Soraluze izena (eu)

    Sorapediatik

    Izenaren jatorria

    Ezaguna da Soraluzeri Gaztelako Alfonso XI erregeak hiri-gutuna eman ziola, 1343. urtean hain zuzen. Gainera, nahiz eta hiri-gutun hori galduta egon, aipamen historikoei jarraituz bertan agertzen zen Soraluce lehen aldiz: ...Alfontso Erregeak... herri eta hiribildu bat sortzeko agindu zuen... Soraluze eta Herlabia izeneko landa lurretan[1].

    Izena herriko geografiak eragin zuen, haran estu batean kokatuta dagoela: soro + luze.

    Alfonso XI. erregeak Placencia de Soraluce izena eman bazion ere, ordutik aurrera Placencia izena gailendu zen, hainbat aldaerekin. Soraluze izena oso gutxitan agertu zen, gehienetan historia liburuetan (Alfonso XI.ak hiribildua sortu zuela kontatzen dutenean).

    Mende askoren isiltasunaren ondoren, Soraluze izena XX. mende hasieran berriro agertu zen.


    Ortografiaren bilakaera

    Izena gutxitan agertu bada ere, aldaerak izan ditu ortografia finkatu arte. Batez ere zazpigarren letrak edo grafemak "dantza" egin du, idazlearen arabera c, ç edo z jarriz toki horretan. Hau da:

    S O R A L U (c,ç,z) E

    XX. mendean agertu zenetik izena modu berean idatzi izan da: Soraluze.


    Euskal Onomastikaren Datutegia

    Azterketa hau ontzeko Euskaltzaindiak prestatu zuen Euskal Onomastikaren Datutegia[2] erabili izan da.

    Datutegi horren arabera, Soraluze izena ofiziala izan zen arte (1988) agerpenak hauek izan dira:

    Izena Agerpenak XIV. mendea XV. mendea XVI. mendea XVII-XIX XX. mendea
    Plazencia de Soraluce 4 1397 (3) 1562
    Plazençia de Soraluçe 1 1453
    Soraluze 10 1912, 1934, 1974 (2), 1976, 1978, 1979,1986 (3)


    Erreferentziak

    1. "...el rey don Alonso mandó hazer... otra nueva población y villa... en las tierras llamadas Soraluce y campo de Herlaguia". Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España. Esteban Garibai (Amberes, 1571).
    2. Euskal Onomastikaren Datutegia. Leku izenak. Soraluze. Euskaltzaindia.