Maltzagako geltokia (eu)

    Sorapediatik
    Ferrocarriles Vascongados (mapa).png

    Historia

    Durangotik Zumarragarako trenbidea eraiki zenean, Malzagan bertan geralekua jarri zuten. Bertatik abiatu zuten Elgoibarrerako trenbidea, gero Donostiaraino helduko zena.

    Geltokia 1885. urtean hasi zuten eta bi urte geroago zabaldu zuten. Lau trenbide eta bi nasa zituen. 1914 urtean trenen mantentze lanak egiteko tailerra jaso zuten. 1921 urtean, berriz, merkantzia geltokia eraiki zuten, Deba errekaren beste aldean, Soraluzeko lurretan.

    Errekaren bestekaldean langileentzako etxeak eraiki zituzten 1925. urtean, eta 1942.an gehiago egin behar izan zuten.

    Donostiarako trenbidea zabaldu zutenean, Bilbao, Donostia eta Zumarraga lotzen zituzten trenak Maltzagan gurutzatzen ziren; eta Gasteizeko trenbidea zabaldu eta gero, denak Maltzagan elkartzen ziren.

    Gasteizko trena 1967. urtean itxi zuten, eta bertako bagoi zaharrak Maltzagako geltokian gorde zituzten urtetan. Zumarragako adarra, berriz, 1973 urtean itxi zuten. Urte batzutan trena oraindik geratzen zen Maltzagan, baina 1990. urtean azpiestazio elektrikoa egin zuten Bergarakoa ordezteko, eta ordutik aurrera geltokia itxita dago.

    Gaur egun sasoi bateko eraikin gehienak desagertu dira: geltokiko eraikin nagusia, kantina, markesinak, langileen etxeak, merkantzia geltokia... Y formadun zubia ere kendu zuten, eta zubi arrunta jarri zuten Donostiarako trenbidean.

    Maltzagako tren lotunea. Ezkerrean merkantzia geltokia, Soraluzeko lurretan (Leoncio Oregi Lorentzo Zabale 1956)


    Geltokiaren planoa 1935. urtean (Pedro Pintado Quintana)

    Geltokia

    Maltzagako geltokia bi gune zituen, errekaren albo banatan: bidaiari geltokia eta merkantzia geltokia.

    Merkantzia geltokia 1921 urtean zabaldu zuten, Soraluzeko lurretan, trenbidearen eta Deba erreka artean.

    Zortzi trenbide zituen: lau bertan mozten ziren eta beste lauak berriro elkartzen ziren gero Donostiara jarraituz, Soraluzetik Maltzagara zetorren trenbidea guruzatzen. Geltokiak denetara 120 bagoi har zezakeen.

    Bidaiari geltokia Eibarko lurretan zegoen. Sei trenbide zituen eta bi nasa aterpedunak. Trenbide garrantzitsuenak nasa artekoa (Zumarraga eta Gasteizerako tren elkartuak) eta nasa alboetakoak (Bilborakoa eta Donostirakoa) ziren. Gainera, bulegoak eta kantina zituen.

    Maltzagara heltzen lehengo trena Zumarraga eta Gasteizkoa zen: aurretik bi tren hauek Mekolalden elkartzen ziren, eta Maltzagarako bidea lotuta egiten zuten. Maltzagara heldu eta erdiko trenbidean geratzen zen, bi nasen artean. Handik gutxira Donostiako eta Bilboko trenak heltzen ziren, eta alboetan geratzen ziren. Halaxe markatzen zuten nasetako iragarkiek: Tren a Durango y Bilbao (Durango eta Bilborako trena), Tren a Deva y a San Sebastián (Deba eta Donostiarako trena) eta Tren a Zumárraga y Vitoria (Zumarraga eta Gasteizerako trena).

    Behin bidaiariak trenez aldatu eta gero, Donostirakoa eta Bilborakoa abiatzen ziren, eta ostean Zumarraga eta Gasteizerakoak, azken biak Mekolalderaino elkartuta.


    Geltokiaren irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Zubia

    Maltzagako tren zubia oso berezia zen. Leku faltagatik, Zumarragarako eta Donostiarako trenbideak zubian bertan banatzen ziren; horregatik zubiak Y forma zuen.

    Langileen etxeen atzekaldean bazegoen beste trenbidea Soraluzetik Elgoibarreruntz zuzenean zihoana, Maltzagako bidaiari geltokitik pasatu gabe.

    XX mende bukaeran zubia goitik behera berriztu zuten. Burnizko egitura zaharrak kendu (errematxatutako profilez egindakoa) eta altzairuzko berriak jarri. Zumarraga eta Gasteizerako adarra aspaldi desagertu zenez, zegokion zatia ez zuten berriztu eta zubi berriak Y forma galdu du.

    1936eko gerraren eraginez, zubia bota eta berreraiki zuten. Nazionalak Gipuzkoan barrena aurrera egiten ari zirela, Soraluzen irailak 22an sartu ziren. Haiek gelditzeko asmoz, bi egun geroago errepublikarrek Maltzagako zubia dinamitatu zuen (1936/09/24).

    Frontea bertan egonkortu zen zazpi hilabetetan, baina 1937 urteko apirilean nazionalek frontea apurtu eta, Bizkaiko bidean, Eibar eta Ermua apirilak 26an erori ziren.

    Hamar egun geroago, 1937ko maiatzak 6an 61 Dibisioko Injeniariek zubia berraikitzeari ekin zioten, behin behineko aurretik eta behin betiko gero. Lanak amen batean egin zituzten, hilaren bukaeran (hau da, maiatzak 31an) Donostiako lehen trena Durangoraino heldu zen eta.

    1940 urtean, Espainiako Herrilanen Ministerioak argitaratzen duen Revista de Obras Públicas aldizkariak zenbaki bereziak atera zituen, berreraikitze lanak azaltzeko. Maltzagako zubia Ferrocarriles Vascongados-i[1] zegokion artikuluan agertu zen.


    Erreferrentziak

    1. Compañía de los Ferrocarriles Vascongados. Reconstrucción de puentes. Revista de Obras Públicas (1936-1939 zenbaki berezia, 10. atala, 97-99 orrialdeak, 1940).