Historia. Soraluze eta Gipuzkoako foruak (eu)
- Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
- Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
Foruak arautegi eta legeak izaten ziren. Gipuzkoako foruak, beraz, probintzia antolatzen eta arautzen zuten legeak ziren.
Batzuk ohitura zaharrak, besteak erregeek emanak (edo onartuak), XV. mendearen erdialdean, eta Ermandadearen aginduz, erakundearekin zerikusia zuten lege-xedapenak kopiatu zituzten liburuetan, eta horien artean nabarmentzekoa da Bolloien Liburua (1481-1505), Domenjón González de Andía Probintziako lehen eskribau fidelak egin zuena.
Berrehun urte geroago (1696), Miguel de Aramburu tolosarrak Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa bertsio eguneratua ondu zuen. Erreferentziak hemendik hartu dira.
Aurretik, XV. mende oparoa
Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Gipuzkoaren sorrera
- Gehiago jakiteko, sakatu [Historia. Soraluze Gipuzkoan (eu)#Soraluze Arrasateko Ermandadean].
Aurretik hainbat saiakera egin baziren ere, 1375. urtean hiribildu batzuk Tolosan bildu ziren eta Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea sortu zuten, behin behinekoa. Helburua jauntxoen boterea murriztu eta gehiegikeriak moztea zen.
Hurrengo urteetan eskualdeko zazpi ermandadeak sortu ziren. Soraluze Arrasateko Ermandadean sartu zuten, Bergara, Gatzaga, Elgeta eta Eibarrekin batera[1].
Ermandadea Gipuzkoaren hasiera izan zen, eta Soraluze bertan egon zen, lehen momentutik.
Ermandadearen garaipena
XV. mendearen lehen erdian jauntxoak borroka bizian ari ziren: menpekoen kontra, hiribilduen kontra eta beren artean (leinuen gerra). Hurrengo urtetan (1456-1457) leinuen eta Gipuzkoako Ermandadearen arteko borrokak areagotu ziren. Azkenean, bi leinuak batu ziren Ermandarearen aurka baina honek, Domenjon de Andia buru zuela, armada bat osatu eta garaitu zituen (1457).
Banderizoak garaituta, Gipuzkoako Ermandadeak 1463. urtean ordenantza berriak onartu zituen, jauntxoei kargu publikoak hartzea debekatzen ziela.
Behin behinekoa zenez, helburua lortuta Ermandadea desegin zitekeenen. Baina XV. mendean zehar Probintziaren egituraketa-prozesua burutu zen, Ermandadearen Ordenantzen Koadernoak oinarri hartuta: 1397, 1415, 1453, 1457, 1463 eta 1482.
Batzar Nagusien jarduera
Batez ere 1457.eko eta 1463.eko Ordenantzen Koadernoak izan ziren erakundearen ezaugarriak zehaztu zituztenak. Horrela, gaizkileak harrapatzetik haratago, erakundearen helburu nagusia lurraldea eta Ermandadea bera antolatzea izango zen.
Partaideak
Batzarreko partaideak prokuradoreak ziren, 25 hiribildu "pribilegiatuetako" ordezkari zirenak. Horietako bat Soraluze zen, hasiera hasieratik (Tolosa 1375).
Honetaz gai beste bost lagunek ere parte hartzen zuten: erregearen ordezkari zen korrejidorea, lehendakari izaten zena; lehendakari aholkularia, Batzarra egiten zen hiribilduko udalak izendatzen zuena; eskribau fidela edo Batzarraren idazkaria; Ermandadearen barruan, bilera egiten zen herritik hurbilen zeuden bi hiribilduetako alkateak.
Mende bukaeran bat egin zuten Aiztondoko, Areriako eta Sayazeko alkatetzek, Leintz Gatzaga (1497) eta Oiartzun (1509). Azken urte honetan 25 hiribilduk, 4 alkatetza nagusik eta bailara batek osatzen zuten Gipuzkoako Batzarra. Mapan agertzen denez, hiru alderdi nabarmentzen dira: kostaldea (12 hiribildu, ordezkarien %30a, itsas merkataritza eta arrantzaz bizi zirenak), Debarroa (8 hiribildu, ordezkarien %20a, industriaz bizi zena) eta gainontzeko Gipuzkoa (10 hiribildu eta alkatetza, ordezkarien %50a eta nekazaritzak bizi zena).
Egoitzak
1397.tik Batzar Nagusiak ibiltariak izan ziren, partaide guztien berdintasuna azpimarratzeko. Eta 1457. urtean Batzarren 18 egoitzak finkatu ziren (hiru bailaretako bakoitzetik sei hiribildu), eta ordena ere (1472). Soraluze ez zuten aukeratu.
