Historia. Hiribilduaren sorrera (eu)
- Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
- Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
XIII. mendeko krisia XIV. mendeko bigarren laurdenean bukatu zen. Orduan, Markinako lurraldeko biztanleek hainbat hiribildu sortu arazi zituzten jauntxoen hatzaparretatik ihes egiteko. Horietako bat Soraluze izan zen.
1343. urtean, Algeciraseko setioan ari zela, Alfonso XI.ak hiri gutuna eman zion, Soraluze herrixkan eta Herlaibia larretan bizi zirenak biltzeko, eta Placencia de Soraluce sortzeko, bere harresi, dorre eta eliza berriarekin. Barne antolaketa arautzeko Logroñoko forua eman zion.
Aurretik, Markinako lurraldea
Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Aurreko urteetako egoera
Soraluzeko biztanleak
XIV. mende hasieran, biztanle gehienak Soraluzeko herrixkan biltzen ziren, Deba ibaiaren eskumako ertzean eta Ibaizabal ibiaren ondoan. Biztanle hauek aurreko mendeetan jaitsi ziren Ezoziako herrixkatik ibai ondora.
Beste gune bat Herlaibia zen, hau ere ibi baten inguruan sortutakoa, Erlei errekaren ibia hain zuzen. Soraluze baino txikiagoa zen, eta biztanleak Soraluzekoak baino sakabanatuagoak bizi ziren. Deba ibaiarik gora Osintxuko herrixka zegoen, hau ere beste ibi baten inguruan sortua.
Azkenik, mendietako bordetan bizi zirenak zeuden. Abeltzaintzan aritzen ziren, batez ere behiak eta txerriak hazten zituzten. Gaur eguneko Eibar eta Elgoibar udalerrietan ere jendea antzera bizi zen, bordetan sakabanatuak.
Lehenengo udalak
Placencia de Soralucek hiri gutuna jaso baino lau urte lehenago (1339) Soraluzeko herrixkak bazuen alkatea, Pedro Ruyz de Aguirre izenekoa.
Ordurako soraluzetarrek elkarrekin bildu ziren estutzen zituzten arazoak konpontzeko asmoz, batez ere jauntxoen bortizkeria. Eta bide honetan hiribildua bilakatzea ezinbestekoa zen. Modu honetan legea (eta erregea) alde izateaz gain, gainontzeko hiribilduen laguntza ere lortuko zuten.
Jauntxoak eta leinuak
Soraluzeko elizari monastegia esaten zioten, apezpikuak ez zituelako errentak kontrolatzen. Elizaren patroia Gaztelako erregea zen[1]. Baina 1267. urtean Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak Elgoibarko Olaso etxeko jauna zen Lopez de Ganboaren eskuetan laga zuen patronatua. Eta Lopez de Ganboa hiltzerakoan, oinordekoek jaso zuten patronatoa.
Honek esan nahi du olasotarrak Soraluzeko jauntxoak zirela, zeharka bada ere: Soraluzeko nekazari eta abeltzain guzti guztiek ordaindutako “hamarrena” beraiek jasotzen zuten eta.
Baina Soraluzeko jauntxoak izanagatik, ez ziren herrian bizi izaten, Elgoibarren baizik. Olasotarrez gain, inguruan beste ganboatarrak baziren: Balda (Azkoitia), Jaolaza (Elgeta)... Baina oinaztarrak ere: Irure (Soraluze), Unzueta (Azitain), Ozaeta (Bergara), Gabiria (Bergara)...
Iruretarrek bi bide nagusiak kontrolatzen zituzten Soraluzen: Bizkaiatik Gipuzkoarakoa Iruren bertan, eta Arabatik Debarakoa Atxuri parean. Honetaz gain, Arregitarrek zein Espillatarrek ere azken bide hau "zaintzen" zuten, beraien dorretxeak bideondoan eraikita.
Leinu borrokak sortu zirenean, bi leinuek gogo bizia izan zuten hiribildu berrietan eragina izaten. Soraluzen, jauntxoak ganboatarrak izanik, oinaztarrak saiatu ziren elizaren "hamarrenak" kentzen, eta haietako bat hiribilduan bertan sartzen.
