Artegieta inguruko lubakia (eu)
Soraluzeko gerrateko aztarnei dagokienez, Indalecio Ojangurenen argazki hau izango da gehien ikusi duguna. Azkenengoz Isiltasuna hausten liburuan[1] atera zuten, bai azalean zein barrukaldean atal desberdinak bereizteko.
Lubakia nazionalak egindakoa zen. Baina non zegoen? Zertarako egin zuten? Galdera hauei erantzuteko kokalekua, testuingurua eta argazkiak berak esaten diguna azaltzen ahaleginduko gara.
Kokalekua
Sorapedian agertzen den mugarrien mapan hurbilena Artegieta da. Nola adierazi non dagoen? Jolasa proposatzen dizuet; Urrutira ikusten dugun mendilerrotik argazkilaria zegoen aldera begiratzea. Mendilerro hori Mazelaegi da. (Karakatetik Hirukurutzeta aldera doana). Aukera dezagun leku ezagun bat, San Andres (beste edozein izan leike), begiratzen badugu aurrean Krabelinaitz tontor garaiena daukan mendira, ezkerrean Untzeta baserria daukagu, eskuinean dagoen tontorra da Artegieta. Beheraxeago zegoen lubakia. Detaile esanguratsua, argazkian lubakiaren ezker aldera agertzen den tontorraren alde bateko malda Sagar Errekara jeisten da, bestekoa Erlai Errekara. Handik behera zuzen joko bagenu, gutxi gora-behera, zubi nagusira jeitsiko ginateke.
Testuingurua
1936ko Irailaren 22an sartu ziren nazionalak Plazentzian Zeleta aldetik.
Berehala okupatu zuten goian aipatu dugun mendia (Untzeta eta abar).
Eibar eta Elgeta izan ezik Gipuzkoa osoa galdua zuten Errepublikaren aldekoak. Une horretan Plazentziako frontea honela gelditu zen: Herritik Maltzagaraino Deba ibaiaren eskuin aldea eta Igaratetik (Sagar Errekako gurutzea) San Martzial eta mendian gora Krabelinaitzeraino nazionalen esku. Errepublikarrak ordea, Maltzagatik Illordo aldera eta goi samarretik Illordo-gaña, Sagar Errekara jeitsi, Ibarrola azpitik jarraituz Elgeta/Azkonabieta aldetik zetozen lubakiekin bat egin arte. Alde bat eta besteko lubakiak elkarrengandik urruti zeudenez ez zen aktibitate handiko frontea izan. “Golpe de mano” bat edo beste izan zan baina gehienbat mortero eta hegazkinen erasoak izan zituzten. Plazentzian fronteak ez zuen aldaketarik izan 37ko apirilaren 24ra arte; Udala/Memaian (Arrasate/Aramaio) nazionalak hautsi egin zuten eta linea osoa atzeratu behar izan zuten Bizkaian barrena.
Argazkiak dioskuna
Mendi bizkarrean egoteak esaten digu ez zela defentsarako espreski egina baizik eta behatokitarako. Illordotik Topinbururaino aurrean dauka lerro osoa. Gaur egun baso ugari dago baina orduko eta geroko argazkietan mendi gehienak biluzik agertzen dira eta bistan izango zituan beste aldeko lubaki eta gotorlekuak. Zerra irudia hegazkinen aurkako defentsarako zan. Lubakia zuzena izatera ez dago ezkutatzerik hegazkinak alboetatik erosatzen badute.
Bitxikeriak
Indalecio Ojangurenen argazkia lehenago ere azaldu izan da, esateko Ramiro Larrañagaren Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica liburuan. Baina, inprenta akatsez edo, ispiluan bezala atera zitzaien, ezkerrekoa eskuin aldean eta alderantziz.
Erreferentziak
- ↑ Isiltasuna hausten. Soraluze 1936 lan taldea (Soraluzeko Udala 2015).