Premiazko erabaki bat hartu behar zenean biltzen ziren Batzar Bereziak. 1457. urtean erabaki ziren egoitzak: Usarraga (Bidania) eta Basarte (Azkoitia). Lau urte geroago Basarteren ordez Olatz ermita (Loiola, Azpeitia) aukeratu zuten.
Bilerak
Ordezkariak mahai luze baten inguruan biltzen ziren. Mutur batean korrejidorea jartzen zen. Soraluzeko ordezkaria korrejidorearen ezkerrean jartzen zen, 11. tokian[2], Eibar eta Lenitz bailarako[3]ordezkariak ezker-eskuma zituela, eta Urretxukoa aurrean.
Botaketak
Ordezkarien botoek ez zuen balio berbera, boto haztatua[4] erabiltzen zuten, garai bateko etxe kopuruen arabera: suak.
Soraluzeri 26 su zegokion, boto guztien %1,11a[5]. Inguruko herriei erreparatzen badiegu: Arrasate (128), Bergara (86), Antzuola (38), Elgoibar (64), Eibar (30) eta Elgeta (28).
Botatzeko orduan Soraluzeko ordezkariak 23. tokian ematen zuen berea[6].
Eskuduntzak
Batzarren gobernu-eskumenak, judizialak eta fiskalak zabalak ziren, eta sendotuz joan ziren XV. mendearen bigarren erdian. Errege berriek, Gipuzkoan onartuak izateko, zin egin behar izaten zituen foruak.
Eta erregeak foruen aurkako neurriren bat hartzen bazuen, “foru pasea” delakoa erabil zezaketen Batzar Nagusiek, hau da, erregearen erabakiari men ez egiteko gaitasuna.
Gastuen banaketa
XV. mendean, probintziaren eskuduntzen artean ez zegoen zergak biltzekoa.
Diru iturririk ezean, probintziaren gastuak hiribilduen artean banatzen ziren, botatzeko orduan zeukaten pisuaren arabera. Beraz, Soraluzei 26 suri zegokiona ordaindu behar zuen[7].
Inguruko hiribilduekin ere berbera pasatzen zen, baina bazegoen bitxikeri bat. Hiribildu batzuk foruan bertan jaso zuten barne banaketa. Bergarak 86 suri zegokioma ordaindu behar bazuen, Bergara berak (Ariznoak) 39ri zegokiona, Oxirondok 42ri zegokiona eta Moibako etxeek, azkenik, 5ri zegokiona.
Hurrengo mendeetakoak
Foruak bizirik izanda, Gipuzkoari zegozkion lege eta arauak bertara gehitzen ziren. Soraluzeri zuzenean dagozkionak hauek izan ziren:
- 1509-1513. Alkabalen banaketa[8]. Herrian kobratutako alkabalengatik, Soraluzeko Udalak urtero 18.630 marabedi ordaindu behar zion erregeari.
- 1514. Alkabalen banaketa. Herrian kobratutako alkabalengatik, Soraluzeko Udalak urtero 17.232 ½ marabedi ordaindu behar zion erregeari, behin betiko.
- 1514. Alkabalen banaketa. Joana I erreginak urteko 110.000 marabedi aitortu zion Gipuzkoari, alkabaletatik hartzeko. Soraluzeri 1.224 ½ marabedi hartuko zituen.
- 1703. Erregearen zerbitzura jartzeko Gipuzkoak "altzatu" behar zituen ehun gizonengatik, Soraluzek erdi jarri behar zuen (Arrasate 2,5, Bergara eta Antzuola 3, Elgoibar 3, Eibar 1, Elgeta 2). Besteen aldean Soraluzek eta Eibarrek gutxiago jarri behar zituen, bertako gizon gehienak armagileak zirelako, eta gerra garaian interesgarriago zen lanean mantentzea soldadu moduan bialtzea baino.
- 1748. Gipuzkoan hainbat eskribauak kendu zituzten, eta 109 bakarrik utziz. Bat Soraluzekoa.
- 1749. Batzar Nagusien arteko denboran probintziaren jarduera, aspaldi sortua zuten Aldundia. Urte honetan Aldundiaren osaera zabaldu zuten. Tartean lau barruti sortu zuten Gipuzkoan, diputatu bana aukeratzeko. Hirugarren barrutian Bergara, Elgoihar, Eibar, Soraluze, Elgeta, Gatzaga, Leintz bailara eta Legazpia eta Argisanoko batasunak.
Eta ostean, ekonomia gora XVI. mende hasieran
Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Erreferentziak
- Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Historia. Web site ofiziala.
- Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa. Miguel de Aramburu (1696),