Galipota (eu)
Adi! Artikulu hau oraindik osatu barik dago. Osatzeko informazioa edo materiala baldin badaukazu, animatu eta aurrera!
Kokapena
Galipot-a Santa Ana kaleko goiko aldean dago, antzinako Kalegoeni dakogion zatian hain zuzen. Gaur egun oso estua da, 2-3 metro, eta 45 metrotako luzera dauka.
Hegoaldetik etxeak ditu, Santa Ana kaleko bakoitiak hain zuzen. Gara batean, denak Galipoterako irteera zuten, baina denboraz sarrera batzuk desagertu dira. Iparraldetik Frontoiko aldapa dauka, eta Frontoirako eskilarak ere. Kale bukaeran Santa Anarako pasabide estalia dago.
Galipotek ez dauka etxebizitzarik esleituta, eta ez dago herriko kale-izendegian; hau da, ez dauka ezagupen ofizialik. Hala ere, Santa Anako etxe gehienek bertatik daukate (atzeko) sarrera.
Argazkiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Historia
1343. urtean Alonso Jauna Erregeak Soraluze eta Herlaibiako biztanleak biltzeko agindu zuenean, eta harresiak eraikitzeko, Galipota hiribildu barruan geratu zen. Etxeek atzekaldean duten irteerak kontutan hartuta, bertan ortuak izango ziren, etxe bakoitzak berea.
1666 urtean elizataria egin zenean, ortuen zati handi bat hartu zuten berau eta bertarako eskilarak egiteko. Eta XVIII mendeko bukaeran errebote-frontoi berria egin zenean, frontoira zuzenean joateko eskilarak egin zituzten, Galipot hegoaldean (Labe gain ingurukoak). Azken hauek oraindik mantentzen dira.
Gerora, XX mendean, kalea asfaltatu zutenean (harria jartzea ez zuen merezi eta) jendeak Galipot izena eman zion.
Azkenik, 1959-60 urtetan, frontoiko Eskola Nazionalak eraiki zirenean frontoiko aldapa ere egin zen, horretarako eliz atariaren ertza jaten eta Galipotaren lehen zatia nabarmen estutzen, metro bateko zabalera uzten. Aldi berean parrokiaren berogailu sistema aldapa azpian ezarri zuten.
Santa Ana kaleko zenbaki bakoitiak
Etxe gehienek Galipoterako irteera daukate. Lehen solairua kalea baino altuago dutenez, hiruzpalau harmaila dute:
- 1. zenbakia. Udaletxea. Sasoi batean Galipoterako irteera ez bazuen ere, mende hasieran edo lehenago (hirugarren karlistada inguruan) Bake Epaitegirako sarrera egin zioten. Kalea baino pare bat metro gorago zegoenez, eskilara bikoitza egin zioten. XX mendearen bukaeran eskilara kendu eta atea itxi zuten, bere ordez lehioa jarriz. Atea ixteko erabili zituzten harriak beste nunbaitetik ekarriak dira, inskripzioa dute eta.
- 3. zenbakia. Etxe berria egin zutenean atzeko sarrera mantendu zuten, baina lokal komertzial batentzat bakarrik. Azken urteotan Garmendia ileapaindegia egon da, eta 2016-tik itxirik dago.
- 5. zenbakia. Etxe berria egin zutenean atzeko sarrera itxi zuten.
- 7, 9 eta 11. zenbakiak. Etxe guzti hauek irteera gordetzen dute.
- 13. zenbakia. Azken etxe honek ere irteera gordetzen du. Etxe hau Kalegoeneko azkena da eta, beraz, garai batean harresi sistemaren partea zen. Frontoitik bigarren solairuraino harrizko zubia edo pasabidea dauka, Galipoten gainetik. Noiz eta zertarako eraiki zuten ez da jakiten. Harresien atea? Etxetik frontoirako pasua? Aurreko harresia aprobetxatuko al zuten?
Elizaren aldea
Gorago aipatu den moduan, frontoirako aldapa azpian parrokia berotzeko sistema ezarri zuten. Sarrera Galipotetik dauka.
Galipoten bukaeratik frontoirako eskilarak daude, XVIII mendean eraikitakoak.
Etorkizuna
2016 urtean Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (Plan General de Ordenación Urbana) onartu zen.
Bertan planifikatutakoa gauzatzen bada, Galipoterako irteerak desagertuko dira.