Batzokia (eu)
Batzokia | |
---|---|
Estiloa | Erregionalista |
Mendea | XX |
Kokapena | Plaza Zaharra |
Mota | Arkitektura |
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Azalpena eta historia
Batzokia eraikina 1932 urtean egin zuten, EAJren inguruko Inmobiliaria Nai-bat-ek sustatuta, Plaza Zaharraren albo batean eta Deba ibaiaren aldera. Arkitektoa Urbano de Manchobas[1] ermuarra izan zen.
Aukeratutako tokiak bazuen ordea arazo bat, plaza eta ibaiaren arteko altura handia. Horregatik, Batzokiaren diseinuan bi tarte nabarmen daitezke alturan. Plaza Zaharraren mailaren azpian kubo handi bat eraiki zuten, ibaia eta ibaiertzaren gainean porlanezko zutabeak dituela. Plaza Zaharraren mailan Batzokia bera, etxe baten proporzioaz eginda.
Estilo baskistaz diseinatuta, Abenda-etxea izena zeukan aurrekaldean, eta Euskal Herriko armarria, zazpi probintziak hartzen dituena.
Batzokiak barruan taberna, antzokia, Ur Gain frontoia, arropazaindegia, liburutegia, ezpata-dantzarien gela, bilera gela... zituen, eta goiko solairuan atezainaren familiarentzako etxebizitza. Gainera lau terraza zituen: bata lehenengo solairuan, behe solairuan ezkerrean eta eskuman beste bi eta erreka aldera, frontoi parean, laugarrena.
Eraikitze lanak 1933eko otsailak 26an bukatu ziren, eta maiatzak 6 eta 7an inaugurazioa ospatu zuten. EAJren buru zein puntako hizlariak etorri ziren: Jesús María Leizaola, Carlos Linazasoro soraluzetarra, Polixene de Trabudua, Telesforo Monzon, Jose Antonio Agirre...
Gerra garaian inkautatu zuten eta Kalebarren 1ean zegoen Círculo Carlista bertara eraman zuten.
1970. hamarkadan, berriz, Soraluzeko Ametsa ikastolak erosi zuen, ikasle berriak hartzeko toki faltan zela eta. Eginbehar berriei egokitzeko, 1975.ean eraikina goitik behera berregin zuten: antzokia desegin, ikasgelak zabaldu... Nahiz eta goiko terraza "jan" eta leiho berriak egin, fatxada, aldiz, mantendu egin zuten. 1976.eko udaberrian ikastola berria inauguratu zuten, urte artako Euskal Jaiarekin batera.
Hamar bat urte geroago ikastola ikastetxe berrira pasa zen eta EAJ-PNV-k batzokia berreskuratu zuen. Garai bateko apaingarri bakar batzuk oraindik gordetzen ditu: armarria, balkoi nagusia, alboko terrazaren errejak...
EAJren egoitzak
Eusko Alderdi Jeltzaileak hainbat egoitza izan ditu Soraluzen. hasieran Etxaburuetan egon zen, 2. zenbakian, Daniel Múgicaren gozotegiaren gainean. Handik Baltegieta kalera pasa omen zen, eta gero Santa Ana kaleko 9 zenbakira, sarrera Galipotetik zuela.
1933 urtean Plaza Zaharreko Batzokia inauguratu zuten, eta bertan egon ziren karlistak herrira sartu artean (1936/09/22).
Franco hil eta gero aurki zabaldu zuten berriro ere egoitza, Santa Ana kaleko 6. zenbakian orduan, Uztarri taberna izandakoan. Azkenean, 1980 hamarkadan Plaza Zaharreko Batzokia berreskuratu zuten, eta 1985.tik hona han daude.
Erreferentziak
- ↑ Urbano de Manchobas Careaga. Urbipedia (gazteleraz).