Jose Gaspar Oregi (eu)

    Sorapediatik
    Jose Gaspar Oregi
    Aranbarri/ Aranburu?
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Soraluze, 1840
    Hil Donostia, 1916tik aurrera
    Profila Abadea, euskalzalea


    Jose Gaspar Oregi Aranburu, abade eta euskalzalea, Donostian sortu zen lehen Euskal Katedraren titularra izan zen (1886-1899).


    Donostiarako bidea

    Jose Antonio Arana Martija euskalzale eta historialariak galdetzen zuenez[1]: Nor zen Gipuzkoan euskararen irakaskuntzarekin arduratu zen apaiz hau? Soraluzen jaioa omen zen, 1840an, Jose Gaspar Oregi Aranburu jauna.

    Eta halaxe zen: Jose Gaspar Oregi Aranburu Soraluzen jaio zen, Soraluzen 1840/01/09an. Baina bataio agirian amaren abizena Aramberri agertzen da, eta hortik Jose Antonio Arana Martijaren "Soraluzen jaioa omen zen".

    Jose Gasparren gurasoak Emeterio Oregui Zabaleta eta Martina Ygnacia Aramburu Bereciartu izan ziren. Soraluzen ezkondu (1828) eta zortzi seme-alaba izan zituzten, sei mutil eta neska bi: Esteban Maria (1829), Manuel Maria (1831), Francisco Xavier (1837), Jose Gaspar (1840), José Ygnacio (1842), Domingo Maria (1844) eta, azkenik, Francisca eta Fermina bikiak (1847). Horietatik hiru Oregui Aramberri agertzen dira bataio agirietan.

    Jose Gaspar apaiztu zen, eta Donostiara bidali zuten. Bere zazpi anai-arreba oso gazte hil zirenez[2], gurasoak berarekin eraman zituen. Donostian hil ziren (1885 eta 1887), eta Polloeko kanposantuan hobiratuta daude.


    Euskalzalea

    Idazlea

    Euskal-Erria: revista bascongadan lanak argitaratu zituen 1882.etik 1891.era. Orohar, Jose Gaspar Oregik bi motako lanak idatzi zituen.

    Alde batetik, olerkia. Hizkuntza aldetik oso artifiziala da, neologismoz betea. Hamar bat olerki gordetzen dira:

    • Iparraguirre-ri (Euskal-Erria 1884).
    • Zeruko giltza (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Nere amari 1885-garreneko San Jose egunean (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Donostiako gorputzdi edo obide santuko obizkira bat (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Aita Santu Leon XIII-garrenari, bere Urrezko Eztayetan (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • 1888 garren urteco... Erregiñ txit maitagarriari Donostian (Tolosa 1888).
    • Ama Birjiñaren zeruetarako igoera eta gure Erregiñaren jaiera (Tolosa 1888).
    • Animen egunerako oroimengarria (Euskal-Erria: revista bascongada 1889).
    • Laudagarrizko on Klaudio Otaegi zanari (Euskal-Erria: revista bascongada 1890).
    • On Marcelino Soroa jaun nere adiskiderik onen onenetakoari 1890-ko Urtarillaren biko bere santu-egun oroigarriyan (Euskal-Erria: revista bascongada 1890).

    Bestetik, euskara aztertzen eta laudatzen artikulu eta liburuak:


    Harremanak

    Garaiko hainbat euskalzalerekin harremanetan ibili zen, horietako bat Edward Spencer Dodgson. Honek olerki bat zuzendu zion, Donostiako gorputzdi edo obide santuko obizkira bat, eta Inscriptions basques : Neuskarazko Scributoak / (Publiées par Edward Spencer Dodgson) izeneko bere liburuan sartu zuen (Madril 1896).

    Azkuerekin ere izan zituen harremanak eta lankide zirenez Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal katedretan, Euskal Izkindea igorri zion bizkaitarrak 1891.eko irailaren 26an.

