrucaren izendapena. Erruki kutxaren arautegia (1.800)
- ↑ "Se halla vacante el cargo de Capellán de Agonizantes por fundación de don Juan Ignacio de Obiaga en la parroquial de Placencia de Guipúzcoa [...] Los señores Sacerdotes que deseen solicitarlo, y que deberán poseer el vascuence..." Gasteizko Goitzaindegiko Aldizkari Ofiziala (1919: 9. zk. 197-198. or.).
- ↑ Acuerdo por el que se concede a la Fundación de 'Don Juan Ignacio de Obiaga', instituída en Placencia (Guipúzcoa), la exención del impuesto que grava los bienes de los personas jurídicas. Dirección General de lo Contencioso del Estado (BOE 1941/12/02).
- ↑ 10.898,05 gehi 500 gehi 100 pezeta.