Makilgintza (eu)
Euskal makila
Makilak herri guztietan erabili dira, bai bidean ibiltzeko laguntza modura, baita arma gisa edo errespetu sinbolo modura ere.
Euskal Herrian makil dantza dugu ohitura zahar honen lekuko, eta baita baserritarrek oraindik erabiltzen duten akulua[1] ere.
Bi motako euskal makilak daude, aginte makilak eta ohorezkoak. Biak nahiko antzekoak dira, egurrezko arima (gorputza) dute, metalezko punta eta heldulekua metalezkoa ala adarrezkoa, baita sastakaia ere.
Baina bada desberdintzen dituen ezaugarri garrantzitsua: aginte makilak helduleku azpiko tutua janzten duen larrua du eta ohorezkoak, berriz, apaindutako metalezko tutua, larru gabea.
Lehengaiak
Egurra
Makilaren arima egiteko, asko dira erabili daitezkeen egurrak; baina erabilienak gorostia eta mizpira dira. Honetaz gain, egur gehiago erabiltzen dira: elorria, lizarra, gaztainondoa… Egur bakoitzak bere lan prozesu propioa dauka, eta batzuk zailagoak dira lantzeko besteak baino.
Soraluzeko Aitor Amorren kasuan, berak gehien erabiltzen duen egurra gorostia da. Aipatzen duenez, inguru hauetan nahiko sarri ematen delako eta material oso ona eta ikusgarria delako. Gorostia lantzeak lan asko eskatzen du ordea, gorosti arbolak diferentzia handia baitu puntako eta oinarriko diametroaren artean; horregatik material asko kentzea eskatzen du, makilaren punta eta heldulekua berdindu ahal izateko.
Metalezko atalak
Egiteko hainbat material erabili daitezke, xaflatan; alpaka, zilarra, urrea edo altzairua adibidez.
Beruna ere erabiltzen da puntako tutua betetzeko eta honela makilari oreka emateko.
Heldulekua metalezkoa izan daiteke, edo adarra erabil daiteke egiteko.
Prozesua
Makila egitea ez da lan makala, ordu asko erabili eta artisautzako hainbat teknika menperatu behar dira; egurraren lanketa, metalaren lanketa, grabaketa, soldaketa, larru lanketa… Prozesu guztia eskuz egiten du Aitorrek eta makila bakoitza lan bakarra da, ezinezkoa da bi makila berdin egitea. Lana hasteko lehen pausua,mendira joan eta erabiliko duen egurra bilatu eta aukeratzea da. Ondoren “bere sasoian” moztu eta denbora luzez lehortzen uzten du. Makila “hilda” dagoenean, zuzendu egiten du sutegian eta bukatzeko tindatu egiten du egurraren beta eta kolorea ateratzeko. Prozesu hau ez da batere erraza, askotan makilak bere jatorrizko formara bueltatzeko joera izaten baitu. Egurraren lehorketa Bigarren zatia, punta, heldulekua, tutuak eta sastakaia egitea da. Metalezko atalak. Errementari teknikak erabiliz tutuak egiten ditu metalezko xafla batetik abiatuz, ondoren, grabaketa teknikak erabiliz, apaindu egiten ditu motibo ezberdinekin, baita armarri edo inizialekin. Hurrengo pausua pieza guztiak elkartu eta makilan doitzea da, bukaera emanez. Aginte makilaren kasuan, azken pausua larruzko estalkia egitea da, horretarako, txirikorda teknikak baliatzen ditu. Grabatua Larruzko estalkia
- ↑ Euskal makilak artzain makilan jatorria dauka jatorria, eta badu berezitasun bat: goialdeko tutuaren barrenean sastakai bat dauka. Gaur egun apaingarri edo oroigarri bezala ere ibiltzen dira.