1513.eko orube esleipena (eu)
Herriko biztanle kopurua handitzeko asmoz, 1513. urtean Soraluzeko Udalak orubeak doan ematea erabaki zuen, etxea jasotzeko interesdunak auzokide edo auzokideen seme baziren.
Erabaki hau Udal irekian onartu zen, urtarrilak 9an. Egun hartan herriko auzokideen[1] erdia baino gehiago bildu zen, Pedro Sanchez de Yturbe alkatea, Sancho Yvannes de Arechaga sindiko prokuradorea eta Andrés de Yrure eskribauaz gain.
Esparruak eta orubeak
Agiri zaharren arabera, Udalak bi esparru eskaini zituen, biak udal lurrak izanda: Herlaibian bat (gaur eguneko Atxuri eta Errekalde ingurua) eta Gabolatsen. Biak errege bidea eta Deba ibaiaren artean zeuden.
Agirietan beste bi lekuizen ere aipatzen dira, Canteraeta (bi aldiz, Herlaibian dago) eta Aysandiaga (behin bakarrik; kokapena ezezaguna da, baina Gabolatsen egon zitekeen).
Emateko orubeak elkarren ondoan egongo ziren, eta sarrera errege bidetik izango zuten.
Ordenantza
Esleipen prozedura
Hasteko, interesdunak eskribau batengana jo behar zuen, eta eskaera errejistratu; bertan orubearen kokapena eta etxearen neurriak jaso behar ziren.
Ostean, alkateak bi aditu izendatuko zituen, eta lekukoen aurrean zina hartu. Aditu hauek, harginak gehienetan, interesdunak ordaintzen zituen. Bere lana etxe berriak beste inoren ondasunari kalte egingo liokeen aztertzea zen, eta orubearen mugak ezarri.
Orubean inoren zuhaitzak baleude, jabe berriak mozteko eskubidea zuen... baina ordaindu behar zion jabeari. Prezioa bi lagunek jarriko zuten, bata jabe berriak jarrita eta bestea zuhaitzen jabeak. Desadostasunik bakego, alkateak izendatuko zuen hirugarren epailea.
Jabe berriak bost urte zituen zimenduak botatzeko, horretan bi mila marabedi baino gehiago ordainduta. Bestela Udala egingo zen orubearen jabea.
Eta teilatua egin artean jabe berriak ezin zuen esparrua erabili orturako, edo erein, edo zuhaitzak sartu, edo… Behin teilatua emanda, etxea jabearena izango zen, baina ezingo zuen saldu, baizik eta testamentuan utzi seme-alabeei edo anai-arrebei. Bestela Udala egingo zen etxearen jabea.
Eraikuntzaren baldintzak
Etxeak, jabeak nahi zituen zabalera eta altuera izan zitzakeen. Eta etorkizunean, edozein momentuan etxea jasotzeko eskubidea zuten.
Orubearen goikaldean errege bidea zegoen, eta bertan etxeko atea; behekaldean Deba ibaia, eta harako irteera ere bazen. Albo banatan, berriz, eraikitzeko beste orubeak zeudenez, ezin zen ate edo lehiorik zabaldu. Aurretik[2] ez bazeuden ere, bideak ere ezin ziren egin.
Bi orube arteko hormak erdibana egin behar ziren. Eta orube baten jabeak bere etxea eginda baleuko, aldameneko orubean beste etxea egiterakoan tarteko horma aprobetxa zitekeen, baina ordainduta. Bi jabeek izendatutako bi adituk (harginak edota arotzak) hitzartuko zuten prezioa, eta ados jarri ezean, hirugarren aditu baten jarriko zuen.
Orubeak eskatu zituztenak
Esleipen datak
Hamasei orube esleitu ziren, denak 1513. urtean:
- Urtarrilak 9. Bi orube, Herlaibian.
- Urtarrilak 11. Orube bat, Herlaibian.
- Urtarrilak 14. Bost orube, lau Herlaibian eta beste bat Gabolatsen.
- Abuztuak 24. Zortzi orube, bost Herlaibian, beste bi Gabolatsen eta bat Aysandiagan.
