Historia. Erromatarren garaia (eu)

    Sorapediatik

    Urte askotan pentsatu izan da erromatarrak ez zirela asko sartu itsas aldeko Euskal Herrian (saltus vasconum = euskal basoa). Baina XX mendeko ikerketek eragina ez zela hain txikia frogatu dute.

    Inolako duda barik, gaur egunean esan dezakegu Soraluzen ere egon, egon zirela.


    Erromatar aztarnak. Kortazarreko kokalekua

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
    Aranzadikoak lanean (Antxoka Martinez 2016)

    2016 urte bukaeran Aranzadiko teknikoek Kortatzarreko haitzen (Karakate) inguruan erromatar gudarosteak eraikitako defensa lerroaren aztarnak topa zituzten[1], Gipuzkoan agertu den lehena.

    Kanpamendua aldapan dago. Tontorrean kanpamendua eraiki zuten, eta aldaparen erdian defentsa lerroa; horretarako fossa edo lubakia zulatu eta ateratako lurra goiko aldean pilatu zuten, aggeri edo lubeta bat antolatuz[2]. Lurrezko hesi hartan enborrak sartu zituzten, bizpahiru metrotako vallum edo egurrezko hesia altzatuz. Honen gainean verma izeneko pasabidea zegoen, zaindarientzat.

    Hesi honen erdialdean atea zegoen. Eta ateburuan, kanpamendu barruan, antzeko beste hesia altzatu zuten, atea babesteko asmoz. Kanpamenduko alboek zein atzekaldeek ez ziren hesituta: Arkotxa Martinezen esanetan, "(erromatarrek) ez zuten hesirik behar, beraientzako garrantzitsuena etsaia begi bistan izatea zen, modu honetan... lehen bailehen berun-jaurtigaiak habailaz jaurtitzeko".

    Arkeologoaren iritziz, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen eta erromatarren artean, orain arte uste izan denaren aurka. Aurkikuntza honek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuen, hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik omen datorrela.


    Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako galtzada

    Erromatar aztarnak. Veleia-Astigarribia galtzada

    Erromatarren garaian Iruña-Veleia[3] zen Arabako hiri garrantzitsuena, eta Deba ondoko Astigarribian edo Mutrikun[4] bertan Tritium Tiboricum[5] izeneko portua zegoen.

    Bion arteko galtzada Deba bailaratik zetorren, ibaiaren ezkerraldetik. Soraluzera heltzerakoan, Ibaizabal ibitik beste aldera pasatzen zen, gaur eguneko zubi nagusia dagoen inguruan. Hortik aurrera Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera heltzen zen, eta handik itsasoruntz.

    Mende batzuk geroago, erromatar galtzadak Deba ibaia zeharkatzen zuen Ibaizabal ibi inguruan Soraluze herrixka sortu zen. Erromatarren bide nagusi hau erabili izan da XVIII mendearen bukaera arte, Maltzagako sakonuneko bideak eraiki arte.


    Averiguaciones de las antiguedades de Cantabria

    ...eta erromatar kontuak

    2016 urtean Kortazarreko Haitzan egindako aurkikuntzek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuten, baina badira beste batzuk oraindik demostratu gabekoak. Berpizkunde garaian Erroma eta erromatarrak modan jarri ziren, eta haiekin lotzeko arrastoen bila jarri ziren pertsonak zein herriak. XVII eta XVIII mendeko historialariek beste hiru aldiz, gutxienez, lotu zuten Soraluze erromatarrekin.

    Gabriel de Henaok, Averigvaciones de las antigvedades de Cantabria liburuan (1689) bi aipamen jaso zituen.

    Lehena Esteban de Garibai arrasatearrak idatzia: erromatarren garaian Extremadurako Ambraciatarrek Gipuzkoako Placencia sortu omen zuten; eta mila urte geroago, Ambracia desegin zenean soraluzetarrak Extremadurara itzuli ziren Ambracia bersortzera, Plasencia izena jarri ziotela. Bigarren aipamena, berriz, Iosef Pellizer-ena da, Tritium Tiboricum Gipuzkoako Soraluzen zegoela idatzi zuela.

    Azkenik, La Cantabria vindicada (1779) liburuan, Joseph Hippolito de Ozaetak Egotza baserriaren aipamena egiten du, Egossa eta Egoza erromatarrek erabilitako izenak zirela esaterakoan. Gogoratu behar da Egotza oso kokapen egokia duela Deba bailara zelatatzeko.


    Erreferentziak

    1. Karakate mendia. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
    2. Lurreko hesia, mendoitza edota ezponda moduan ere ezagutua.
    3. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
    4. Mutriku izena Tritium Tiboricum-etik omen dator.
    5. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)