Domingo de Zavala (eu)

    Sorapediatik
    Domingo de Zavala y Aranguren
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Ordizia, 1607
    Hil Ordizia, 1657
    Profila Kudeatzailea


    Jaiotza

    Domingo Zavala Aranguren eta Maria Ochoa Aramendiren semea zen. 1607ko apirilaren 2an bataiatu zuten Ordiziako Santa Maria parrokia-elizan.

    Aitaren aldetik, haien arbasoak odolezko kapare edo nobleak ziren, Arangurengo oinetxekoak, Abalzisketan kokatuak; amaren aldetik ere kapareak ziren, Arramendiko etxe eta orubetik etorriak, Ordiziako harresietatik kanpo.

    Osaba bat, Domingo Zavala, Ogasun kontseilaria izan zen.


    Zavala jauregia (Ordizia)

    Familia

    Margarita Arteagarekin ezkondu zen Ordizian (1626/09/06), eta bi urte geroago (1628/08/29) belazio meza[1] egin zieten, Ordizian ere.

    Hamahiru seme-alaba izan zituzten, lehengo hamarrak Ordizian eta azken hirurak Soraluzen: Polonia Margarita (Alonso de Ereñozu kapitainarekin Soraluzen ezkondu zena), Catalina, Juan, Francisca Dorotea, Diego Antonio, Maria Jaçinta, Antonio Ligno, Maria Josepha, Pedro Ygnazio, Juan Antonio, Martin, Francisco Manuel (Baldeibarko arcedianoa) eta Victor Juan Joaquim.


    Ibilbide profesionala

    1626.tik 1633.ra Gipuzkoako komisario nagusi izan zen, eta gerrako jendearen eta haien armategien joan-etorriez arduratu zen.

    1638.an, Tolosako Erret Lantegietako behin-behineko gobernadore izendatu zuten.

    Sei urte geroago, 1644.ko azaroaren 20an, Soraluzeko Erret Lantegietako behin-behineko superintendentea egin zuten. Hurrengo urtean, behin-betiko eman zizkioten gobernua eta superintendentzia.


    Salaketak

    Mendearen erdialdera, paper anonimo batzuk bidali zioten erregeari, superintendentearen jarduketagatik kexu: haren jarduerak kalte egiten ziela errege zerbitzuari eta fabriken eta bere langileen administrazio onari.

    Honen ondorioz, 1656an Felipe IV.ak Gipuzkoako korregidorea zen Lope de los Ríos y Guzmán jaunari zera agindu zion, Soraluzeko Erret Lantegiak bisitatzeko eta, beharbada, salaketak egiaztatzeko.

    Korregidoreak 46 hutsegite topa zituen Zavalaren jardueran. Diru publikoaz jabetu izana leporatzen zion; funts publikoak beste helburu batzuetarako desbideratu izana; arma-probak egiteko erabiltzen zen bolbora partikularrei saltzea; armek arauzko neurriak zituztela ez egiaztatzea; errege-biltegien zati bat bere ohiko etxebizitzara bideratzea, lantegietako ofizialen opariak eta eskupekoak jasotzea...


    Heriotza

    1657.ko otsailak 16an, korrejidorea salaketak biltzen ari zen bitartean, hil egin zen Ordizian.

    Orduan, Diego Antonio seme zaharrena izendatu zuten Soraluzeko Erret Lantegierako superintendentea... nahiz eta aitak honenbeste hutsegite egin izana. Agian, zerikusia izango zuen Francisca Dorotea arreba José de Recalde y Ubilla jaunarekin ezkonduta egoteak, Erret Lantegietako orduko gobernadorea.


    Erreferentziak

    1. Belazio meza ezkontza ostean egiten zen, ezkonberriak bedeinkatzeko. Garestia zenez, aberatsendako bakarrik egiten zuten.