Sorginen istorioak (eu)

    Sorapediatik

    Mugarriko sorginak

    (N. Gantxegik kontatuta, 1920, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa)

    Izena doon guztie emen da, esaerak dio.

    Mugarri baserriko gizon bat Untzetara joan zen peoi, garia urkultzera. Gauez etxera zetorrela Mugarri txabola ondotik pasatzerakoan sorgin multzo bat ikusi zuen, korroan. Dantzara konbidatu zuten eta sartu egin zen.

    Nekatu zirenean, dantza egiteari utzi zioten. Gero ur freskoa zerbitzen hasi ziren oso polita zen edalontzi batean.

    Bere txanda heltzerakoan, baserritarrak edalontzia hartu egin zuen eta aitaren egin zuen, ohi zuenez, ezpainetara eraman baino lehen. Bapatean sorginak bere begi-bistatik desagertu egin ziren, zelai erdian bakarrik uzten eta edalontzia oraindik eskutan.

    Sorginen edalontzia Mugarri baserrian gordetzen omen da oraindik.


    Sorginak eta bidegurutzeak

    (Arantxa Lasak jasota)

    Sorginak bidegurutzetan agertzeko ohitura dute. Horregatik leku hauek bertan jarritako gurutze batek bedeinkatuta izaten dira.

    Behin N-eko baserriko etxekoandrea N-ra zihoan, mendiz, eta bapatean aurrera ezinean geratu zen, haize gogorra jotzen eta zuhaitz adar artetik txistuka hasi zela, zarata handia egiten.

    Lantze horretan bururatu egin zitzaion sorginak tarteko izan zitezkeela. Jesus! esan eta bapatean desagertu egin ziren haize eta zarata, eta bere bideari ekin zion lasaitasun osoz.