Alejandro de Calonje (eu)

    Sorapediatik
    Alejandro de Calonge y Motta
    Alejandro Calonge y Motta.jpg
    Jaio 1881
    Hil 1955
    Profila Enpresagizona
    Militarra


    Bizitza militarra

    Aita militarra zuen, Eusebio Calonge y García Vicuña, Brigada Jenerala.

    Aitaren ildoari jarraituz, hogei urtekin tenientea zen (primer teniente), Artilleriako 6. Zaldizko Erregimentuan. Zazpi urte geroago, 1908.ko urrian, kapitaina egin zuten.

    Bitartean, Alfonso XIII erregeak 1907 urtean Gentilhombre de Cámara con ejercicio izendatu zuen. Berez, titulua ohorezkoa zen eta ez zekarren inolako lanik, erregearen estimukoei ematen zitzaien bakarrik.

    Aurki Espainiako armadatik irten zen, Vickers enpresarekin lan egiteko, eta hogeitamar urte geroago (1937) oraindik kapitaina zen.


    Vickers taldearentzat lanean

    XIX mende bukaeran eta XX mende hasieran Vickers-Armstrong talde britaniarrak inbertsio asko egin zituen Espainiako armagintzan, hainbat enpresa sortuz: The Placencia de las Armas Company Limited (gaur eguneko SAPA), Sociedad Española de Construcción Naval (La Naval), Experiencias Industriales S.A. (EISA)...

    Urte askotan Alejandro Calonge aitak, Eusebio Calonge jeneralak, Vickers enpresa ordezkatu zuen Espainian, besteak beste The Placencia de las Armas Company Limited enpresan. Aitaren moduan, Eusebioren bi semeak, Eusebio eta Alejandro, Vickers-ekin harreman estuak izan zituzten urte luzeetan.

    Vickers-Armstrong eta John Brown & Company enpresek La Naval sortu zuen 1909 urtean. Armagintzan eta ontzigintzan aritzekoa zenez, kutsu espainiarra emateko bilbotar bat jarri zuten lehendakaritzan: Tomás de Zubiría e Ybarra (Zubiria kontea).

    Aurki, Alejandro Calonge armada utzi eta La Navalentzat hasi zen lanean. 1915 urtean Miranda legea onartu zuten, itsasontzi militarrak egiteko helburuarekin. Legeak planta siderurgiko berri baten eraikuntza aurreikusten zuen, eta kokapena proposatzeko batzordean Alejandro Calongek parte hartu zuen.

    Kantabriako Campoo eskualdea proposatu zuten, Reinosa herria hain zuzen. 1916 urtean proposamena onartu eta lanak hasi zituzten, ekoizpena 1920 urtean hasi zela. Ordurako Alejandro Calonge bertako zuzendaria zen. Lantegi hau Forjas y Aceros de Reinosa S.A. izan zen gero, eta gaur egun Sidenorren barruan dago.

    1921 urtean, beti La Navalentzako lanean, Experiencias Industriales S.A. (EISA) sortu zuen, Madrilgo Aranjuez herrian. Enpresa hau gerora Indra bilakatu zen, Espainiako talde industrial garrantzitsuenetako bat.


    Laneko tirabirak

    Vickers La Naval enpresaren jabea izanda, komeni zitzaion moduan erabiltzen zuen. Hala ere, Espainian oso talde espainiarra zela nahi zuten sinistu, enpresaren burua Urkixoko markesa izanda. Hala ere, egunerokoak bi lagunen esku zeuden: Alejandro Calonge eta José María Cervera, biak oso british zaleak.

    Alejandro Calongeren eskua oso luzea zen, leku askotara heltzen zela: La Navalen aholkularia izateaz gain, The Placencia de las Armas Company Limited jerentea zen (SAPA) eta EISArena ere. Izatez, Alejandro Calonge Britaniak Espainian garatutako arma-ekoizpenaren gainbegiralea zen[1].

    Dena dela, La Naval barruan bazegoen menpeko egoera hau begi onez ikusten ez zuena, Juan Antonio Suanzes esateko (almirante izandakoa, orduan eszedentzian). Alejandro Calongeren moduan, Juan Antonio Suanzes ere Gentilhombre de cámara con ejercicio zen, 1927 urtean izendatua.

    Errepublika garaian egoera ekonomikoak okerrera jo zuen, nahiz eta operazio batzuk oso ondo atera (Mexiko, esateko). Ordurako, %5a besterik ez zen kanpotik etortzen, eta La Naval hasi zen Vickers berari konkurrentzia egiten. Dena dela, konkurrentzia hau zela eta, Vickers-ek lortu zuen Juan Antonio Suanzes enpresatik ateratzea.


    Gerra eta gerraostea

    Egoera ekonomikoa ona ez zenez, 1935 urtean Vickers-ek The Placencia de las Armas Company Limited utzi zuen, eta SAPA sortu zen. Konpania berriaren buruan Alejandro Calonge jarri zen, aholkulari-ordezkaria eta zuzendaria aldi berean. Bitartean, La Navalen eta EISAn zeuzkan postuak mantendu zituen.

    1936ean Espainiako gerra sortu zen. 1937ko ekainak 25ean frankistek Comisión Militar de Incorporación y Movilización Industrial delakoaren lehendakaria izendatu zuten Alejandro Calonge.

    Baina, aldi berean, José Antonio Suanzes Industria eta Komertzio ministroa izendatu zuten, eta 1941tik aurrera INIren (Industria Istitutu Nazionala) lehendakaria ere.

    Haizea kontra zuela, Alejandro Calongek La Navalen zituen karguak utzi zituen, baina SAPAren zuzendaritza mantendu zuen hil arte.

    1941.ko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak SAPAren Soraluzeko lantegia bisitatu zuen, hainbat militarrekin. SAPAren izenean Alejandro Calongek hartu zuen, lantegia eta enpresaren nondik norakoak azalduz.

    Francoren bisita SAPAn: Miguel Larrañaga, Francisco Franco eta Alejandro Calonge


    Kale izendegian

    Hiru herrik sartu zuten Alejandro Calongeren izena beraien kale izendegian:

    • Alejandro Calonge auzunea (Andoain).
    • Alejandro Calonge auzunea (Soraluze).
    • Alejandro Calonje hiribidea (Reinosa).


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Erreferentziak

    1. Secret Wars and Secret Policies in the Americas, 1842-1929. Dr. Friedrich E. Schuler (Albuquerque, University of New Mexico Press, 2010)