Hamazazpi interesdunak
Hamasei gizonek eta andra bakarrak agertu zuten orubea eskuratzeko interesa:
- Juan de Ariçaga (Juan de Arechaga ere). Kinkilaria[3]. Izen bereko semearekin batera eskatu zuen orubea.
- Juan de Ariçaga (semea). Izen bereko semearekin batera eskatu zuen orubea.
- Pedro de Ariçaga (Pedro de Arechaga ere). Kinkilaria.
- Martin de Churruca.
- Pedro de Erlaegui "zaharra". Pedro d’Erlaegui "gaztea" (bere semea, seguru asko) lekukoa izan zen.
- Juan Garçia de Yribe
- Juan de Hondarça. Lekukoa ere ian zen.
- Martin de Liçarralde. Sastakai egilea[4].
- Maria Lopes de Yrigoen alarguna.
- Juan Martines de Churruca. Errementaria.
- Juan de Olany.
- Juan Peres d’Esquiaga.
- Pero Peres de Yraola.
- Juan Peres de Yribe. Lekukoa ere izan zen.
- Pero Peres de Yturbe. Alkatearen semea, lekukoa ere izan zen.
- Andres de Yrure. Eskribaua. Udal hitzarmenaz gain, 12 esleipen jaso eta sinatu zuen.
- Hieronimo de Yrure. Batxilerra.
- Martin Yvannes de Yrure. Eskribaua. 4 esleipen jaso eta sinatu zuen.
Kapareak menditik kalera
1513. urtean hainbat kaparek orube esleipena aprobetxatu zuten menditik kalerako bidea egiteko: Aritzaga (Juan, Juan semea eta Pedro), Txurruka (Juan, Martin), Erlei (Pedro), Iraola (Pero), Iribe (Juan), Irigoin (Maria), Irure (Andres, Hieronimo, Martin) eta Iturbe (Pero).
Ez dago jakiterik hamairuak kaleratuko zirenik, edo inor kalean jaio zenik. Beste aldetik, eliz artxiboak askoz beranduago ezarri zirenez, menditik jaitsi zirenen artean ezin jakin maiorazkoak zenbat ziren (baserria maizterrei lagata) eta bigarren, hirugaren… semeak.
Bitxikeriak
Gizonen lanbide gutxi batzuk erregistratu zituzten: sastakai egilea, hargina, errementaria, bi kinkilari, batxilerra eta bi eskribau.
Armagile bat (eta bakarra) agertzen da, eta berau arma zurien egilea: Martín de Liçarralde sastakai egilea.
Lanbidea aipatzen den zortzi lagunetatik bi kinkilari ziren, eta biak Ariçaga familiakoak. Aipatzekoa da ere Ariçaga eta Arechaga aldareak[5] bi pertsonekin gertatzea, Juan eta Pedro.
Bi eskribau ziren herrian, eta biek eskatu zuten etxea egiteko orubea, egun berean gainera: abuztuak 24an. Bakoitzaren eskaera besteak errejistratu zuen.
Aztertutako esleipenez gain, seguru asko gehiago ere bazirela. Transkribapena 391. orrian (atzekaldea) bukatzen da, Egun horretan bertan[6] esaldiarekin, eta 392. orriko aurrekaldea falta da.
Beste parte hartzaileak
Udalekoak
Pero Sanchez de Yturbe (Pero Sanches ere), alkatea. Inoiz lekuko gisa ere agertzen da. Pero Peres de Yturbe semeak orubea eskatu zuen, eta lekuko gisa agertzen da.
Sancho Yvannes de Arechaga, sindiko-prokuradorea
Eskribauak
Andres de Yrure. Udal hitzarmenaz gain, 12 esleipen jaso eta sinatu zuen, horietako bat Martin Yvannes de Yrure beste eskribauarena. Berak ere orube bat eskatu zuen.
Martin Yvannes de Yrure. 4 esleipen jaso eta sinatu zuen, horietako bat Andres de Yrure beste eskribauarena. Berak ere orube bat eskatu zuen.
