Raketistak (eu)
Joan den mende hasieran emakumezko batzuk orduko gizarteko arauak eta pentsaerak irauli zituzten. Raketistak ziren. Uste da frontoian jokatzen zuten emakume haiek mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan zirela. Eta horien artean bi soraluzetar ere izan ziren: Aurea Etxaniz Beitia eta Juanita Nieto Matas.
Pilotari primerakoa izanda, Aurea Etxaniz Beitiari parean tokatu zitzaion joan den mendeko hasiera hartan bizi izan zen testuinguru berezia: raketisten sorrera, haien gorakada eta kirol-mota horren profesionalizazioa.
Sorrera
1917. urtera jo beharra dago raketisten berri izateko.
Aurretik emakumeak pilotan jartzeko saiakerak egon ziren arren, Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak neska gazteak eraman zituen Madrilera eta han jokoan jarri zituen. Egurrezko raketa sendoekin eta teniseko pilotarekin hasi baziren ere, berehala hartu zuten larruzko pilota.
Frontoi txikietan abiadura ikaragarrian jokatzen zuten batere babesik gabe; espektakulua ziurra zen. Arrakasta lagun, frontoiak hedatuz joan ziren Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan. Zabalkuntza horrek pilotariak eskatzen zituen, eta horrela sortu ziren raketa-eskolak.
Urte askotan ibili ziren raketistak frontoietan, azken partidak 1.980 inguruan jokatu zirela.
Kontratudun lehenak
Izatez ere, emakume tenistak dira kirolari profesional izan ziren lehen emakumezkoak. Baina tenistek hilean behin partidu bat jokatu eta horren truke dirua ematen zieten. Raketistak dira, berriz, kirola egitearren kontratua izan zuten lehen emakumezkoak. Espainian ziurtatuta dago horrela izan zela, eta adituen arabera, kontratu batekin munduan izan ziren lehenak ere izan ziren raketistak, baina hori zailagoa da seguru-seguru esatea”.
Halaxe kontatu du Jon Juanesek, Raketistak Lehen eta Orain Kultura eta Kirol elkarteko kideak. Halaber, hark esplikatutakoaren arabera, izen bera duen dokumentala estreinatu zuten abenduan, “isiltasunean iraun duen” pilotari horien istorioa agerian jarri nahian.
Raketisten profila
Izan ere, gaur egun, emakume raketista profesional izateak aparteko arretarik eman ez lezakeen arren, joan den mende hasieran oso gauza ezohikoa zen, eta gainera, emakume aitzindari haiek Euskal Herrian gaizki ikusiak izan ziren, oro har, garaiko emakume moldearekin bat egiten ez zutelako. Besteak beste, 15 urte ingururekin etxetik joan behar izaten zuten eta pilotan trebatutakoan dirua etxera bidaltzeko modua egiten zuten gehienek.
Halako arrakastatsu bilakatu ziren, ezen Euskal Herrian 41 udalerritan izan zirela raketistak, horien artetik 28 gipuzkoarrak, Soraluze barne. “Ehunka emakume izan ziren raketista profesional Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan propio zabaldutako frontoietan. Eta gu erabat ezjakin izan gara. Raketisten gaia gordea egon da, sekretua bailitzan”, diote Raketistak Lehen eta Orain dokumentalaren aurkezpenean.
Raketistak lehen eta orain elkartea
Raketisten historia eta istorioak ilunpetik argitara ekartzeko, 2.016 urtean Oiartzunen Raketistak lehen eta orain kultur kirol elkartea sortu zuten.
Informazioa eta dokumentazioa biltzeaz gain, izen bereko dokumentala grabatu dute, ordu t'erdikoa.
Eta raketisten historia zabaltzeko herriz herri ari dira argazki-erakusketak, bideo-emanaldiak eta partidu erakustaldia antolatzen.
Soraluzen, esateko, 2018/05/22an egin zuten bideo-emanaldia, eta 2018/05/26ean partidu erakustaldia
Erreferentziak
- Aurea Etxaniz beitia, Soraluzeko raketista. Plaentxia.eus (2018/05/12)
- Historia berreginez. Berria (2016/07/23)