    Euskal Erria aldizkarian bi lan eskaini zizkioten, gutxienez: Lapurtarren euskeraz berso batzuk Oregiko Jose Gaspar Donostian dagoen apez iaunari donkituak eta On Jose Gaspar Oregi-ko euskera izkuntzen maisu argidotar jakintsu eta adiskide onenen onenetako jaunari.

    Ikastola sortzaile

    1884. urtean ikastola antzeko bat sortzen ahalegindu zen, Donostian, baina aurrekari honek ez zuen arrakastarik izan.


    Euskara katedraduna

    Euskal katedren sorrera

    Bigarren karlistadaren porrotaren ostean euskararen aldeko hainbat talde eta ekintza sortu ziren: Asociación Euskera de Navarra elkartea (1877-1883), Fermín Herrán arabarrak bultzatutako Revista de las Provincias Euskeras (1878-1879) aldizkaria, José de Manterola zuzendutako Euskal-Erria: revista bascongada (1880-1918), Fidel Sagarminagaren inguruan bildutako talde bilbotarra…

    Aldi berean, euskal literatura eta ikasketak modu sakon eta serioagoan landu ziren: José de Manterolaren Cancionero Vasco" (1877-1880) eta Arturo Campiónen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskera (1884)...

    Eszenategi honetan, Aldundiek Euskal Katedrak sortzea erabaki zuten. Lehena Gipuzkoakoa izan zen, 1886.eko ekainaren 7an[3]. Gero etorriko ziren besteak: Bizkaiako Aldundiak, esateko, hiru sortu zituen: probintziako institutuan, maistren Eskola Normalean eta Barakaldoko Arte eta Ofizioen Eskolan.


    Donostian katedraduna

    Donostiako katedra bereganatzeko lehiaketa zabaldu zuten. Katedradunak urteko 1.500 pezeta kobratuko zuen[4].

    Pertsona bakarra aurkeztu zen, Jose Gaspar Oregi Aranburu, eta katedraduna izendatu zuten[5].

    Dakigunetik, katedra lortu ondoren eta 1887-1888 lehen ikastaroari ekin baino lehen, Maria Cristina erreginari euskarazko klaseak ematen dihardu zuen urte hartako udan (1887).

    Jose Gaspar Oregik ez zuen asmatu ikasleak erakartzen: erabiltzen zuen irakasteko metodoa eta irakasten zuen euskara moetagatik (bere lagun Azkueren Bizkaierazko Gramatika erabiltzen zuen) katedrak oso ikasle gutxi izan zituen urteetan zehar.

    Honetaz saminduta, Jose Gasparrek halaxe idatzi zion Azkueri 1891.ean:

    Nire, ai!, Donosti dontsu onetan Euskarak duan baño ikasle geiago ez izatea ezin geiagoraino mingarri bazait ere, zeñi erakutsi daukadan bitartean, gure ikastegi onetako argijariorik onena paregabeko zure Izkinde bikan au izango zaigu.

    Azkenean, eta arrakasta faltarengatik, 1899.ean Gipuzkoako Aldundiak bertan behera utzi zuen.

    Katedra ostekoak

    Gasteizko Gida Eklesiastikoan agertzen denez, 1905.ean Oregi jauna Donostiako Artzain Onaren Elizan aritzen zen.

    1916. urtean A Roma a los pies pontificios de Benedicto XV argitaratu zuen.


    Erreferentziak

    1. [EstekaBilatu Euskal Katedraren lehiaketa eta eragina]. Jose Antonio Arana Martija (Euskera XXXIII 361-378 orr. 1988/07/01).
    2. Mutilen bost heriotz-agiriak badaude, neskenak ez; baina gurasoak hil zireneko olerkia halaxe hasten da: Zazpi añgerucho aurretik eta..., zazpi seme-alaba oso gazte edo ume hil zitzaielako.
    3. Euskal Erria aldizkaria (213. zbk. 1886/06/10).
    4. Ez zen oso soldata altua, Bizkaiako Institutuaren katedradun "arruntek" 3.500 pezera kobratzen zuten eta.
    5. Euskal Erria aldizkaria (1886/09/20).