Aztertzaileak
Behin orube bat eskatuta, alkateak aztertzaile bat edo bi izendatzen zituen, orubea aztertu ondoren mugak zehazten zituztenak.
- Pedro de Bagoscoytia "gaztea".
- Martín de Ynsausti, aztertzailea.
- Juan Garçía de Yribe, hargina.
Lekukoak
Aztertzaileei zina hartzerakoan, hainbat lagun lekuko gisa agertu zen, horierako batzuk orube eskatzaileak:
- Martin de Acondia.
- Martín de Cutuneguieta.
- Pero de Eyçaguirre.
- Pedro d’Erlaegui "gaztea". Pedro de Erlaegui "zaharra" izeneko batek (bere aita seguru asko) orubea eskatu zuen.
- Antón de Esquiaga.
- Juan Garçia de Arreguia.
- Juan Garçia de Yribe.
- Juan de Hondarça. Orubea eskatu zuen.
- Pero Martines de Yraolaveytia.
- Juan Peres de Yribe. Orubea eskatu zuen.
- Juan Peres de Yrure.
- Pero Peres de Yturbe. Alkatearen semea, orubea eskatu zuen.
- Pero Urtís de Eyçaguirre.
- Juan Ybanes de Loyola.
- Ochoa de Yrure.
- Juan de Yturbe.
Lekukak "pisu handikoak" izanik, abizenek orduko kapare zaharrak (eta, bide batez, herriko familia aberatsak) zeintzuk ziren adierazten dute.
Abizen batzuk ez zuten asko iraun herrian: Acondia, Cutuneguieta, Esquiaga, Hondarça. Baina hurrengo mendeetan gehienak aurreko postuetan agertu ziren behin eta berriz: Arregia, Izagire (Eyçaguirre), Erlei (Erlaegi), Iraolabeitia (Yraolaveytia), Iribe (Yribe), Irure (Yrure), Iturbe (Yturbe) eta Loiola (Loyola).
Aipatuak
Honetaz gain, badira lagun batzuk agirietan aipatzen direnak, nahiz eta partaide zuzenak ez izan:
- Juan de Mondragon. Etxe jabea[7] Herlaibian.
- Pero Urtís d’Eyçaguirre. Larru saltzailea[8] eta sagasti baten jabea Herlaibian.
- Domingo de Loyola. Orube baten jabea Gabolatsen.
- Lopiça de Yrigoen. Orube baten jabea Gabolatsen. Agian Maria Lopes de Yrigoen orube eskatzailea izan zitekeen, baina ez du ematen.
Iturriak
Orube esleipena aztertzeko Archivos municipales de Eibar (1409-1520) y de Soraluze/ Placencia de las Armas (1481-1520) liburua erabili da.
Bertan (99-104 orrialdeak) 1513/01/09ko ordenantzaren transkribapena jasotzen da, Javier Elorza egileak egina.
Jatorrizko agiria Soraluzeko Udal Artxiboan gordetzen da, "Udalaren pribilejioen liburua (1481-1618)" agiri bilduman; 389. orritik (aurrekaldea) 392. orrira (aurrekaldea) hain zuzen.
Agiriaren transkribapena irakurtzeko, sakatu hemen.
Erreferentziak
- Archivos municipales de Eibar (1409-1520) y de Soraluze/ Placencia de las Armas (1481-1520). Javier Elorza Maiztegi (Eusko Ikaskuntza 2001).
- ↑ Auzokide, etxe edo su bakoitzetik bat eta bakarra, familiburua.
- ↑ Aspalditik, de tienpo ynmemorial.
- ↑ Buhón, buhonero.
- ↑ Puñalero.
- ↑ Bata erdialdeko euskarak erabiltzen duena, Aritzaga, eta bigarrena mendebaldekoak, Aretxaga.
- ↑ Jatorrizkoan, "Ese mismo día".
- ↑ Behin etxe moduan aipatua, eta gero etxetxua: jatorrizkoan, la casilla de Juan de Mondragon.
- ↑ Peligero.