Markinako lurraldeko hiribildu berriak
XIV. mendeko krisia pasata, Gaztelako erregeak berriro ekin zioten hiribilduak sortzeari. Eta hurrengoak Markina ingurukoak izan ziren. Arrazoia, probintzien arteko muga izanik, bertako jauntxoek alde batetik bestera pasatzen zirela lapurretak egiteko. Bertakoen bizilagunen kalterako izateaz gain, Arabako lautadatik itsasorako bideari ere eragiten zion, merkataritza oztopatuz.
Horregatik, 1335. urtean hasi ziren inguruko herrixkei hiri gutunak ematen eta, garrantzitsua zena, jauntxoen azpitik askatzen erregearen menpera ekartzeko. Lehena Elgeta izan zen (1335 "...Maiako larretan egiten ari den herri berrian, Bizkaiarekin muga egiten duena eta Elgeta izendatzen duguna..."[2]); eta Monreal de Deva gero[3] (1343).
Urte hartan bertan Markinako merindadekoak etorri ziren, beti aurretik zeuden herrixkak aprobetxatuz: Placencia de Soraluce lehenik (1343), eta hiru urte geroago (1346) Villamayor de Marquina (Elgoibar) eta Villanueva de San Andres (Eibar).
Azkenik, Tello Gaztelakoak (Pedro I.ren erregearen anaiordea eta ezkontzaz Bizkaiko Jauna) Markina bera sortu zuten (1355) geratzen zen barrutian. Izena, lurraldearena eman zioten. Eta hurrengo urtean Elorrio hiribilduari eman zioten hiri gutuna (1356).
Soraluzeren sorrera
Iturriak
Soraluzeren sorrerari buruzko xehetasunak jakiteko ez dago iturri zuzenik. Alfonso XI. erregeak emandako hiri gutuna aspaldi desagertu zen, segururena Eibarko bonbardaketan (1937. urtean). 1936. urtean Policarpo Larrañagak Soraluzeko Udal Artxibotik hainbat agiri eroan omen zituen Eibarko bere etxera, Soraluzeko historia ikertzeko asmoz. Gerra sortu zenean, ezin izan zuen agiriak bueltatu eta, 1937.eko apirileko bonbardaketan etxea erre zenean, eroandako agiriak ere erre ziren.
Esteban de Garibai arrasatearrak, berriz, 1571. urtean Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España argitaratu zituen, eta bertan aipatzen du Soraluzeren sorrera.
Elgoibar sortu zuteneko hiri gutuna (1376), berriz, oraindik gordetzen da, eta Garibairen aipamena ere. Eibarko hiri gutuna, berriz, aspaldi galdu zen; Soraluzeren kasuan moduan, Garibairen Compendio historialera jo behar da ezer jakiteko.
Iturri hauek alderatzen eta estrapolatzen, Soraluzeren sorreraren ideia argia osatu dezakegu.
Algeciraseko setioa
1341. urtean Gaztelako Alfonso XI.ak al-Ŷazīra al-Jaḍrā setioa[4] prestatzen hasi zen. Alfontso XI.aren poemak gero jasoko zuenez:
- El alcaçar muy rreal, fermoso commo rrobi,
- Torres de canto e de cal, las mejores que yo bi,
- Anartes con sus saetas, almenas bien apostadas,
- Muy peligrosas barreras, cartauas muy bien labradas,
- Dos billas son de grand brio, e están en tierra fiel
- Por entre couas un rrio, que llaman rrio de la Miel.
1342. urtean setioa hasi zen, soldadu asko bilduz. Gaztelarrez gain, aragoiarrak, portugaldarrak eta Genovakoak. Geztelarrekin batera gipuzkoarrak ere baziren, Beltran Velez de Guevara y Haro (Oñatiko kondea) ganboatarraren aginpean. Eta bi urte geroago Algeciras hartzea lortu zuten (1344).
Placencia de Soraluceren hiri gutuna
1343. urteko urriak 15ean Alfontso XI. erregeak Placencia de Soraluce sortzeko hiri gutuna eman zuen. Esteban de Garibairen esanetan:
- Setio horretan (Algecirasekoa), Alfontso Erregeak Gipuzkoako probintzian beste herri eta hiribildu bat sortzeko agindu zuen, Deba ibaiaren ertzean, Soraluze eta Herlabia izeneko landa lurretan, eta agindu zuen Soraluzen bizi ziren Markinako gizonek eta Herlabiako soroetan bizi zirenek egin zezatela Placencia izeneko herri eta hiribildu hori.
