Ambrosio Maria de Aldasoro (eu)
Ambrosio María de Aldasoro y Lasalde | |
---|---|
Jaio | 1784 |
Hil | 1858 |
Profila | Merkataria, politikaria |
Ameriketako urteak
Juan Bautista de Aldasoro Unamuno Aldasoro baserriko jauna zen, diruduna. 1778 urtean herriko alkatea izan zen.
Urte bat lehenago, 1877ko azaroak 1an, Catalina Josefa de Lasalde Maiztegi soraluzetarrarekin ezkondu zen, eta azken honen etxean, Lasaldenekoan[1], jarri ziren bizitzen.
Zortzi seme alaba izan zituzten. Hirugarrena, Ambrosio Maria, 1784ko abenduko 12an jaio zen.
Maiorazgoa ez zenez, aitak Ameriketara bidali zuen, Mexikora (Monterrey), Domingo de Aldasoro osabarengana. Antonio Mariak dirua egin zuen bertan, eta Fernando de Uribe alkatearen alaba zen Teresa de Uribekin ezkondu zen. Monterreyn zeudela bi seme izan zituzten, Jose Ramon (1820) eta Juan.
1823 baino lehen Soraluzera itzuli ziren, diru asko eginda. Soraluzeko orduko parrokoa Ramon Francisco de Aldasoro zen, Ambrosio Mariaren anaia[2].
Herri lanak eta laguntzak
Aberatsa izanik, millarista zen eta, beraz, herriko arazoetan parte hartzeko eskubidea zuen. Askotan zinegoitza izan zen, eta 1827 urtean alkate izendatu zuten.
Plaza Barria eta Plaza Barriko iturria bultzatu zituen. 1830an iturburua aztertzera joan zen batzordean hartu zuen parte, 1831 gainontzeko zinegoitzak konbentzitu zituen lanak hasteko, 1831 bertan lanak gainbegiratu zituen bertatik bertara eta, dirua falta zenean, aurreratu zion Udalari lanak ez gelditzearren.
Honetaz gain frontoia eta Labaderoa ere egiteko dirua aurreratu zuen.
1834 ekainak 30an ufalak zubi nagusiko bi arku apurtu zuenean, berau berreraikitzeko dirua aurreratu zuen. Gogoratu behar da garai hartan lehen karlistada (1833-1839) hasi berria zela, eta herria gainjota zegoela.
Handik gutxira Rodil jeneral liberalak Soraluzeri 200.000 erreal kuartoko[3] isuna jarri zion, eta hiru soraluzetar bahitu zituen isuna ordaindu arte. Orduan ere Ramon Maria de Aldasorok 100.000 erreal kuarto jarri zituen.
Irudiak
(Handitzeko sakatu)
Politikaria
Politikan ere sartu zen. Herriko zinegotzi eta alkate (1827) izateaz gain, hurrengo urteetan karlista aldekoa egin zen.
1831 urtean Jose Manuel de Bustinduy armagile soraluzetarra orduko Gobernuaren kontra oldartu zen eta, menderatu zutenean, Frantzia aldera ihes egin zuen Ambrosio Maria de Aldasorok lagunduta. Bilboko Erret Epaileak 200 dukateko isuna jarri zion Ambrosio Mariari.
Lehen karlistadan (1833-1839), karlista aldekoa izanik, Baionara ihes egin zuen (1834) eta ez zen bueltatu gerra amaitu artean. Baionan zela V. Cluzeau moldiztegiak txosten txukuna sortu zuen, Plaza Barriko iturriaren lanak zehatz-mehatz jasotzen dituela[4]. Segururena Ambrosio Mariak eskatuta.
Herrira itzuli zenean berriro aukeratu zuten alkate (1846). Gipuzkoako fori diputatua ere izan zen.
1858 urtean Soraluzen hil zen, 74 urte zituela.
Ondorengoak
Bi seme izan zituen: Jose Ramon (1820) eta Juan.
Jose Ramon de Aldasoro herriko parrokoa izan zen, familiaren ildoari jarraituz: aurreko parrokoa Ramon Francisco de Aldasoro bere osaba izan zen, eta honen aurrekoa bere osaba José de Lasalde.
Juan de Aldasoro, berriz, mediku karrera egin eta Madrila joan zen. Hala ere, Soraluzen armagile negozioa eratu zuen, eta 1860-1861 urteetan ika-mika garratzak izan zituen Jose Ignacio Ibarra armagilearekin.
Eta iloba bat izan zuen, Josefa Micaela Maiztegi Aldasoro, Dama Mikaela izenez ezagutua, beste ongile batzuekin batera herriko Babes-etxea egiteko dirua eman zuena.
Erreferentziak
- ↑ Gaur egun Etxaburueta 2.
- ↑ Aurreko parrokoa José de Lasalde osaba izan zen, eta hurrengoa Jose Ramón de Aldasoro semea.
- ↑ Reales de vellón.
- ↑ Una fuente, una plaza. Ramiro Larrañaga eta Javier Elorza (Soraluzeko jaiak 1981)