- Bere mugak eta Logroñoko hiriaren forua eman zizkion, 1381. urteko urriak 15ean Algeciraseko errege kanpamenduan, Kristo jaio osteko 43.ean, igorritako agindu baten bidez, Sancho Mugarra bere idazkariaren aurrean eta Gipuzkoako Merino Nagusia Beltran Velez de Gebara izanaz, probintzia bereko jendearekin setio luze honetan Alfontso Erregea lagunduz ari zena.
- Azken honek zera agindu zuen, hiribildu hori hesitu eta dorreak egin, eta Eliza jaso, eta Elgoibar eta Mendaroraino Markina esaten zitzaiola.
Sortzeko arrazoiak
Batzuen arabera, gipuzkoarren artean soraluzetarrak ere baziren. Eta azken hauek erakutsitako adorea saritzeko erregeak hiribildua sortzeko hiri gutuna eman zien… baina, elezahar hau egia izan ala ez, baziren beste arrazoi asko tartean.
Alde batetik, hogei urteko epean sei hiribildu sortu ziren oso esparru txikian: Elgeta (1335), Soraluze (1343), Elgoibar (1346) eta Eibar (1346) Gipuzkoan, Markina (1355) eta Elorrio (1356) Bizkaian. Honek erakusten du eskualdea egituratzeko asmoa bazela.
Honetaz gain, Elgoibarren hiri gutunean eta Eibarri buruzko Garibairen aipamenean agertzen denez hiri gutunak biztanleek hala eskatuta eman ziren. Eta hiru hiri gutunetan agintzen da hiribilduak hesitzeko eta dorreak jasotzeko. Eskaera hauek salbuespenak dira gainontzeko hiri gutunetan. Hemendik ulertzen da Soraluze, Elgoibar eta Eibarko biztanleek hiribilduak eskatu zituztela jauntxoengandik babesteko asmoz.
Azkenik, Soraluzeren kasuan behintzat, hiri gutunak eliza berria jasotzeko agintzen du, nahiz eta Santa Maria monastegia aurretik izan. Azken hau olasotarrena zenez (ganboatarrak), eliza berria egingo balitz "hamarrenik" gabe geratuko ziren. Eta Vita Ignatii Loiolae liburuan agertzen denez, "Alonso Jauna Erregeak Juan Perez eta Gil Lopez-en anaia oinordetzaz, herritik gertuko jabegoez eta herri barneko lurrez saritu zuen". Juan Perez eta Gil Lopez anaiak ziren, Oinaz etxekoak[5]. Hau denak oinaztarren trikimaikuren bat egon zitekela azpian adierazten du, hiribildu berrian ganboatarren indarra ahultzeko.
Soraluzeko forua
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Barrualdeko hiribildu askoren moduan, Alfontso XI. erregeak Logroñoko forua[6] eman zion Soraluzeri.
Foru honek hirubilduko biztanleen eskubideak eta betebeharrak zehazten zituen, jauntxoen nahikerietatik askatuz. Bertan argi asko jasotzen zenez: ...bertan bizi nahi dutenei legea eta forua ematea, menpekotasunaren zapalkuntza astunaren azpian egon gabe bizi ahal izateko.
Eta ostean, hiribilduaren lehen urteak
Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Erreferentziak
- La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
- La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
- ↑ Hortik izena: Santa Maria la Real.
- ↑ “…en la puebla nueva que se face en los campos de Maya, a la cual puebla ponemos nombre Elgueta, que es frontera de Vizcaya…”
- ↑ Hiribildu berria sortu baino, Monreal de Iciar zena (1296) mendialdetik itsasertzera lekualdatu zuten.
- ↑ Sitio de Algeciras (1342-1344). Wikipedia (gazteleraz).
- ↑ Hau omen da Soraluzeko Loiola etxearen jatorria.
- ↑ Forua. Arautegia edota legea.